2018an estreinatu eta 2020an pandemia bete-betean garatutako egitasmoak beste aldi bat beteko du aurten; ekitaldi baliagarria den seinale. Oraingoan, 2.500 arrasatear inguruk eman dute izena, 2.600tik gora bergararrek, 1.600 oñatiarrek, 1.000 aretxabaletarrek, 800 antzuolarrek, 500 eskoriatzarrek, ia 180 elgetarrek eta 300 aramaioarrek. Nor bere eragin esparrutik, daukan gaitasunaren eta prestutasunaren arabera, egunerokotasunean euskarazko harremanak areagotzen saiatuko dira.
Herritarrei euskaraz hitz egiteko aukerak bermatze aldera, duela bi urteko formula bera errepikatuko du Euskaraldiaren kudeatzaile nagusia den Euskaltzaleen Topaguneak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Nafarroako Euskarabidea, Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak eta Euskal Elkargoak erakundeekin koordinatuta. Hau da, parte hartzen duten norbanakoek ahobizi zein belarriprest txapa eramango dute soinean, eta entitateek ariguneak sortuko dituzte. Topagunetik esker oneko azaldu dira, bereziki, euskalgintzako eragile, herrietako batzorde eta boluntarioekin, haiek ibili direlako izen-emateak eta ekintzak sustatzeko lanean, "Euskaraldia lau haizeetara zabaltzeko milaka bilera eta ekimen eginez".
Norbanakoetatik entitateetara
Bigarren aldian ariguneak izan ziren eta aurtengo berrikuntza partaideei erronkak proposatzea izan da, baita aurreko bi aldietan lortu dutenaren kontzientzia hartzea ere. Hitzez ekiteko garaia lelopean asko izan dira sare sozialetan Euskaraldiarekin lotutako erronka eta lorpen pertsonalak zerrendatu dituztenak, ariketa kolektiboa dela ulertuta. Entitateetan, izan erakunde publiko, gizarte eragile, enpresa, establezimendu, kultur talde edo kirol elkarte, ahalegin berezia egin dute ahalik eta arigune gehien jartzeko martxan, euskaraz aritzeko "espazio erosoak" eskaintzeko. Uztailean, esaterako, Bankoa-ABANCA, BBVA, Caixabank, Nafarroako Rural Kutxa, Kutxabank eta Laboral Kutxako ordezkariek ariketa sozialean eragile aktibo izateko konpromisoa hartu zuten, eta beste horrenbeste egin zuten joan den astean azalera handiko bost saltoki handik: El Corte Inglesek, Carrefourrek, Uvescok (BM), Mercadonak eta Eroskik.
Izan ere, ariketa jendetsua izateari garrantzi handia eman diote Euskaraldiaren sustatzaileek, parte hartzaileen hizkuntza ohiturak aldatzeko "inguruan belarriprest eta ahobizi ugari" izatea lagungarria dela iritzita. Hori baita asmo nagusia, baina ez bakarra, Euskaraldiarekin "norberaren hizkuntza portaera eta ohituren inguruan gogoeta eragitea, inertziak apurtzea, gizartean eragina duten era guztietako entitateek hizkuntza ohitura aldaketan babes neurriak hartzea, gizartea aktibatzea, herriz herriko euskaltzaleen artikulazioa bultzatzea eta euskararen aldeko eragileak ekimen bateratu baten bueltan antolatzea" ere bilatzen baitute.
Ikuspegia zabaltzeko, datuak
Euskaraldia ere bada informazioa eskuratzeko aukera aproposa. Aldi bakoitzeko txosten bana kaleratu du ikerketa aplikatuan espezializatutako Siadeco enpresak. 2022koarekin eguneratu egingo ditu aurreko edizioetako datuak, eta ikusiko da zer-nolako irakurketak egin daitezkeen.
2020ko ariketen emaitzek partaideen azterketan, partaideen jardunean eta batzordeen eta prozesuen azterketan jarri zuten fokua. Pandemia urteko ariketa izan zela kontuan hartuta, norbanakoen kasuan 178.184 lagunek eman zuten izena –2018an baino 47.000 gutxiago–, eta 8.309 entitatek. Dena den, ikerketak ondorioztatu zuen Euskaraldiak erakartzen ere jakin zuela, bostetik batek lehen esperientzia izan zuela arrazoituta. Gipuzkoarrak izan ziren txapa jantzi zutenen %43, bizkaitarrak %34, nafarrak %11, arabarrak %8 eta Iparraldekoak %2.
Desberdintasunak roletan
Rolari erreparatuta, berriz, %77 izan ziren ahobizi-ak; belarriprest-ak, beraz, %23. Era berean, konturatu ziren belarriprest euskaldun osoen gorakada txiki bat gertatu zela: "2020an belarriprest rola hartu duten bostetik batek dio 2018ko edizioarekin alderatuta rola aldatu duela; beraz, ahobizi izatetik belarriprest izatera igaro dela".
Belarriprest-en artean, %23 izan zen gai euskaraz ondo hitz egiteko; eta ulertzeko, berriz, %45,4. Bestalde, ahobizi izan zirenen %93,2k ulertzen zuten ondo euskaraz, eta %83k ondo hitz egin. Labur esateko, euskaraz ongi moldatzen denak ahobizi rola hartu zuen; eta zailtasun gehiago duena, aldiz, belarriprest izan zen. Hartara, jabetu ziren askok oraindik hizkuntza-gaitasunarekin lotzen dituztela rolak, 2020ko Euskaraldiak hizkuntza-jokabideekin lotzeko saiakera berezia egin zuen arren.
Arigune ugari bailaran
Entitateen arloan, berriz ere Gipuzkoak aurkeztu zuen kopururik handiena, ariguneak 3.798 egoitzatan martxan jarrita. Egoitza bakoitzean bat baino gehiago egon daitezkeela jakinda, Debagoienean 1.645 arigune sortu ziren –%6,8–; Bilbo Hiriko, Donostialdeko, Urola-Kostaldeko eta Goierriko eskualdeetan bakarrik gailendu zen kantitate hori.
Bestalde, banaketa orekatua gertatu zen barne –entitateko kideen arteko– eta kanpo –publiko orokorrari begirako– ariguneen artean, kopuruei erreparatuta. Baina agerian geratu zen entitateei, oro har, kanpo arigunea sortzea errazagoa egin zitzaiela, eta barne ariguneek lanketa sakonagoa behar izan zutela. Bestela esanda, inguru euskaldunetan barne arigunearen ariketa errazago egin zuten, "barne baldintza egokiagoak" medio, eta kanpo ariguneetan moldatu dira hobeto ingurune erdaldunetako entitateak, "euskaldunen aurrean belarriprest rola jokatzea errazagoa egin zitzaielako erdarazko erabilera-ohiturak dituen entitatean hizkuntza-dinamikak aldatzea baino". Gainera, ikerlariek esanguratsutzat jo zuten elkarrizketa elebidunak edukitzea errazagoa iruditu zaiela gune erdaldunetan euskaldunetan baino.
Gaur hasitakoak ea lortzen duen herritarrek, ariketa amaitzean ere, euskarari lehentasuna ematen jarraitzea.