Herriko hainbat musikazalek abiatu zuten 2018an Beratu musika jaialdia, askotariko estiloak herriko hainbat gunetara eramateko asmoz.
Hastapenetako helburuekin jarraitzen duzue?
Hala da; zaletasunetik sortutako ideia edo proiektua da Beratu; formatu txikiko jaialdia, gurean ohikoak ez diren musika proposamenak eskaini gura dituena herriko aretoei eta bestelako azpiegiturei balioa emanda. Emanaldi batzuk doan dira, eta sarrera merke baten truke besteak. Helburua ez da-eta dirua irabaztea, kalitatezko jaialdia osatzea baizik.
Gurean ohikoak ez diren doinuak eskaintzen dituen formatu txikiko jaialdia da Beratu
Zaleen artean izena du dagoeneko; hala da gonbidatzen dituzuen musikarientzako ere?
Orokorrean, bai; jaialdi txikiak gustuko dituzte askok, gertuko tratua eta goxotasuna izaten delako; hori horrela, batzuetan, guk egiten diegu eskaintza, baina eskariak ere jasotzen ditugu musikariengandik ere.
Lleidako La Elite bikotea hasteko; zeintzuk dira?
Sintetizadoreekin sortutako punka egiten du Nil Roigek eta David Burguesek osatzen duten bikoteak, eta kontzertu oso biziak eta intentsuak.
Zapatuan bi emanaldi eta bietan emakumeak protagonista.
Kubako trobadore gazte Yaima Orozco izango dugu arratsaldean. Ines Osinagak Kuban egin zuen egonaldi artistikotik itzuli zenean proposatu zigun gurera ekartzeko aukera. Eltziako tabernan izango da hori, eta ondoren, gaztelekuan, hiru emakume indartsuk –Ines Osinaga, Olatz Salvador eta Lorea Argarate– sortutako musikaz harago doan Mauriziak ez dau inor hil ekimena aurkeztuko digute.
Dantzarako proposamena egitaraua borobiltzeko, ezta?
Hala da; latindar doinuak Lazarraga lorategian domekan, Iruñeko formatu handiko Goxua'n Salsa taldearen eskutik. Publiko zabalarentzako egiten dugun eskaintza da hori, bereziki.
Bosgarren Beratu jaialdiko egitaraua
Lau gunetan banatuta, lau emanaldi izango dira gaurtik domeka bitartean. Bi kontzertu doan dira eta beste bi, ordainduta.
Sinth-punk estiloa, hasteko
Antixena gaztetxean zabalduko du jaialdia gaur, 22:30ean, Lleidako La Elite bikoteak. Ez dago aurre-salmentarik; sarrera, bost eurotan, leihatilan.
Eltzian, Yaima Orozco
Son kubatarra, boleroak eta habanerak entzuteko aukera bihar, zapatua, 18:00etan Eltzia tabernan, troba berria lantzen duen Kubako musikari gaztearen eskutik; sarrera dohainik.
Hiru emakume gaztelekuan
Ines Osinagaren, Olatz Salvadorren eta Lorea Argarateren eskutik, tradizioa eta modernitatea batzen dituen Mauriziak ez dau inor hil ikuskizuna zapatuan, 20:30ean, gaztelekuan. Sarrerak aurrez Oñati.eus atarian eros daitezke, zortzi eurotan, eta leihatilan, hamar eurotan.
Goxua'n Salsa domekan
Erritmo latinoak zutabe dituen Iruñeko taldeak borobilduko du domekan, 13:00etan, Foruen plaza ondoko Lazarraga lorategian; sarrera dohainik da.