Presak eraitsi, ibaia leheneratzeko

Miren Arregi Amasorrain 2022ko urr. 18a, 15:00

Deba ibaian funtziorik ez duten hamar presa eraitsiko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, Europako Merlin proiektuaren laguntzarekin. Debagoienean bi bota dituzte eta beste bi botatzea da asmoa. Ibaien leheneratzean ezinbesteko dira eraisketak.

Ibaiak eta errekak leheneratzeko eta haiek gizarteari ematen dizkioten onurak areagotzeko ahalegina ez da berria eta begi-bistakoak dira ahalegin horren emaitzak erreketan. Duela 20
urteko eta gaur egungo Deba
ibaiak ez dute zerikusirik. Ordukoa egoera penagarrian zegoen, kutsadura handia zen eta ibaia hilik zegoen. Ordutik gaur arte egin diren aktuazioei esker, une honetan arrainak bizi dira Deba ibaian, eta, erreka guztiz naturalizatua ezingo bada lortu ere –herri gehiegi daude eta jende gehiegi bizi da–, errekaren leheneratze horretan aurrera-pauso handiak eman dira.

Errekak naturalizatzeko helburuarekin, Gipuzkoako ibai eta erreketan presak eraisten hasi zen Gipuzkoako Foru Aldundia duela urte batzuk. Izan ere, ez dute inolako onurarik sortzen
eta eragiten duten kaltea handia
da: arrain migratzaileen joan-etorriak oztopatzen dituzte, ibaia artifizializatzen dute eta uholde arriskua handitzen dute. Hala, ibaia naturalizatzeko aktuazioen artean garrantzia handia du presen eraisteak. "Gaur egun funtziorik ez duten presak dira, bere garaian errotetarako, burdinoletarako, enpresak hornitzeko edo beste funtzio batzuetarako eraiki zirenak", azaldu du EHU-ko Ekologia katedradun Arturo Elosegik.

Hamar eraisketa Deba arroan

Gipuzkoako Foru Aldundiak duela urte batzuk ekin zion presa eta bestelako oztopo artifizialak botatzeari, eta orain, Europako Merlin proiektuaren babesa eskuratu dute eraisketa planek. Ibaien errestauraziorako Europako proiektu erraldoi bat da Merlin. 22 milioi euroko aurrekontuarekin, 17 tokitan ari dira errestaurazio praktika desberdinak probatzen. Esaterako, Suedian, kastoreak sartu behar dituzte ibaiak naturalizatzeko; Herbehereetan, uholde arriskua murrizteko, Rhin ibaiari eremua zabaldu egin behar diote; eta gurean, presak kenduko dira. "Proiektu horren baitan, Arrasatetik behera hamar presa kentzeko asmoa dugu", azaldu du EHUko Ekologia katedradun eta Merlin proiektuko kide Arturo Elosegik. Elgoibarren, Soraluzen, Bergaran eta Elorregin kenduko dituzte horiek. Dagoeneko lau eraitsi dituzte eta sei gelditzen dira kentzeko.

Debagoienean bi bota dituzte abuztuan

Dagoeneko erorarazi dituzten lau presa horietatik bi zeuden Debagoienean: bata, Matxiategin, abuztuaren hasieran bota zutena; bigarrena, Arrasate eta Elorregi arteko bidegorriko Errekabaltz tunelaren aldamenean. Hori ere abuztuan eraitsi zuten. Europako proiektuaren babesean, beste bi faltako lirateke botatzeko: bata Elorregin eta bestea Labegaraietan. Arazoa da bi presa horiek ondare babesa dutela; ondorioz, baimena behar dute eraisteko. "Ondarearen babesa izan dezakete, baina presa batek leku hori artifizializatzen du eta, gainera, gora eta behera kilometro askotan beste eragin batzuk ditu. Horrez gain, uholde arriskua areagotzen dute nabarmen. Noski, presa batzuk mantendu beharko dira ondare direlako, baina ondo pentsatu beharko da zenbat eta zeintzuk", azaldu du Elosegik. Hala, bi presa horien deskatalogazioa derrigorrezkoa litzateke eraitsi ahal izateko. Bergarako Udaleko Ingurumen teknikari Nerea Egiak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzarekin lanean ari dira hori nola bideratu daitekeen erabakitzeko.

Foru Aldundiak, guztira, 228 eraitsiko ditu Gipuzkoan

Merlin proiektutik kanpo, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2035era bitartean Gipuzkoako erreketan 228 oztopo kentzeko plana du. Hori horrela, litekeena da Debagoienean beste hainbat oztopo eta presa kentzea. "Horiek Arrasatetik gora eta ibai adarretan egingo lirateke. Arrasatetik beherakoak Merlin proiektuaren baitan egingo diren hamar horiek lirateke", zehaztu du Arturo Elosegik. Eraisketek ahalbidetuko dute ingurune garbiagoa izatea, biodibertsitate gehiagokoa, eta klima aldaketari aurre egiteko erresilienteagoak izango diren errekak izatea. Behin presak eraitsita, emaitza batzuk berehala antzematen dira. "Esaterako, ur geldoa desagertu egiten da eta urak abiadura hartzen du. Arrainen itzulerak eta ibai ertzeko landarediaren berreskuratzeak denbora gehiago darama, baina urte gutxian sumatuko da aldea", dio Elosegik. Are gehiago, apustu egingo luke urte gutxian izokinak ikusiko ditugula Deba ibaian. "Debagoienean ez, oztopo gehiegi dutelako, baina bai Deba ibaian, Elgoibarreraino".

205 presa edo oztopo daude eskualdean

Gipuzkoan,  1.000 presa inguru daude eta Foru Aldundiak 228 kentzeko plana du esku artean. Horietatik 100 kendu dituzte dagoeneko. Deban ibaian, berriz, 205 presa edo oztopo artifizial daude, Gatzagatik Soraluzerainoko zatian eta Debagoieneko zatiko ibai adarretan dauden guztiak kontutan hartuta. Deba arro osoan hamar kenduko dira, Merlin proiektuaren baitan, eta lau kendu dituzte dagoeneko. Foru Aldundiaren planaren baitan, litekeena da gehiago ere botatzea datozen urteetan, baina horiek Arrasatetik gora, eta Debaibaiaren adarretan botako lirateke.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak