Proiektuak 1,7 milioi euroko aurrekontua izango du, eta dagoeneko ia milioi bat euro bermatuta daude. Izan ere, Europar Batasuneko Next generation funtsetik 600.000 eurotik gora jasoko ditu Leintz Bailarako Ekiolak, baita Fagor taldearen 350.000 eurotiko gorako ekarpena ere.
Azaroa eta abendua artean hasiko dira instalazio energetikoa eraikitzen. 10.000 metro karratuko lurzoruan, 2.300 panel fotoboltaiko jarriko dituzte, orduko 1,35 gigabatio ekoizteko.
Lehenengo fasean 400 familia inguruk eman zuten izena aurre-inskripzioan, eta horiek izango dute bazkide egiteko lehentasuna. Familiek 1.239 euro inguruko ekarpena egin beharko lukete. Epe luzera deskontu nabarmena, "%25 eta %30 artekoa", suposatuko luke etxeko energia Ekiolaren bitartez eskuratzeak.
Izen-ematea, fisikoki edo online bidez
Urriaren 17tik aurrera egin ahalko da Ekiolako bazkide. Horretarako eta informazio osatua jakiteko, bulego fisikoak egongo dira, Arrasaten Biztanleen Arreta Zerbitzuan –astearte, ostegun eta ostiraletan–, Aretxabaletan Murrukixo elkartearen egoitzan –asteazkenetan– eta Eskoriatzan udaletxeko lehenengo solairuan –astelehenetan. Astebete goizez zabalduko dituzte arreta zerbitzuak, eta hurrengo astebetean arratsaldez. Online bidez ere egongo da izena emateko aukera, ekiola.eus webgunearen Leintz Bailara atalean.