Ibaia, gizakiak makurrarazia

Julen Iriondo M. de Zuazo 2022ko urr. 18a, 10:00

Bergarako San Antonio Algodonera, Deba ibaiaren ertzean. BERGARAKO ARTXIBOA-JUAN IDIGORAS FUNTSA

Errekako ura aspalditik izan du baliagarri industriak: mendeak atzera, errotek eta burdinolek, askotariko lantegiek geroago. Emandakoaren 'trukean', pozoiz bete zuten Deba ibaia. Hirigintzak ere nahieran tratatu du, kontuan izan beharrekoak alboratuta.

Zenbait kasutan lotuta ere badaude industriaren loraldia eta hirigintzak errekan izandako eragina. Horrela dio 80ko hamarkadan Arrasateko alkate izandako Alvaro Arregik: "1950eko hamarkadan, industrializazioa gertatu zen. Gerra osteak bultzada handia ekarri zuen lanpostuei dagokienez, eta jende askok etorri behar izan zuen kanpotik, gure enpresek lan egin ahal izan zezaten. Orduan sortu zen San Andres auzoa: mila etxebizitza planteatu ziren, erreka erdi-erditik pasatzen zen, eta errekaren desbideratzea etorri zen". Gaur egungo San Andres auzo osoa barruan hartuko lukeela, zirkunferentzia erdia egiten zuen Deba ibaiak ia Intxausti paretik Etxaluze ingurura [Argazkian]; egin zutena izan zen batetik bestera lerro zuzen bat bota eta erreka horrela kanalizatu: "Askoz azalera handiagoa sortu zen, horrela, etxeak egiteko".

Eta zenbat horrelako aktuazio! Egin kontu, Deba ibaia kanalizatuta dago bere ibilbidearen %30-45ean, zatiaren arabera; bestelako esku-hartzeak ere kontuan izanda, ibaiarekiko presioa %60-65 artekoa da. Oso Eraldatutako Ur Masa izaera du Deba ibaiak.

Uholde arriskua

Ibaiaren ibilguan egindako aldaketak eta hirigintza zein industria arrazoiengatik erreka ertzetan gauzatutako eraikuntza lanak, gainera, ibai-sistemaren funtzionamendua kontuan izan gabe egin direla dio Martin Arriolabengoa geologo aramaioarrak: "Behin eraiki dugunean uholde lautadetan, badakigu eremu horiek direla noizean behin ureztatuak egon beharko luketen lekuak. Ez hori bakarrik, erreka inguruak urbanizatuta edukitzeak –hormigoiak eta abar– dakar prezipitatutako ura lurrazaletik zuzenean ibaira joatea, hark xurgatzeko aukerarik eduki gabe, eta horrek eragiten du errekako emaria oso bizkor haztea, eta, zenbat eta azkarrago hazi, orduan eta aukera handiagoa uholde lautadetan gainez egiteko".

UHOLDE ARRISKUA KONTUAN IZAN GABE EGIN DA ERAIKUNTZA, ETA BAITA KANALIZAZIOA ERE

Horrekin batera, kanalizatzeak ere baditu arriskuak: "Ubide natural batek baditu bihurguneak, zuhaitzak ditu, arroka irtengune eta sarguneak, emariari trabak jartzen dizkiotenak eta moteldu egiten dutenak. Kanalizatu egiten dugunean, bihurguneak kendu egiten dizkiogu; bihurguneak kentzean, luzera moztu egiten da, eta malda handitu: malda handiagoarekin eta trabak kenduta, ura azkarrago jaitsiko da, eta une jakin batean sor daitekeen emaria handiagoa izan daiteke".

Argi dio Arriolabengoak: "Eraikuntza lanek eta erliebearen antropizazioak ez dituzte arrisku geologikoak eta, kasu honetan, uholde arriskua kontuan izan. Sisteman eraiki dugu, sistema horren dinamika nola den eta nola jokatzen duen kontuan hartu gabe".

Industriaren erabilpena

Horrela eraiki zen aurreko bi mendeetan gaur egun ere Debagoiena eskualdea ezaugarritzen duen industria. Izan ere, errekatik gertu egotea beti etorri zaie ondo lantegiei. Alvaro Arregik aipatzen du Elma lantegiak nola hartzen zuen errekako ura hozte lanetarako; Jose Antonio Azpiazu historialari oñatiarrak, berriz, Garay enpresakoek argindarra sortzeko erabiltzen zutela inguruko presa batetik abiatuta lantegira iristen zen kanaleko ura –zer esanik ez, Arrasateko Zerrajerak ezarri zuen azpiegitura handia, gaur egun Oñatiko Ur-jauziak direna–.

LANTEGIEK ZUZENEAN ISURTZEN ZITUZTEN GAI KUTSAKORRAK ERREKARA; 1959AN, ERABAT ERRE ZEN

Errekako ura baliabide garrantzitsua izan da industriarentzat; trukean, ordea, zabortegi bihurtu zuen industriak ibaia. Gauza jakina da Zerrajerak zuzenean isurtzen zituela azidoak errekara, edo, Bergarako Algodonerak ekoizpenean erabiltzen zuen tintaren arabera, kolore batekoa edo bestekoa joaten zela Deba ibaiko ura. Eta gehiago, Alvaro Arregik dioen bezala: "Ez diegu kooperatibei errua botako, baina erreka behin baino gehiagotan erre zen 60ko hamarkada hasi baino lehenago; azkeneko aldiz, zeharo jota geratu zen 1959an. Ordutik aurrera, ez zen errekako generorik ateratzerik izan. Enpresa bakoitzak bere produktuak zituen, zirela pinturarako, bainu elektrolitikoetarako... bakoitzaren beharraren arabera. Eta produktu horiek zuzenean errekara joaten ziren, ez zegoen beste biderik. Inoiz ez da argitaratu inork zer egin zuen, baina ez dago erreka erretzean enpresek izan zuten eraginaren zalantzarik. Gero, errekuperazioa luzea da. Arrain banakak ikusten dira, baina urte batzuk gehiago beharko dira oraindik egoerak lehengoaren antza izan dezan, urte batzuk bai".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak