Deba ibaiaren eta haren adarren gaineko ikus-entzunezkoa eskainiko da herrietako aretoetan, bihartik aurrera

Miren Arregi Amasorrain 2022ko urr. 17a, 13:19

Bihar, eguena, estreinatuko da Deba ibaiaren eta haren adarren gaineko 'Errekak Bizi' ikus-entzunezkoa, Eskoriatzako Zaldibar aretoan, 18:30ean. Eskualde mailako lehen erreka garbiketaren testuinguruan landutako dokumentalak, bailarari izena ematen dion ibaiaren aspektu desberdinak jasotzen ditu, baita erreka garbiketaren egunean bertan hartutako irudiak ere. Eskoriatzakoaren ondotik etorriko dira gainerako emanaldiak.

Deba ibaia da bailara batzen duen natur elementu nagusia. Hiruerreketan –Leintz Gatzagan– hasi eta Bergarara arteko bidean, Debagoiena osatzen duten gainontzeko herrietako ibai-adarretatik  edaten du ibai nagusiak. Hala, Aramaio, Oñati, Elgeta eta Antzuolako urak hartzen ditu, Bergaran behera jarraiki, Deban itsasoratzeko. 

Deba ibaia gure natur ondare garrantzitsuenetako bat izanik ere, jasan duen tratu txarraren erakusle dira azken 20 urtetan ibaiaren errekuperazioan egin behar izan diren lanketa guztiak. Greanpeace-ren arabera, 2005ean, Deba zen Euskal Autonomia Erkidegoan egoera txarrenean zegoen ibaia. Gaur egun, araztegien eraikitzeen eta bestelako lanen ondorioz, arrainak ere itzuli dira erabat hilik zegoen ibaira. Halere, ez da nahikoa, eta herritarren kontzientzietan eragiteko eta gaur egun ere oraindik ibaian dauden hondakinak jasotzeko, bailarari batasun bat emanaz, herri guztiak auzolanean jarriz burutu da lehenengo Debagoieneko Erreka Eguna. 

Testuinguru horretan, Erreka Eguneko antolatzaileekin elkarlanean, Goienak ikus-entzunezkoa osatu du. Bertan, errekak historian zehar izan dituen funtzioak, aisialdiarekin lotuta izan dituen aro desberdinak edo errekuperazio lanekin eta biodibertsitatearekin lotutako gaiak landu ditu. Noski, zapatuko erreka garbiketak emandakoekin osatuko da ikus-entzunezko hori. 

Herriz herrikako emanaldiak

Aste honetan hasita, herriz-herri emango da gure ur emari nagusia gertutik ezagutzeko aukera eskaintzen duen ikus-entzunezkoa. Hona hemen egun eta orduak.

  • Eskoriatza: Urriak 20, 18:30ean, Zaldibar Aretoan.
  • Arrasate: Urriak 24, 18:30ean, Kulturateko Areto Nagusian.
  • Bergara: Urriak 24, 18:30ean, Irizar Jauregiko Euskaldunberri Aretoan.
  • Antzuola: Urriak 26, 18:30ean, Olaran Etxean.
  • Leintz Gatzagan: Urriak 26, 18:30ean, Gatz Museoan.
  • Oñati: Urriak 27, 18:00etan, Kultur Etxean.
  • Elgetan: Urriak 27, 18:30ean, Espaloia Antzokian.
  • Aretxabaletan: Azaroak 3, 18:30ean, Arkupe Kultura Etxeko Zaraia Aretoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak