Mendietan eolikorik ez egitea aldarrikatuko dute eguaztenean

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2022ko urr. 10a, 09:33

Gipuzkoako parke eolikoen proiektuen aurkako zenbait eragilek agerraldia egingo dute hilaren 12an, Elosuan. Haien arabera, mendien industrializazioa ez da bidea, eta bertan behera utzi behar dira planak. Elkar ezagutzeko ere baliatuko dute eguna.

Parke eolikoen proiektuek ez dute etenik. Eginak dituzte bailarako herri batzuetan eragina izango duten Itsaraz, Irimo eta Karakate proiektuak gauzatzeko lehen urratsak, eta baita Gipuzkoako beste eremu batzuetan sortu nahi dituzten parke eolikoetan ere. Bada, horiek izan dezaketen eraginaz kezkatuta, plan horien kontrako zenbait eragile elkartu dira, eta agerraldia egingo dute hilaren 12an Elosuan.

Karakate Bizirik da talde horietako bat, eta, Regina Maiztegi taldekideak jakinarazi duenez, mendietan eolikorik ez egitea da aldarrikatuko duten puntuetako bat, eta, aldi berean, baita bertan behera uztea proiektu horiek guztiak ere.

Urretxu-Zumarraga Bizirik, Andatzu-Ezkeltzu Bizirik, Sañu Bizirik eta Oletan Ere Ez dira elkartu diren gainontzeko lau taldeak, eta, gaur-gaurkoz, Gipuzkoa mailako plataformarik osatzen ez badute ere, Maiztegik nabarmendu du jarraitu beharreko oinarrizko bidean ados daudela talde guztiak.

Elkar eragiteko bidean

Topaketa hori baliatu nahi dute denen artean biltzeko, elkar ezagutzeko eta elkarrekin lan egiteko. "Argi duguna da mendiak babestea dela oinarria, eta hortik hasi beharko luketela planifikazioek. Berdin zaigu enpresa pribatua edo publikoa den, hemengoa edo kanpokoa". Haren hitzetan, eztabaida ez dago hor, baizik eta ea nola babestu daitezkeen mendiak eta bertako ondarea. "Gure mendien industrializazioa ez da bidea".

Alabaina, agerraldiaren aurretik, mendi martxak egingo dituzte, norbere inguruetatik. Are gehiago, urrunagotik datozenentzat, Maiztegik jakinarazi du autoetan eta autobusean joateko eta itzultzeko aukera emango dutela.

Martxa horiek 12:30ean iristea aurreikusten da, eta hamaiketakoa egingo dute. 13:00etan izango da prentsaurrekoa, eta sorpresa bat ere egongo da. Hain justu, aurreratu duenez, haize errota batek izan dezakeen eragina irudikatzen saiatuko dira. Eta, amaitzeko, bazkaltzeko aukera ere egongo da.

Auzotarrak ere kezkatuta

Elosuko auzo-alkatea da Iñigo Zubeldia, eta bat egin du agerraldiarekin. Uste du halako proiektuek "sekulako kaltea" eragin dezaketela; are handiagoa landatik bizi den jendearengan. "Nire alegatua beti izan da lehenengo sektorea defendatu behar dela; hori egin ezean, galduta gaude".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak