Dikotomiak zalantzan hamar pieza harilkatutan

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2022ko urr. 20a, 17:40

Bihar, egubakoitza Erre. Aldarri bat bertsoz ikuskizuna plazaratuko dute bertsolaritzak batutako lau adiskidek; tartean, Oihana eta Haizea Arana eskoriatzarrek. Emakume Txokoak antolatuta, gaztetxean egingo dute ordubete inguruko saioa, 21:30ean. Arrasate Irratiko Igo Autobusera! saioan izan da Oihana Arana.

Bertsolaritzaren, antzerkiaren, musikaren eta poesiaren arteko mugak lausotzen ditu esperimentu bezala sortu zen proposamenak. Bertsozale Elkartearen Lanku kultur zerbitzuko kideek xaxatu zituzten Aner Peritz, Leire Vargas, Haizea Arana eta Oihana Arana, elkarren artean ikuskizun berezi bat sor zezaten. "Laurok esaten dugu marikak eta bollerak garela. Gure arteko elkarrizketetan gai eta ezinegon ugari irten ziren, eta horiek lantzeko erronka jarri genion geure buruari; biderik onena dualismoen inguruko hausnarketa planteatzea zela erabaki genuen", azaldu du azken horrek. Izan ere, gizartean ikuspegi bitarra arlo askotan ezarrita dagoen uste sendoa dute: "Gizon-emakume, gazte-zahar, euskaldun-erdaldun... Dualtasun horiek hautsi nahian, galderak plazaratuko dizkiegu ikus-entzuleei, norberak aurki dezan erantzuna".

Hamar eszenatan tratatuko dituzte bertsoa, gaztetasuna eta identitatea ardatz dituzten gaiok. Bukaera gabeko kontakizun askeak dira, "hari fin batek" elkar lotutakoak. Obran zehar hainbat pertsonaia eta izaera interpretatzen dituztenez, sarri aldatzen dute arropa antzezleek. Kontrara, xumea da eszenatokiaren apaindura.

Gaztetxe batean lehenengoz

Joan den otsailean estreinatu zuten, Durangoko San Agustin Kulturgunean, Erre. Aldarri bat bertsoz, eta herri bereko jaietako txosnagunean interpretatzetik etorriko dira Arrasateko gaztetxera. Diote oso oholtza desberdinetan, "33 ingurutan", aurkeztu dutela lana, baina gustura moldatu direla bakoitzaren berezitasunetara. Eta gogotsu daude gaurko emanaldirako, besteak beste, "lehen aldiz" azalduko direlako gaztetxe batean.

Ilusioa ere ez dute galdu, baina bai "itxuraldatu". Plaza bakoitzetik ateratzen dituzte "gauza berriak", eta, esperientzien pilaketaren ondorioz, "seguruago" antzezten dute orain, alde batetik, "oso erantzun positiboak" entzun dituztelako: "Nahi genuen tokietara iritsi gara, ahoz ahokoak funtzionatu duelako. Egia da onak diren lan askok ez du- tela halako ibilbiderik egiten; beraz, baloratzeko modukoa da".

Gainera, antzeztera mugatzen da euren eginkizuna, Lankukoek hartzen baitute euren gain gainontzeko lana. Martxa berean jarraituko dute aurrerantzean ere; Emakume Txokoak antolatu duen gaurko hitzordura joan ezin duenak jakin dezala Antzuolan arituko direla datorren asteburuan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak