Goikoleak egungo bertsoen "bestelako joskera bat" nabarmendu du

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2022ko abe. 19a, 15:52

Amets Arzallusekin aritu zen buruz burukoan Lujanbio, eta Patxi Goikolea bertsozale arrasatearrak uste du aurretik eginiko ariketek ahalbideratu zutela txapela berak eramatea.

Maialen Lujanbiok irabazi du hirugarren aldiz Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Atzo jokatu zen finala Iruñean, eta Amets Arzallusekin batera aritu zen buruz burukoan, 2009an eta 2013an egin bezala.

Hurrenez hurren, Aitor Mendiluzek eskuratu zuen hirugarren postua, eta atzetik izan zituen Sustrai Colina, Alaia Martin, Beñat Gaztelumendi, Nerea Ibarzabal eta Joanes Illarregi bertsolariak. 

Patxi Goikolea bertsozale arrasatearra ez zen Nafarroa Arenan izan, baina etxetik fin jarraitu zuen bertso txapelketa, handik "patxada handiagoz" gozatu daitekeela nabarmenduta. Eta azken ariketetan jarri du arreta: "Buruz burukoan baliteke berdin samar ibiltzea, baina aurretik Maialenek bentaja pixka bat izan zuen".

Gaien eraldaketa

Haren arabera, biak ala biak ibili ziren gaietan "zeharo murgilduta", eta "sinesgaitza" iruditzen zaio gai bati horrelako denbora murritzean "halako zukua" ateratzea. "Harrigarria" dela uste du, baina bertsolariek horretarako ahalmena dutela. Gainera, erantsi du gaiek eraldaketa izan dutela urteek aurrera egin ahala.

Azaldu duenez, horretarako "prestatuta" egon behar da bertsolaria, baina egun bertso eskoletatik zenbait gai landuta joaten dira bertsolari gazteak sariketetara eta saioetara, eta beraz, bertsoak osatzeko "aparteko berezitasuna" dute.

Bertsolari guztien lana nabarmenduta

Dena den, Lujanbioren eta Arzallusen lana ez ezik, beste sei bertsolariek eginikoa ere nabarmendu du; besteak beste, Martinena. "Erregularra da, beti berdin-berdin, irribarrea kendu gabe, baina apartekoa. Nik neuk hirugarren bera nuen". Eta horrez gain, Ibarzabalen lana ere goraipatu du. "Saio bikaina egin zuen Nereak ere. Hitz berriak topatzen ditu, eta hori gutxik egiten dute. Eta nahiko ziurtasunez, gainera".

Gaztelumendiren, Colinaren eta Mendiluzeren lana ere gogoan izan du Goikoleak, eta baita Illarregirena ere, haren gaztetasunetik zer nolako lana egin duen azpimarratuta. Izan ere, uste du egungo zein geroko bertso panorama aldatzen ari dela. "Bihar edo etzikoa, nik uste dut badatorrela jende berria, gaztea, eta niri ere zaila egiten zait batzuetan bertsoak ulertzen, hain bereziak botatzen dituztenak... Beste dialogo bat dago, beste esamolde bat dakarte".

Orainean eta geroan arreta jarrita

Haren arabera, bertsolariek bertsoei "beste joskera bat" ematen diete, bertsotan aritzeko "beste modu bat", lehengo bertsolaritzarekin alderatuz gero, eta gai jartzaileen eta epaimahaiaren lana ere hizpide izan du.

Alabaina, orain beste lau urte itxaron beharko dira Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiaz berriro ere gozatzeko. Berak hala nahi badu behintzat, Lujanbiok ziurtatuta du lekua, baina ez, ordea, gainontzeko bertsolariek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak