Joserra Diez: "Ibaia bera baino gehiago, arroa izan behar da kontuan"

Oihana Elorza Gorostiza 2022ko urr. 14a, 11:58

Joserra Diez, martitzen iluntzeko hitzaldia hasi aurretik, Oñatiko Santa Marina plazan.

Biologoa, ibai ekologian doktorea eta EHU-ko irakaslea eta ikertzailea da Joserra Diez. Ura zaindu egin behar dela dio, formatu egin behar garela gai horretan, eta koherentziaz jokatu, etor daitezkeen arriskuei aurre egiteko.

Oñatiko Natur Eskolak gonbidatuta egon da Joserra Diez (Bilbo, 1970) astean Oñatin, eta herriko errekak nola hobetu aztertzeko tailerra egin du herritarrekin batera, "soilik entzunda baino hobeto elkarbanatzen delako ezagutza".

Zein da Oñatiko erreken egoera?

Egoera desberdin asko daude Oñatiko ibaietan. Iturburuak, egoera ezin hobean; gune urbanoa, baina, guztiz kanalizatua. Errepideak daude ibai ertzetan eta biribilguneak ere bai gainean. Herri barruan oso estuak direla diozu.

Zer esan gura du horrek?

Ez dela ona. Ondorioak ditu, ekosistemaren eta gizakiaren osasunean, uholde arriskua handitzen dute, kalteak sortu eta behera urak abiadura handian iristen dira. Kanalak dira, ez ubideak.

Nolakoa izan behar du ibaiak?

Haren askatasun eremuan, dimentsio longitudinala, alboetakoa eta bertikala, ukitu gabe, eraldatu gabe, dituena. Horrelakoak, baina, ez dira existitzen. Munduko ibaien %75etik gora eraldatuta daude; gurean, ia guztiak. Berez, ibaiak askatasuna behar du bere egitura osatzeko –ura, fauna, flora, ha - rriak...– eta funtzioa betetzeko –arrainen migrazioa, sedimentuen garraioa, arnasketa, nitrifikazioa...–. Arroarekin lotura hertsia izan behar du, inpakturik gabekoa eta herritarren kontsiderazioa, noski.

Eta presak bota egin behar dira?

Presek erreken dimentsio lineala oztopatzen dute. Kardiologiaren hizkeran, tronboak direla esan genezake, ubidea oztopatzean errekaren funtzionamendua kaltetzen baitute ura eta sedimentuak geldituz, uraren ezaugarriak eraldatuz, tenperatura handituz, oxigeno disolbagarritasuna zailduz, usainak sortuz eta errekaren zenbait prozesu kaltetuz. Era berean, presetan behera ondorio nabarmenak daude; besteak beste, sedimentuen falta eta ubideen ebakidura. Ahal den neurrian, ibaien konektibotasuna berreskuratu behar da eta presak desegin neurri berean, beste aukera batzuk bilatuz errekak permeabilizatzeko. Desegite horretan, aldagai asko sartzen dira: kontzesioa indarrean ez egotea, ondare gisa kalifikatuta ez egotea, teknikoki posible izatea... eta, kasuren batean, herritarren oposizioa ez edukitzea. Horren harira, aipagarria da Gipuzkoako Aldundiaren jarduna, errekak permeabilizatzen esperientzia handia baitu azken hamarkadetan, eta baita planifikazioa ere datozen urteetarako.

Zikinkeria ere ikusten da ibaietan. Nola ikusten ditu gizakiak?

Bai, zikinkeria oztopo bilakatu daiteke, baina ezin dugu nahastu zaborra ibaietan berez gara-tzen den landarediarekin. Beste gauza bat dira oztopo kimikoak; horien presentziaren eraginez, arrainek eta beste bizidun batzuek ezin dituzte ohikoak diren mugimenduak gauzatu. Bestalde, pertsonok ibaiekiko, normalean, oso ikuspegi murritza dugu, ubidea baino ez dugu ikusten. Eremu domestikatuak aldarrikatzen dira eta horrek talka egiten du gure ibaien eta erreken izaerarekin.

Erreka garbiketaz gain, bestelako neurriak hartu behar direla diozu.

Errekak garbitzea, berez, egitasmo positiboa da. Positiboagoa litzateke garbitzeko beharrik ez izatea, eta nik ez dut uste hori herritarron ardura bakarrik denik. Hala ere, lurraldearen zaintza tresna ezin hobea da habitatak, ibar-basoak eta abar berreskuratzeko. Errekak garbitze huts horretatik abiatuta, begiratu behar da erronkaren dimentsio kolektiboa zein den.

Politikak aldatu behar dira?

Arroa lurraldea ulertzeko eta kudeatzeko oinarrizko unitatea da, bertan gertatzen diren prozesuen –fisikoak, kimikoak, biologikoak, sozialak– arteko erlazio konplexua ulertzeko. Oreka dinamikoa duen ekosistema da, materia kontinentetik ozeanora transferitzen duena. Beraz, arroko erabilera guztiek eragina dute uraren kantitatean eta kalitatean, eta ibaiak eta errekak arroaren ondorio dira. Ikuspegi ekosistemikoa behar da: arrotik politika hidrologikoa egin behar da, ubidetik baino gehiago. Tamalez, arroaren ikuspegi hori ez da kontuan hartzen eta arlo hidrologikoak, ibaiak eta errekak barne, modu isolatuan kudeatzen dira, arroarekin eta han gertatzen diren lurralde erabilpenak aintzat hartu gabe. Adibide ezin hobea da baso-politika, hazkuntza azkarreko espezietan eta intentsitate handiko baso-lanak dituena, Gipuzkoan, eta Oñatin, azalera handia hartzen duena. Lurzoruaren galerari, ebapotranspirazioari eta halako kontuei ez diegu erreparatzen, eta bada garaia. Esate baterako, klima aldaketaren arriskuen aurrean, horrelako kontuetan arreta jarri behar da azkar, lurraldea erresilienteagoa izateko.

Uda lehorra eta beroa izan da. Ur eskasia ere ikusi dugu. Jabetu gara horretaz? Zer egin dezakegu horren aurrean?

Planifikazioa, aurre hartzea, eskala lokalean aritu, prebenitu, arro mailan planifikatu. Bestetik, formatu eta koherentziaz jokatu behar dugu. Ez da nahikoa ur txorrota ixtea hortzak garbitu bitartean. Uraren gainekoetan alfabetatu behar dugu: faktura irakurtzen jakin, kontsumoa ezagutu, uholdeen arriskua ulertu... Ura baliabide publikoa dela ulertu behar dugu, giza eskubidea. Eta gu ez garela inoren bezeroak, erabiltzaileak baizik.

Joserra Diez martitzenean Oñatin egindako tailerrean

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak