Jakina da hizkuntza harreman berriak sortu eta indartzea ahalbidetzen duen faktorea dela eta, horrela, hizkuntza jakin horretan hitz egiteko ohitura hartu eta zabaltzen dela. Ondo dakite hau Mintzalaguna Euskaltzaleen Topagunean, eta mintzapraktika egitasmoa hau gauzatzeko asmoarekin sortu zuten. Asko dira jada mintzapraktika egitasmoaren bitartez lanean, kalean edo etxean euskaraz aritzeko ohitura hartu dutenak eta euskaldun izateaz harro daudenak, baina jende gehiago animatzeko asmoa dago.
Orotarikoa da mintzapraktika egitasmoan parte hartzera animatu daitekeen jendea. Batetik, jende asko dago euskaraz mintzatu gura duena, baina praktikan jartzeko aukera handirik gabe, inguruan horretarako lagunik ez duelako. Mintzapraktikak euskaltegian ikasitakoa praktikan jarri eta lagun artean gehiago ikasteko aukera ematen du. Bestetik, urtez urte ari da zabaltzen mintzalagunen sarea. Euskaltzale asko ari dira haien herrietan euskaraz mintzatzera bultzatzeko espazio eta aukerak zabaldu nahirik; horregatik, mintzapraktikan parte hartzea honetan laguntzeko aukeretako bat da.
Euskaraz aritzeko erabiltzen duten metodologia astean behin talde txikietan elkartzean datza, euskaraz aritzeko ohitura hartu nahi dutenak –bidelariak– eta euskara aise menperatzen duen jendea –bidelagunak– elkartuz. Gainera, hainbat modu eskaintzen dituzte mintzapraktika egiteko: gurasolaguna –seme-alabak dituzten gurasoei zuzenduta–, mintzakuadrillak –gazteen artean euskaraz egitera zuzendua–, mendi taldeak eta online mintzapraktika egiteko aukera ere badago, besteak beste.
Gaur egun, 7.000 herritar baino gehiago daude mintzapraktika egitasmoan parte hartzen, eta, parte-hartzaileen arabera, ongi pasatuz euskara praktikatzeko dagoen modurik onena da. Halaber, laguntasuna eta babesa eskaintzen duen jendez inguratuta euskara praktikatzeko konfiantza-espazio bat sortzen dela diote, eta horrek satisfakzio handia ematen duela.
Jadanik zabalik dute izena emateko epea; horretarako, hurbileneko euskara elkartera jotzea da aukerarik onena. Mintzapraktikari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, mintzalaguna.topagunea.eus webgunera jo daiteke.