Parke eolikoen ereduak, auzitan

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2022ko ira. 23a, 11:00

Itsaraz parke eolikoaren proiektuak eman ditzakeen aukerak arakatzeko prest daude Fagor Taldea eta eskualdeko talde politikoak, ingurumen inpaktuak gogoan izanda.

Pil-pilean dago parke eolikoen gaia Euskal Herrian, eta baita Debagoienean ere. Are, Statkraft enpresa norvegiarrak joan den astean iragarri zuen Itsaraz parke eolikoa eraikitzeko asmoa Eskoriatza eta Aramaio artean, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin batzartu ostean, eta badirudi ordutik gehiago harrotu direla bazterrak. Izan ere, enpresa eta talde politiko batzuen ustez, energia berriztagarrietan liderretako bat den konpainiaren proposamenak izan ditzake aldeak eskualdean eraiki nahi diren beste parkeen planekin alderatuta.

Fagor Taldeko iraunkortasun arduraduna da Aritz Otxandiano, eta, jakinarazi duenez, proiektua iragarri aurretik lehen hartu-emana izan zuten Statkraft enpresarekin. "Kontatu digute zein asmo duten, eta horretara mugatu da gure kontaktua. Azaldu dutenez, Debagoienean parke bat egiteko asmoa dute, eta transmititu digute beraien borondatea parke hori lurraldearen eta bertako eragileen zerbitzura egoteko". Hori jakinda, proposamena "esploratzekoa" iruditu zitzaien, baina "modu kolektiboan, komunitatea bere osotasunean onuraduna izango den eran".

Izan ere, Otxandianoren arabera, batetik, Fagor Taldeak 2030 Iraunkortasun Estrategia onartu zuen iaz, eta hor dauden asmo nagusienetako bi dira industria deskarbonizatzea eta energia kostua murriztea, eta, bestetik, Statkraften aukerak kolektiboki arakatzeko, "egokitzat" jo du Debagoiena 2030 markoa. "Udalak, gizarte eragileak, enpresak eta unibertsitateak gaude, eta, zelanbait, sortu zen Debagoienak iraunkortasunerantz egin behar duen trantsizioa sustatzeko". Beraz, zehaztu du plan honek horretarako aukera eskaini dezakeela.

Konparatuz gero, aldeak

Debagoienean, ordea, Itsaraz ez da eraikitzeko asmoa dagoen parke eoliko bakarra, azken urtean beste bi proiekturen berri, behintzat, eman baitute enpresek eta administrazioek: Trekutz eta Karakate. Alabaina, era horretako egitasmoak proposamen berriarekin alderatu ditu Fagor Taldeko kideak. "Horietan ez bertako enpresek ez herritarrek ez dute inolako onurarik jasotzen, baina badituzte eragin negatiboak". Aldiz, uste du plan berri honek inpaktu negatiboak eragingo dituen arren lurraldean, onurak ere izango dituela: "Bizi dugun testuinguruan, larrialdi klimatikoarenean eta krisi energetikoarenean, aukera bat iruditzen zaigu".

Eta, hain justu, uste berekoa da Igone Lamarain EH Bilduko Gipuzkoako politika instituzionaleko arduraduna ere. Haren arabera, Statkraftek, enpresa publiko bat izateaz gain, "eredu berri bat" jarri du mahai gainean: "Parke eoliko bakoitzaren eragina bere osotasunean neurtu behar da, energia berriztagarriek ere inpaktu bat dutelako inguruan, baina oreka behar da". Kasu honetan, azpimarratu du enpresa norvegiarraren proposamena dela tokian toki ekoizten den energia lekuan bertan gelditzea. "Energia horren jabeak herritarrak, udalerriak eta enpresak izango lirateke. Energiarako sarbidea eskubidetzat ulertuz gero, energia bera ekoiztea demokratizatzen da, eta sozializatu".

Beste alderdi politiko batzuek ere euren iritzia eman dute. Mikel Lete EAJ Debagoienako burukidea da, eta azaldu du energia berriztagarrien noranzkoan egin behar direla urratsak, erregai fosilekiko eta kanpoko energiarekiko dependentzia murrizteko, baina kontuan izanda proiektuek egungo ingurumen araudiak betetzen dituztela. "Statkraften kasuan, printzipioz, begi onez ikusten dugu, baina aztertu egin behar da energia horrekin zer egin nahi duten, noren eskuetan geldituko den...". Dena den, argi dute energia ereduak "hurbilekoa" izan behar duela, eta "bertakoentzat" sortua.

Sozialistek ere berriztagarrien aldeko hautua egina dute, Aritz Murua Arrasateko PSE-EEko bozeramailearen arabera, kanpoko energiarekiko "menpekotasun handia" dagoela gaineratuta. Beste alderdien eran, ingurumen balioak lehenetsita, parke eolikoen aldeko iritzia eman du, baina Itsarazi dagokionez, ez ei daukate informazio zehatzik. "Pozik egongo gara Eusko Jaurlaritzak eta enpresek euren ereduak zehatz-mehatz azalduko balizkigute, guk sinesten dugun trantsizio energetiko justuan irtenbideak eta ideiak emateko".

Juan Luis Merino Ezker Anitza-IU taldeko eskualdeko bozeramaileak ere esan du aztertu egin beharko litzatekeela proiektua; hala ere, garrantzitsua iruditzen zaio enpresa publiko batek horrelako proposamen bat egitea, baina ez kasu honen eran kanpotik etorritako batek, baizik eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako batek. "Hala ezean, konpainia horiek beti defendatuko dituzte beren interesak, ez gureak".

Are, Eva Abuin Podemos Arrasateko kideak salatu du gaur-gaurkoz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dagoela lurraldeko plan sektorialik, eta, beraz, enpresek "mapa huts bat" dutela "okupatu" dezaten: "Kokalekuak aukeratzerakoan, aldagai bakar batean oinarritzen dira: errentagarritasun ekonomikoa". Eta, Statkraften proposamenari begiratuta, uste du beste parke eolikoen proiektuen eran, eragina izango duela paisaian eta biodibertsitatean. "Ikusi beharko da nola zehazten den herritarrekin batera aztertu nahi duten eskema".

Bada, geroak esango du zer gertatzen den proposamenekin, orain artekoetan, behintzat, ez dagoelako informazio gehiagorik.

Beste proiektuak

Itsaraz parke eolikoaren kasuan, joan den astean Joserra Zubizarreta Eskoriatzako alkateak jakinarazi zuenez, ez zuten proiektuaren inguruko informaziorik, eta, beraz, gehiago jakitean baloratu beharko litzatekeela ea proposamena irisgarria den edo ez. Aramaioko Udal Gobernua, berriz, gaia aztertzekoa zen, baina ez dute ezer gehiagorik esan.

Trekutz parke eolikoari dagokionez, Cilda Energy SLU enpresak bi aerosorgailu instalatzeko eskaera egina du. Urretxu eta Antzuolari eragingo lieke, baina Beñardo Kortabarria alkateak jakinarazi du azken hilabeteotan ez dutela berri gehiagorik izan. Azkenekoz, proiektua gauzatuko balitz ingurumen inpaktuan gogoan izan beharreko puntuak zerrendatu zituzten, Jaurlaritzak eskatuta. Are, osoko bilkuran onartu ei zuten EH Bilduk eta EAJk, eta baita proiektuari ezezkoa eman ere. PSE-EE- ko kidea ez zegoen batzar batean ere, eta, beraz, ez zuen bozkatu.

Eta badirudi egoera ez dela oso ezberdina Karakateko parke eolikoan ere. Capital Energy enpresak ehun metrotik gorako bi haize errota jartzeko asmoa du, eta, proposamena da horiek garraiatzeko bidea Elosutik egitea. Hori gogoan izanda, Bergarako Udalak ingurumen azterketan kontuan hartu beharreko puntuak bidali zizkion Jaurlaritzari, baina jakinarazi du ez dakitela ezer gehiago

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak