"Apustu egingo nuke urte gutxian ikusiko dugula izokina Deban"

Julen Iriondo M. de Zuazo 2022ko ira. 3a, 10:08
Matxiategiko presa botatzen, Bergaran, uda honetan,

Aldundia eta EHU kide dituen Europako Merlin proiektuaren barruan, bi presa bota dituzte abuztuan Deba ibaian, Bergaran eta Elorregin. Besteak beste, errekaren konektagarritasuna hobetuko du horrek, EHUko ikertzaile Arturo Elosegiren arabera.

Bergarako autobus geltoki pareko Matxiategiko presa eta Elorregi eta Epeleko araztegia artean zegoen beste bat eraitsi dituzte aurreko hilean Deba ibaian. Errekak leheneratzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren plangintzaren baitakoak dira lanok, eta Diputazioa eta EHU kide dituen Europako Merlin proiektuaren barruan ere badaude. Proiektua hamazazpi eremutan ari dira gauzatzen, ur gezetako ekosistemak –hezegune, erreka, arro eta ibaietakoak– berreskuratzeko, Europa iparralde eta ekialdean gehienak; penintsulan hiru daude, Portugalen bi eta Deba ibaikoa.

Merlin proiektuaren barruan, Deba ibaian botatzeko hamar presa jo zituzten begiz, egun funtziorik ez dutenak. Uda honetan botatakoez gain, asmoa da beste bi botatzea datorrenean, Labegaraietan bat eta Elorregin bestea –ondare babesa dute, eta aurretik beste izapide batzuk egin beharra dakar horrek–. Horiekin batera daude Mendaron eta Altzolan bota berri dituzten beste bi eta Soraluzen botatzeko asmoa duten lau.

Emaitzak denbora laburrean

Arturo Elosegiren esanetan, "Europan, oro har, oso-oso egoera txarrean" izan dira errekak eta ibaiak: "Garai batean kutsadura zen arazo nagusia; baina azken urteetan hainbat inbertsio egin dira saneamenduan, arazketan, eta kutsadura asko murriztu da –oraindik jarraitzen du arazo izaten leku batzuetan, baina ez da hain-hain larria–. Orain konturatu gara beste arazo oso larri bat daukagula, eta da ibaiak guztiz presaz beteta dauzkagula. Europan bakarrik milioi batetik gora presa daude. Eta presa horiek kalte egiten diote ez bakarrik beti aipatzen den izokinari, ze ibaietan arrain migratzaile pila bat daude, eta migratzaile ez direnek ere mugitu behar izaten dute tarteka –duela urte batzuk arrain pila bat hil ziren Deban isuri kutsakor bategatik, eta leku horretara berriz ere arrainak iritsiko badira, mugitzeko gaitasuna behar dute–. Horrez gain, presek habitata artifizializatu egiten dute guztiz, eta uholde arriskua ere handitzen dute –klima aldaketarekin, gero eta uholde eta kalte handiagoak gertatzen ari dira, eta hori ere hasi behar gara, aurrera begira, kontuan izaten–. Uholde arriskua mugatu nahian eta ibaien naturaltasuna berreskuratu nahian, orain dagoen lehentasunetako bat da presak kentzea. Eta Gipuzkoako Aldundia nahikoa aitzindari da lan horietan Europan".

Elorregiko presa botata, abuztu honetan.

Gipuzkoako presetako asko "duela 100, 200, 400 edo 600 urtekoak" direla dio EHUko ikertzaileak: "Batzuk dira Erdi Arokoak. Garai bateko errota baterako edo burdinola baterako egin ziren; baina errota desagertu da, burdinola desagertu da, ez daukate inongo zentzurik, eta kaltea eragiten dute. Noski, ez goaz presa guztiak kentzera; oraindik batzuk behar ditugu, zalantzarik gabe, baina aipatutako milioi horretatik erdia kentzea lortuko bagenu, asko hobetuko litzateke egoera".

Presak kendu diren lekuetan, emaitza laster antzeman dela ere badio Elosegik: "Leku askotan, ibaiaren habitata naturalizatu egin da: lehen guztiz geldotutako ur putzu bat zen, eta orain ur lasterrak-eta berreskuratu dira; izokinak hasi dira leku askotan sartzen eta gero eta gorago sartzen –esaterako, Oria ibaian Iruraraino iristen dira dagoeneko, eta lehen, oker ez banago, ez ziren Usurbildik pasatzen–. Zalantzarik gabe, ikusten da onurak nabarmenak direla, eta oso azkarrak".

Deba ibaian izokinik ez dago gaur egun. Dena dela, eta izokina jaiotako errekara itzuli ohi den arren, zenbait despistatu ere egiten direla-eta, Debagoienean berandu gabe ikusiko direla uste du Arturo Elosegik: "Oraindik beste presa mordoxka bat daude martxan. Horietako batzuek badauzkate arrainentzako eskailerak; badira oraindik eskailerarik ez dutenak, hori konpondu beharreko zerbait litzateke. Baina, bai, bai, izokina irits liteke Debagoienera arazorik gabe, Elgoibarreraino iritsi ahalko lukete gaur egun. Apustu egingo nuke urte asko pasa gabe ikusiko ditugula izokinak Deba ibaian".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak