Altzariak etxez etxe jasotzeko whatsapp zenbakia aktibatu du Emausek

Itziar Larrañaga Sarasola 2023ko urt. 5a, 12:42

Bigarren bizitza izan dezaketen egoera oneko altzariak jasotzeko doako zenbakia jarri du martxan Emaus Gipuzkoak: 656 789 569. Zerbitzu berriaren bidez, hitzorduen kudeaketa "hobetu" eta zerbitzua "arintzea" dute helburu.

2022an zehar, Emausek 184 etxez etxeko bilketa egin ditu eskualdean, eta bigarren bizitza bat ematea lortu du bildutako 17.000 kg-etatik 13.000 kg-ri, zabortegi batean amaitzea saihestuz. Jasotakoen artean daude, hala nola, altzariak, sofak, oheak edota etxetresna elektrikoak.

Aktibatu berri duten zerbitzuaren funtzionamendua oso erraza dela azpimarratu du Emauseko Silvia Lozak, berrikuntzako teknikaria eta arloko arduraduna: "Interesa duten pertsonek edozein unetan idatz dezakete zenbaki honetara (656 789 569), eskaera, jaso beharreko objektuak eta datu pertsonalak adieraziz. Emaus Gipuzkoatik ahalik eta lasterren jarriko dira harremanetan pertsona horiekin bilketa eguna eta ordua zehazteko". Halaber, gogorarazi du, zerbitzua doakoa dela merkaturatu daitezkeen altzari eta etxetresna elektrikoetarako. Gainerako kasuetan, aurrekontu bat ematen dute zerbitzua eskatzen duenarentzat, "inolako konpromisorik gabe".

Behin bilketa egin denean, altzariak Arrasateko Ekocenter-era eramaten dira, eta bertan salgai jartzen dira egoera onean daudenak. Konponketa behar duten altzariak zuzenean Emausen arotzeriako tailerrera eramaten dira, prest jartzeko eta ondoren salgai jartzeko. 

Debagoieneko harremanetarako bide berri hau lehendik daudenei gehitu behar zaie, hala nola bilketen zenbaki-orokorraren bidez emandako arreta, 943 630 999, edo aurrez aurreko arretaren bidez emandako arreta Arrasateko Musakola auzoan (Bidekurtzeta kalea, 2), astelehenetik ostegunera 10:00etatik 20:00etara.

Ekonomia zirkularra eta enplegua

Altzariak berrerabiltzea ingurumenerako zein gizarterako onuragarria dela azpimarratu du Lozak: "Tamaina handiko hondakinak gaika biltzeak eta ondoren berrerabiltzeak ekonomia zirkularrari eta ingurumenean sortzen diren eraginak murrizteari laguntzen dio, bai eta kalitatezko enplegua sortzen ere gizarte-bazterketa arrisku egoeran dauden pertsonentzat". Izan ere, jarduera honen bidez, Emaus Gipuzkoak hamar pertsona baino gehiago enplegatzen ditu Arrasaten. Bazterketa-arriskuan dauden pertsonak hiru urtez egoten dira Emausen lanean, eta alboan izaten dituzte langile espezializatuak, lan-merkatu normalizatura iristeko bidean laguntzeko eta ahalduntzeko. 

Datuei erreparatuz, honako informazioa eman du Emausek: "Bigarren eskuko sofa bat erosita, 90,14 kg CO2 ez isurtzea eta 50.293 litro ur aurreztea lortzen da. Hori, egun batean 4.579 zuhaitzek xurgatutako CO2aren eta 10 minutuko 251 dutxetan erabilitako ur litro kopuruaren baliokidea da. Gainera, bigarren eskuko sofa batek 1,52 lanegun eta 58,64€ gizartera itzultzea adierazten du, zerga eta gizarte-segurantza gisa".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak