Uraren hiri zikloaren kudeaketa hobetzeko urrats ugari egin dira azken bi hamarkadetan –plangintzak, araztegiak eta kolektoreak eraiki, zeuden azpiegiturak hobetu...–; Debagoienean, Mekolalde eta Epeleko araztegiak dira horren adibide. Oraindik, baina, Deba ibaiaren egoera kimiko eta biologikoa hobetzeko badira egiteke dauden lanak.
Leintz Gatzagan jaiotzen da Deba ibaia, garbi dator sorburutik, baina, ibilbidean zehar, hiritartuta dauden eremuetatik eta industrialdeetatik igarotzean, kutsatuz doa. 2005ean Greenpeacek argitaratu zuen azterketan, Deba ibaiak "toxiko arriskutsuak" zeramatzan uretan nahastuta –etilbezenoa eta etuenoa, besteak beste–; hondakin horiek fabrikek isuritakoak ziren. Horrez gain, txostenean adierazten zen etxebizitzetatik isuritako ur-zikinek ere nabarmen eragiten zutela erreken eta biodibertsitatearen ongizatean. Erakunde ekologistaren arabera, Deba ibaia zen orduan Euskal Autonomia Erkidegoko erreka guztien artean "egoera txarrenean" zegoena, Oka eta Urumearekin batera.
Ordutik –eta lehenagotik ere bai–, hasiak ziren Debagoienean industrietako isurketak mugatu eta ur-zikinak bideratzeko azpiegiturak eraikitzen. Horretarako, besteak beste, mugarri izan zen Europatik 2000. urtean iritsitako zuzentaraua.
Europako arauen eragina
Alejandra Iturriotz 2007tik 2011ra bitartean Aldundiko Obra Hidraulikoetako zuzendaria izan zenak garbi adierazi du Europako Batzordeak 2000. urteko zuzentarauak eragin nabarmena izan zuela eskualdean hartutako neurrietan. "Irizpide orokorrak ezarri ziren uraren egoera ekologikoa eta kimikoa babesteko. Gainera, 2015. urtea jarri zen epemuga gisa, eta horrek prozesuak hauspotu zituen".
Zuzentaraua betetzeko, erakundeek baliabide ugari bideratu zituzten erreken osasuna hobetzeko proiektuetara: "Errekak eta ingurumena interes orokorreko gaiak izanik, egitasmo eta azpiegitura asko Espainiako Gobernuak finantzatu zituen; esate baterako, Epeleko araztegia".
Bi araztegi bailaran
2005ean hasi ziren Mekolalde auzoan araztegia egiten eta hiru urte geroago bukatu zuten. Epeleko lanak, berriz, 2007an abiatu ziren, 26 milioi euro baino gehiagoko aurrekontuarekin. Deba ibai osoko saneamendu sarea barnebiltzeko helburuarekin egin zen, eta 2011n amaitu zen.
Bi urte geroago, hasieran finkatutako helburua lortzeko, Oñatiko Zubillaga auzoan ponpaketa estazioa jarri zuten, ur-zikinak Epeleraino iristeko; lau kilometroko hoditeria jarri zuten. Gauzak horrela, Aretxabaletatik, Eskoriatzatik eta Arrasatetik datozen ur-zikinak jasotzen ditu lehen kolektore batek, eta bigarrenak, ponpatze sistemarekin, Oñatiko urak jasotzen ditu. Araztegian ur horiek garbitzen dira, gero berriz ere ibaira isurtzeko.
Garbiketa prozesuari dagokionez, araztegian tratamendu naturala egiten dela azaldu dute langileek. "Ur-zikinek, zaborraz eta zikinkeriaz gain, mikroorganismo batzuk ere badituzte. Guk mikroorganismo horiek baliatzen ditugu garbiketa egiteko; beraiek garbitzen dute ura eta guk baldintza hobeak ematen dizkiegu hori egin dezaten". Amonioa eta bestelako substantziak ezabatzen dituzte mikroorganismoek. Halere, tratamendu kimiko bat ere egiten dela azaldu dute; besteak beste, fosforoa eta halako elementuak uretatik ezabatzeko.
Alberto Manzanos Ura agentziako Hidrologia Plangintza teknikariak duela bi urte egindako adierazpenetan azaldu zuen araztegiak ezarri ahala ibaien egoera "asko" hobetu dela azken urteetan. "Gaur egun arazo nagusiak dira Ubera, Antzuola eta bestelakoetan daudenak. Baina neurriak prest daude, idatzita, datozen urteetan ezartzeko. Horrek esan nahi du egoerak hobetzen jarraituko duela", esan zuen orduan, nahiz eta oraindik ez den espero beste aurreratu.
Azpiegitura faltan oraindik
Duela 40 urte hasi ziren Debagoienean lehenengo ur-kolektoreak jartzen; Antzuolan jarri zuten lehenengoa, hain zuzen ere. Nolanahi ere, Antzuolan bertan eta Elgetan pilatutako ur-zikinak errekara isurtzen dira oraindik –horiek araztegira eramateko hoditeria faltagatik–, baita beste herri batzuetako zenbait puntutan ere; horiek baina etxebizitza isolatuak dira.
Antzuolaren kasuan, esan bezala, duela lau hamarkadatik jasotzen dira kolektore batean ur-zikinak; halere, oraindik, ez dago azpiegitura-bidea osatuta hondakin horiek Mekolaldeko araztegira bideratzeko.
Udan, uztailean, hasi ziren Arizti ingurutik Burubikoko zubira bitartean hodiak sartzen eta kutxatilak (arketak) jartzen; azken horiek sor daitezkeen buxadurak askatzeko balioko dute. 530.000 euro pasatxoko aurrekontua du proiektuak. Hamabost bat egunean amaitzea aurreikusten dute, baina, lan horiek amaituta ere, Bergarako kolektorearekin lotura egiteko beste zati bat falta da, bidegorri inguruan. Bidegorria bera ere bukatu behar da eremu berean –gasolindegitik San Antonioraino, 200-300 metro–, eta bi proiektuak bateratzeko eskaera eginda du Bidegorria eta Ur-kolektorea Bukatzearen Aldeko Antzuolako Plataformak.
Gipuzkoako Urak erakundeari dagokio hoditeria sartzeko lan hori egitea, eta bidegorriko lanak Gipuzkoako Foru Aldundiari. Ura Agentziako komunikazio arduradun Eneko Albizurik 2021eko azaroan esan zuen agentzia Aldundiko Mugikortasun Sailarekin koordinatuta ari zela lanean eta proiektuaren idazketa "esleitu berri" zela eta "2022an lizitatzea eta gauzatzen hastea" espero zutela. Uztailean adierazi zuen agentziak proiektua egiten ari zirela, baina oraindik proiektua ez da aurkeztu eta lanek "luze" joko dutela azaldu dute plataformako kideek.
Azken zati hori bukatu arte, ez dute orain egiten ari diren kolektorea martxan jarriko; hondakinak Bergarako herrigunetik oso gertu isuriko liratekeelako eta kiratsa egongo litzatekeelako herrian.
Elgetan, Antzuolan bezala
Elgetan, Antzuolan bezala, ur-zikinak ez doaz araztegira; herrian pilatu ostean, Sesto errekara joaten dira. Gainera, horren ondorioak, elgetarrek ez ezik, Bergarako Ubera auzokoek ere jasaten dituzte. 2007an lanak egiteko akordioa sinatu zuten erakundeek eta Jaurlaritzaren gain geratu zen proiektua gauzatzeko ardura. 2019an, baina, Ura agentziak hartu zuen, eta Iraitz Lazkano Elgetako alkateak adierazi duenez, udalak idatziz galdetu du proiektua ea noiz egingo den. Lazkanok, baina, ez du erantzunik jaso agentziaren partetik. "Argi dagoena da 2023an ere konpondu gabe jarraituko duela arazo honek", esan du alkateak.
Uberako Gorka Buruaga Uberako auzo-alkateak ere sarri salatu du egoera. 2018an Plan Estrategikoaren azterketa egin zuten auzoan, eta kolektorea San Juangoarekin konektatzea "beharrezkoa" zela ondorioztatu zuten: "Europatik datorren agindua da ur-kolektoreak jartzea, kutsadura ekiditeko. Material organikoek uraren kalitatean eragiten dute: oxigenoa murrizten da eta bertako biodibertsitatea hiltzen joaten da".
Ongizatearen bilakaera
20 urtean errekaren osasuna "nabarmen" hobetu dela dio Eneko Albizurik. "Agerikoa da hobekuntza. Deban ere antzeman da aldaketa". Horrekin batera aipatu du industria-eragileak "geroz era zuhurragoan" dabiltzala ingurumen-gaietan, eta, era berean, orain, gizartea kontzientziatuago dago gaiarekin: "Jendarteak ez ditu onartzen orain dela hamarkada pare bat maizago ikus zitezkeen egoerak". Halere, Albizurik onartu du badaudela egiteko dauden lanak: "Isurketa puntuak murrizten jarraitu behar da, ur horiek saneamendu sistemara bideratzeko".
Oro har, errekako egoera biologikoak onera egin duela dio Urak 2021ean argitaratutako txostenak. Deba ibaiko hamalau ur-masetako bostek dute kalitate ona; zazpik dute kalitate onargarria; batek eskasa; eta azkenak txarra. Azken biak ez dira Debagoienean kokatutako masak, baina aipatzekoa da Ubera eta Antzuolan sumatzen dela ur-kolektoreen falta, uraren kalitateari erreparatuta.
Uraz gain, baina, beste faktore bat ere hartu behar da kontuan errekaren osasunaz jarduteko: hain zuzen ere, bertan –eta inguruan– bizi diren animaliak eta landareak. Ekosistemari lotuta, egoera "ez dela hain ona" errepikatu izan dute Oñatiko Natur Eskolako kideek: "Azken urte hauetan uraren kalitatea hobetu arren, ekosistema ez dago egoerarik onenean. Gizakiok erreka ondoan egin ditugun ortuen, errepideen, etxeen eta enpresen erruz, erreka alboko basoak desagertu egin eta, horrekin batera, honek dituen funtzioak ere bai". Nolanahi ere, apurka-apurka, ari dira espezieak itzultzen Deba ibaira eta jarraipena egiten ari zaie.