ALBISTEAK

Auzolanak egingo dituzte erreketan urriaren 15ean

Mireia Bikuña 2022ko ira. 29a, 15:19

Eskualdeko errekak bizirik mantentzeak duen garrantziaz jabetuta, Debagoieneko errekak bizirik auzolanean ekimena sortu dute bailarako zenbait eragilek. Urriaren 15ean egingo den Erreka Egunak helburu izango du Deba ibaia eta bere adarrak garbitzeaz gain, eremuak ezagutzekoa.

Orain arte, bailarako herri bakoitzak bere aldetik antolatu du erreka auzolana, batik bat, garbitzeko, baina Bergarako Erreka Egunak hamar urte betetzen dituen aitzakiapean, batasunaren alde egiteko erabakia hartu dute. Horrek elkarlana du oinarri, eta, gainera, asmoa da errekak garbitzeaz gain, horiek ezagutzea eta bizitzea.

Hezitzailea izateko nahia

Izan ere, ekimenak hezitzailea izateko asmoa duela azpimarratu dute bertako kide eta eragileek, hala nola belaunaldi berriei erreka bizien garrantzia erakustekoa. Eta, horretarako, aukera egokitzat jotzen dute urriaren 15eko Erreka Eguna. Uste baitute era horretan posible izango dela debagoiendarrei errekekin duten harremanaz jarduteko eta hausnartzeko espazio bat ematea, eta, aldi berean, baita esperientziak partekatzekoa, adituak direnekin ikastekoa eta egun errekek duten egoera ezagutzekoa ere.

Gainera, antolatzaileek adierazi dute guztien ardura dela errekak bizirik mantentzea, nor beretik hasita. Nabarmendu dute ingurumena zaintzeko eta ekimena ikusarazteko ardura hartuta dutela, eta, era berean, egoera baliatu nahi izan dute dagokionari ardurak eta erantzukizunak eskatzeko, erreken biziberritze eta osasunerako egin beharreko esku hartzeak gogoan izanda, besteak beste.

Topalekuak egongo dira

Deba ibaiak Leintz Gatzagan hasten du bidea, eta Bergararaino iristen da. Baina, dena den, ez da Debagoieneko herri guztietatik pasatzen, adarrak ere badituelako. Bada, ingurune horiek guztiak auzolanean garbitzea eta ezagutzea da asmoa.

Horretarako, topalekuak egongo dira, eta, parte hartzeko, eremuetako bakoitzean eman behar da izena urriaren 11 baino lehen. Are, zalantzarik izanez gero, errekagarbitzeko@gmail. com helbidera mezu bat bidali daiteke.

Izen-ematea

Antolaketa errazteko, izena ematea eskatzen dute sustatzaileek. Urriaren 11ra arte egongo da izena emateko aukera Antzuolan, Aramaion, Aretxabaletan, Arrasaten, Bergaran, Elgetan, Eskoriatzan, Leintz Gatzagan eta Elorregin (oñatiarrak ere horra daude gonbidatuta).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak