"Gu erreka kontran jaio ginen, eta errekak askorako ematen zuen orduan; ez bakarrik igeri egiteko, aberatsa zen zarbo-ezkailuetan, loinetan, karramarroetan... Pentsa nola izango zen, gure aurrekoek adreiluak zituzten jarriak errekan; eta adreiluetatik aparte, kilometro batean, hamahiru dozena karramarro hartu genituen arratsalde bakarrean". Zarbo-ezkailuak "angulak baino preziatuagoak" zituztela dio Alvaro Arregi arrasatearrak. Arregi aspaldiko kontuez ari da, noski, 50eko hamarkada amaieratik aurrera erreka guztiz kutsatu baino lehenagokoez –1945ean jaio zen 80ko hamarkadan Arrasateko alkate ere izandakoa–.
Gerora, gauza ezaguna da, arrain eta karramarrorik ez, bainatu ezta pentsatu ere, eta, are gehiago, errekara arrimatu ere ez gehienak. Bergarako Beti-Busti klubak hiru hamarkada daramatza herrian piraguismoa egiten eta bultzatzen. Lehenengo urteetan, baina, ausartenak baino ez ziren Deba ibaian sartzen, kutsaduragatik: "Joan behar izaten ginen Errobira, Iparraldera, edo Murillo de Gallegora, Huescara. Horiek ziren gertuen zeuden lekuak, bi ordutara autoz". Joseba Zangituk dio errekara hurbildu eta "lokatzetan itsatsita" geratzen zirela: "Auskalo ze poso zegoen hor, hainbeste urtetakoa! Entzuten zenien gurasoei-eta lehen bainatu ere egiten zirela, eta guk piraguarekin ere ezin erabili!".
Uretara sartuz gero, arriskua zen "piraguan buelta eman eta ura tragatzea". Zangituren esanetan, eurak baldintza zehatzetan baino ez ziren Deba ibaian sartzen: "Hiru egunez-edo euria egiten zuenean gogor eta zikinak eramaten zituenean, apur bat garbiagoa zegoenean, orduan sartzen ginen. Baina gazteek entrenatzen zuten hemen nahikoa zikina zegoenean ere".
Orain, errekarekin gozatzeko aukera handiagoa dute Bergarako piraguistek: "Ur apur bat dagoenean, Elorregin hasi eta Agorrosineraino jaisten gara. Zati txikia da, baina jolasten-eta geratzen gara, praktikatzen, eta ordu pare bat egiten ditugu. Eta ibilbide polita da". Joseba Zangituk esandakoari Josue Lazkanok –Beti-Bustikoa hau ere– gehitzen dio Bergarako erreka zatiak badituela bere "olatuak eta ur-biziak".
ARRANTZARAKO ETA PIRAGUISMORAKO AUKERA EMATEN DU DEBAK, BAINATZEKO ORAINDIK EZ
Deba ibaia gozagarri, kirola eginez: "Erreka da bizitza. Errekan sartzea gozamena da, adrenalina handia eragiten du. Baina, nahiz eta mantso joan, ur gutxirekin ere, erreka kanpotik edo barrutik bizitzea ez da gauza bera. Barrutik ikusten den ikuspegia erabat desberdina da". Beti-Busti klubeko piraguistek Labegaraietan entrenatzen dute, batzuek lehiatu ere egiten dute, eta irteerak egiten dituzte beste erreka batzuetara. "Errekaren aitzakian ezagutu ditugu lekuak, jendea... eta bizitza egin dugu errekaren inguruan".
Aisialdirako guneak
Garai batean piragua barruan ere ez ziren, beraz, Deba ibaian seguru sentitzen. Bainatu nolatan, orduan! Zorionez, gauzak badoaz aldatzen, uraren kalitateak hobera egin du –oraindik behar lukeen bezain ona ez den arren–, eta han eta hemen hasi dira bainurako eta aisialdirako tokiak egokitzeko eskeak egiten. Horren harira, planteamendu bat baino gehiago egindakoak dira aurreko urteetan Arrasateko SUDC elkartekoak. Oraingoz, dena den, ez dute erantzun baikorrik jaso. Ura agentziatik esan izan dute hainbat baldintza eman behar izaten direla halakoetarako,"ingurumen irizpideak" betetzea eta "uholde arriskua" kontuan izatea, adibidez.
Deba ibaitik at, ibaiadarretan, haietan bai, lehen bezala orain, badira bainurako tokiak, bakar batzuk, gutxi-asko, egokitutakoak –Oñatiko Usako da, zalantzarik gabe, ondoen prestatutakoa–, besterik gabe freskatzeko aukera ematen duten putzuak beste batzuk. Hor daude Bergarako Osin putzuak Angiozarrera bidean, edo Abrain errekakoak, Buruñao auzotik Arane aldera doan bidea jarraituz; Eskoriatzan, berriz, Castañares da harribitxia.
Bainua ez, arrantza bai
Arrantzarako bai, arrantzarako badago aukera dagoeneko Deba ibaian, arrainak itzuli dira-eta, behin urak gutxieneko kalitatea berreskuratuta –bai, behintzat, zenbait espeziek bizitzeko behar duten bestekoa–. Unai Etxeberria bergararrak gaztetatik dihardu arrantzan –hil gabeko arrantza egiten du–, eta urte batzuetatik hona Deba ibaian ere bai, Bergara erdigunean, adibidez: "Loinak, ezkailuak, aingirak... hasi ziren. Orain amuarrain banakak ere badaude. Niretzat ametsa zen hemen arrantzan egin ahal izatea, eta, zati batean, egia bihurtu dut".