Martxan da Itsaraz parke eolikoaren proiektua

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2022ko ira. 16a, 10:18
Parke eolikoak 44.000 etxe hornitzeko gaitasuna izango luke.

Eskoriatza eta Aramaio artean eraiki nahi du Statkraft enpresak parke eolikoa. Dena den, Eskoriatzako alkateak adierazi du ez dutela informaziorik, eta Aramaion gaur elkartuko da Udal Gobernua. Fagorrek, berriz, harremana izan du konpainiarekin

Statkraft enpresak Itsaraz parke eolikoa sortzeko asmoa duela iragarri du, Aramaio eta Eskoriatza artean. Energia berriztagarrien ekoizpenean liderretako bat da enpresa norvegiarra, eta, emandako datuen arabera, parkeak 52,8 megawatteko gaitasuna izango luke; horri esker, 44.000 etxe baino gehiago hornitu ahalko lirateke, eta, 2027rako eginda egotea espero da. Baina badirudi informazioa ez dela guztiengana iritsi.

Joserra Zubizarreta Eskoriatzako alkateak jakinarazi duenez, Udalarekin ez da inor harremanetan jarri; ez, behintzat, enpresak berria eman aurretik. "Dakigun gauza bakarra da hedabideetan agertu dena. Ezer gutxi esan dezaket". Aramaioko Udal Gobernua, berriz, gaur batuko da gaia aztertzeko.

Hala ere, eskualdean harreman batzuk eginak ditu jada konpainiak, Aritz Otxandiano Fagor taldeko iraunkortasun arduradunak azaldu baitu beraiekin egon direla parke eolikoaren egitasmoan parte hartzeko aukerak aztertzeko. Haren arabera, ez dute asko sakondu, ez dute informazio zehatzik, baina badute prestutasuna "eredu berriak eskaintzen dituen aukerak esploratzeko".

Herritarrak, antzera

Herritarrek ere komunikabideetatik izan dute proiektuaren berri. Aizpea Ajuriagerra aramaioarra da horietako bat. "Baserri inguruan bizi naiz, eta ez nago ados etxe ondoan eolikoak jartzearekin; dena apurtzen dute". Haren esanetan, ez da inor harekin harremanetan jarri.

Ordea, badira aldeko iritziak ere, hala nola "aurrerapena" ekar dezaketela ondorioztatuta. "Onerako izango da, mesede egingo digu, eta uste dut jendeak ez duela aurkakorik esango", adierazi du Antonio Largo eskoriatzarrak. Eta ildo beretik eutsi dio Pedro Jose Legorburu herrikideak ere. Haren arabera, "gerora begira" egokia izango da, herritarrek "ez dutelako horrenbeste ordaindu beharko".

Gatazka sor daiteke

Statkraft enpresaren arabera, gizarte partaidetzaren alde dihardu lanean, eta, beraz, tokiko komunitate energetikoak bultzatuko dituzte herritarrek energia "kostu baxuagoan" eskuratu dezaten, "ahal dela".

Esanak esan, Zubizarretak azpimarratu du "hipotesi bati buruz" ari direla hitz egiten, eta, beraz, enpresa eurekin harremanetan jarriz gero, orduan baloratuko dutela ea irisgarria den ala ez. Baina uste du gatazka egon daitekeela. "Inork ez du gogoko inguruan horrelako zerbait jartzea, baina argi daukat energetikoki autosufizienteak eta burujabeak izatea inportantea dela; oreka behar da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak