Irailaren 1ean sartu da indarrean garraio publikoko beherapenen neurria

Iñigo Barrena Kortabarria 2022ko abu. 31a, 17:00

Urtea amaitu bitartean %50 merkeagoa izango da Mugi txartelarekin bidaiatzea. Neurri hau, herri barruko autobusetan ere aplikatuko da sistema berdina erabiliz. 

Pasa den ekainean, Espainiako gobernuak adierazi zuen , estatu osoan, ehuneko hogeita hamarreko deskontuak ezarriko zituela garraio publikoan, gizartea jasaten ari den egoera sozioekonomikoari aurka egiteko neurri bezala. Ekainaren 25ean Errege Lege Dekretua onartu ondoren, gobernuak, foru aldundien eta tokiko erakundeen menpe utzi zuen deskontuak ehuneko berrogeita hamarreraino igotzea. Hau horrela izanik, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza osatzen duten erakunde guztiek, aho batez onartu zuten %50eko deskontua aplikatzea.

Indarrean dauden egindako bidai kopuruen deskontuei, proportzionalki aplikatuko zaie beherapen hori. Modu honetara, 1 eta 20 bidaia artean eginez gero, egun dagoen %48ko deskontutik, %74ra handituko da. 20 eta 50 bidaia artean eginez gero, %58tik %79ra. Berrogeita hamar bidaiatik gora eginez gero, beherapena,  %90etik, %95ekoa izatera pasatuko da.

Erabiltzaileen poltsikoetan eragin zuzena izango duen neurria da hau, are gehiago egungo prezioen gorakadak etenik ez duela ikusita. Neurria urtearen amaierara bitartean aplikatuko den arren, Rafaela Romero Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako presidenteak adierazi zuen aztertzen ari direla neurri hau amaitutakoan beste batzuk indarrean jartzea.

Non eskatu edo kargatu Mugi?

Mugi.eus atarian eska daiteke txartel berria etxera bidaltzeko, 5 euroko prezioan; txartel anonimoak ez, baina txartel pertsonalizatuak diru-errekarguak Mugi sistemaren bidez egitea ahalbidetzen du, ataritik bertatik edo aplikaziotik, Mugi sisteman alta eman ostean. Posta bidez ere eska daiteke txartela. Modu fisikoan, aukera hauek daude Debagoieneko herrietan –eskaera-orriaren inprimakia mugi.eus-en deskargatu eta datu pertsonalak bete behar dira aurrez–:

Eskaera eta errekargu puntuak:

• Aretxabaletan, udaletxea, Huhezi eta Urkulu Moviles.

• Arrasaten, Gazte Bulegoa eta Urkulu Moviles.

• Bergaran, Isabel kioskoa eta Ikasbi liburu-denda.

• Elgetan, Goikoetxe harategia.

• Eskoriatzan, Dorleta liburu-denda.

• Oñatin, ETEOn eta Altuna liburu-denda.

Errekargu puntuak soilik:

• Antzuolan, udaletxea eta Koxkor.

• Aretxabaletan, Ibarra estankoa eta Kutxabank.

• Arrasaten, Kutxabank bulegoak, estankoak eta Kontzezino 12.

• Bergaran, Josefina Guerra estankoa eta Kutxabank bulegoa.

• Elgetan, Kutxabank.

• Eskoriazan, Huhezi eta Azkoaga estankoa.

• Oñatin, Kutxabank bulegoak, Irizar estankoa, Haritza liburu-denda.

Oharra: gune horiek mugi.eus-en adierazitakoak dira; baliteke datuok eguneratuta ez egotea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak