Hondakinen lege berriak hainbat helburu ezarriko ditu hondakinen kopurua murrizteko asmoz; besteak beste, erabilera bakarreko plastikoetarako, eta zabortegi eta erraustegietarako zerga berriak ezarriko ditu.
Hobekiko aholkulari Joseba Sanchez Arizmendiarrietaren esanetan, ekonomia zirkularra lortzeko ildoak dira lege berriak berrikuntza bezala dakartzanak eta hondakinak sortzen diren toki guztietan izango du eragina; gure etxeetan, herrietan, zein enpresatan.
Debagoienari dagokionez, adierazi dute, bilketari dagokionean ez dituela horrenbesteko aldaketak ekarriko, baina bai, murrizketarekin lotuta: "Hondakinen sorreran badugu zer egin eta eman beharko dira urratsak", azaldu du.
Murrizketa, lehentasun
Lege berriak hondakinen murrizketan jarri du begia eta horrek, zuzen-zuzenean eragingo du fiskalitatean: "Hondakin gehien sortzen dituenak ordaindu beharko du kanon bat", azaldu du Sanchez Arizmendiarrietak. "Herritarrok tona bakoitzeko gehiago ordaindu beharko dugu eta hori ogasunak kobratuko dio dagokion entitateari, izan mankomunitatea edo izan udala. Eta hark tasa bidez herritarroi".
Lege berrira egokitzeko ordenantzetan egin beharko diren aldaketez hausnartzeko prozesua abiatu dute Hobeki Elkarteak eta hura osatzen duten hainbat udalek. Hurrengo bilera azaroaren 25ean egingo dute, hori ere Antzuolan. Ordurako, Hobekik, ordenantzetan egin beharko diren aldaketen zirriborro bat aurkeztuko du.