Gatzetik gatzera, 62 kilometro

Julen Iriondo M. de Zuazo 2022ko urr. 17a, 10:00

Arlabango mendietan sortu eta Deban itsasoratzen da kostaldeko herriari eta arro osoari izena ematen dion ibaia. Hamaika adarren urak batuta eta 12,56 m3/s emariarekin, Gipuzkoako ibaien bigarren multzoan dago, Urola eta Urumearekin.

Oria eta Bidasoa ibaien emaritik urruti –erdia baino gutxiago; luzeran, berriz, aurrenekoa nabarmentzen da– eta Oiartzun ibaiaren aldean beste pisu batekin, Gipuzkoako erreken artean tarteko multzoan koka daiteke Deba.

Hiruerreketa deritzon parajean Urkitza eta Usokoaitza errekastoekin bat egin, eta hura jotzen da Deba ibaiaren sorleku. Handik, 62 kilometro eta erdi, erreka itsasoratu eta ur geza ur gazitan nahasten den arte, berriz ere Debak gatzarekin topo egiteko; sortu eta lasterrera baitu harekin lehen harremana Bengoerrekak –hala deitu izan diote gatzagarrek Deba ibaiari, euren herri paretik pasatzerakoan–.

"Leintz Gatzagara iritsi baino justu lehenago, gatz industria bat dago erreka honek martxan jartzen duena. 1843. urtean eraikitako ponpaketa sistema bat du, Deba ibaiaren indarra erabiltzen duena", azaltzen du Udaleko Turismo teknikari Aitor Larrañagak.

Leintz Gatzagan behera, Eskoriatza, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Soraluze, Elgoibar, Mendaro, Mutriku eta Deba udalerriak zeharkatzen ditu, Debagoiena eta Debabarrena eskualdeak, eta inguruko ibaiadarretako urak jasotzen: Debagoienean, Aramaio, Angiozar eta Ubera dira ezkerraldeko nagusiak, eta Urkulu, Oñati eta Antzuola eskuinaldekoak.

Flora eta fauna

Aramaio errekak eta Deba ibaiak Arrasaten egiten dute bat, Debagoieneko Mankomunitatearen egoitzaren atzealdean. Bertan egin du hitzordua GOIENAk Naiara Corcuerarekin –Ingurumen Zientzietan lizentziaduna–: "Arrasaten dagoen toki politena izan daiteke: espazio zabalagoa da, hondartzatxoak ditu harriekin-eta osatuak... Arrasaten, gainerakoan, ubidea oso estua da, toki askotan ezin da jaitsi... Ezin da ahaztu Arrasaten gaudela eta eremua oso artifizialdua dugula".

Florari dagokionez, haltzadi kantauriarra da kantauriar isurialdeko erreka inguruetako berezko ekosistema; baita Deba ibaikoa ere. Europa mailan babestuta dago, eta lehentasunezko habitata da, babestu beharrekoa, asko gutxitu delako bere azalera: "Haltza da nagusitzen den basoa, eta nahasten da halako baldintzetan gustura egoten diren beste landare batzuekin: sahatsak, makalak, lizarrak...; eta uretatik urrundu heinean, bertako berezko basoarekin; hemen, hariztiarekin, gehienetan. Zuhaitzez gain, uretatik hurbil bizi ohi diren ohiko landareak, zuhaixkak eta belarrak leudeke".

Naiara Corcuerak dio herriguneetan ez dela gisa horretako ekosistemarik geratzen: "Izan daitekeenaren pistaren bat badago, hori baino ez, ze natura berez saiatzen da, denbora osoan, kolonizatzen, zuhaitzen haziak eta landareak bertan baitaude; baina asko saiatzen gara hori kontrolatzen, eta mozketak egiten dira, desbrozeak, eta erreka ertzean ez dago, gainera, espazio handirik. Beraz, ezin dugu beharko lukeen moduko baso bat ikusi: egur hilarekin, zuhaitz handiekin, edo zuhaixka eta belar nahasketa handiarekin... Halakorik ez dago".

Eta herriguneetatik kanpora ere, tamalez, erreka inguruko berezko ekosistema oso gutxiagotua dago: "Industria-guneak ditugu erreka bazter-bazterrean eraikita; ditugu azpiegiturak –errepideak, autobideak...–. Toki berezi batzuetan aurki dezakegu: Arrasatetik Bergarara badaude zenbait puntu non haltzadia ez den ukitu hainbat hamarkadatan; Etxezarretan, edo Elorregitik Bergararantz ere badaude adibide polit batzuk".

Ibai-ekosistema gehiago kaltetu ez eta, ahal den neurrian, leheneratzen saiatu; berreskurapenera bidean, Arrasateko Udalaren ekintza bat dakar gogora Corcuerak, adibide on moduan: "Landaketa bat egin zuten duela zenbait urte Mojategin, eta inguru horrek baso itxura du dagoeneko: zuhaitzak oso handiak dira, haltzak azkar hazten dira, eta sahatsak ere bai". Landare inbaditzaileekin egindako lana nabarmentzen du, horrekin batera: "Erreka bat degradatzen denean, kutsadura maila altuarekin, eta bertako landaretza guztiz ezabatzen denean, inguru horiek errazen kolonizatzen dituztenak landare inbaditzaileak dira. Eta, horiekin, bioaniztasuna murriztu egiten da: denean zabaltzen dira, eta ez dute uzten beste landarerik inguruan jartzen. Hemengo fauna ohituta dago belarra edukitzera, zuhaixkak edukitzera, zuhaitzak edukitzera, eta ez bakarrik banbu japoniarrak, esate baterako; martin arrantzale bat ezin da geratu, agian, banbu japoniar baten arrainak arrantzatzeko, ez diolako eusten". Naturzale arrasatearrak hainbat udalek –tartean, Arrasatekoak– banbu japoniarra kontrolatzeko egindako lana goraipatzen du: "Nahikoa kontrolatuta dagoela esan daiteke, eta horrek lagundu du haltzadia berriz ere bere tokia kolonizatzen has zedin".

Faunari dagokionez, habitaten degradazioagatik eta kutsaduraren ondoriozko uraren kalitate galeragatik Deba ibai ingurutik desagertutako espezietako hainbat itzuli dira, berriz ere, bertara: "Duela urte batzuetatik hona ikusten dira arrain txikiak: loinak, ezkailuak, amuarrainak... Horiek egotea ornogabeak egotearekin lotuta dago. Arrainak egonda, hegazti arrantzaleak agertzen dira: martin arrantzalea, lertxunak, ur-zozoa ere bai –oso animalia berezia, ornogabe txikiak jaten ditu eta ur bazterretan egiten du habia–, buztanikara horia eta zuria... Horiez gain, igelak, apoak... Eta beste animalia berezi bat, eta Elorregin topatu dituzte haren arrastoak: igaraba; ugaztun handi bat, uretan bizi dena, eta uretako igelak eta karramarroak jaten dituena. Eta bisoi europarra, Europa mailan galtzeko arrisku larrian dagoen ugaztuna".

Itsasoratzea

Ekosistema, flora eta fauna; ur geza ur gaziarekin nahasten den tokian sortzen diren baldintzek eta haien ondorioek aparteko aipamena merezi dute. Deban gertatzen da hori, Deba herrian, Leintz Gatzagan 62,5 kilometro gora jaiotakoa hiltzera doanean. Beste bizitza mota bat eragiten du. Euskal kostaldeko Geoparkeko Ingurumen arloko koordinatzailea da Gonzalo Torre: "Padura da itsasoko ohiko ekosistema. Marea jaisten denean bistan geratzen dira lokatzak, eta toki ona da hegaztiak eta beste animalia batzuk bertara etorri eta janaria bilatzeko. Ura gora datorrenean, ostera, estali egiten ditu bertako landareak ere; landare bereziak dira, beraz, urpera ohituak. Ekologian horri ekotono esaten zaio, bi medio desberdinek bat egiten duten tokia. Baldintzak asko aldatzen diren tokiak izaten dira, baina, horregatik, biodibertsitate handia edukitzen duten tokiak ere bai".

CASACAMPO PADURA ETA ARTZABAL HEZEGUNEA GARRANTZITSUAK DIRA DEBAN

Torrek nabarmentzen du euskal kostaldean Txingudi eta Urdaibai artean dauden gune txikiagoek ere hegazti migratzaileen pausaleku moduan duten garrantzia: Debako Casacampoko padurek eta Artzabaleko hezeguneek, kasurako, okupazio maila altua duen ingurune baten erdian. Horiek egokitu eta leheneratzeko propio egin zituzten lanak erakundeek duela zenbait urte: "Hobeto egon zen antzina, okupatuta dago, berreskuratu da zerbait. Horrek laburbiltzen du orain Deba ibaiaren itsasadarraren egoera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak