Azken urteetan gasolindegiak ugaritu egin dira Debagoienean. Gaur egun, hamabi daude: bost Arrasaten, hiru Bergaran eta bina Eskoriatzan eta Oñatin. Horiei, baina, beste hiru gehituko zaizkie: Bergarako Telleria kalean Cepsak zabalduko duena, Plenoil enpresak Bergarako Santalaitz kalean jarriko duena eta, bukatzeko, Arrasaten, Azeri kalearen eta Araba etorbidearen arteko bidegurutzean, Petroprix eraikitzen ari dena.
Azken biak, Plenoil eta Petroprix, low cost edo prezio apaleko gasolindegiak dira, eta Cepsak Tellerian –Mostei lantokia zegoen lekuan– zabalduko duen gune handiari lotuta, erregai-depositua betetzeaz gain, beste hainbat zerbitzu ere eskainiko ditu; adibidez, atseden hartu eta otorduak egiteko aukera.
Bi, eraikitze lanetan
Gasolindegi berriek ez dute irekiera datarik mahai gainean jarri; halere, Arrasaten eta Tellerian ari dira lanean. Esan bezala, Arrasaten, Azeri kalearen eta Araba etorbidearen arteko bidegurutzean –Etnnic enpresaren ondoan– egiten ari da gasolindegi berria Petroprix Energia SL enpresa. Jaenen du egoitza nagusia, eta, prezio apaleko ohiko gasolindegien joerari jarraituz, norberak bete beharko du bere ibilgailuaren depositua; hots, ez da bertan langilerik egongo.
Bergaran ere, Mostei lantokia zegoen gunean –egun, Asacoat enpresaren alboan– gasolindegi eta atsedenlekua jartzeko lanei ere ekin diete berriz. Lurra eta harriak kendu eta eremua lautzen dihardute, makinekin.
Gehigarri gutxiagoko erregaia
Erregaia "prezio apalean" salduko dute Bergarako Plenoilek eta Arrasateko Petroprixek. Arrasateko San Andres auzoan dagoen Avia gasolindegiko Ana Bujanda langileak azaldu ditu prezio merkeko erregaiaren eta gainerako gasolindegietan saltzen denaren arteko aldeak: "Garrantzitsua da jakitea enpresa guztiek erregai bera erosten duten arren, ondoren egiten diren prozesuak direla prezioan eragina dutenak".
Hain zuzen ere, erregaiari botatzen zaizkion gehigarriek bereizten dituzte gasolindegi arruntak eta prezio apalekoak. "Low cost gasolindegiek gehigarri gutxiago botatzen dizkiote erregaiari", azaldu du Bujandak. "Gehigarri gehiago dituen erregaia hobea da: ibilgailuaren motorrari mesede egiten dio, iragazkiak garbitzen ditu, ibilgailuak hobeto aprobetxatzen du erregaia...", jarraitu du.
Bestetik, erregaia merkeago eskuratzen bada, erabiltzaileak "beste gastu batzuk" izango dituela ohartarazi du: "Diru gehiago inbertitu beharko da autoa konpontzeko edo iragazkiak garbitzeko".
Inoiz baino garestiago
Bi euroen gainetik daude bai gasolina eta bai diesela: atzo, hilak 14, Debagoieneko gasolindegietan, batez beste, 2,072 eurotan zegoen gasolina (SP95) eta 2,018 eurotan diesela (GA).
Ana Bujandak azaldu du erregaiaren igoerak eragin duela herritarren ohituretan: "Jendeak ez du depositua erabat betetzen; izan ere, egun, guztia betez gero, 100 euro baino gehiago ordaindu behar izaten da. Bezeroek nahiago izaten dute gutxiago botatzea eta maizago etortzea". Era berean, kontatu du herritarrek lehen baino gehiago begiratzen diotela diruari, eta, horrenbestez, balioa ematen dietela enpresek eskainitako deskontuei eta fidelizazio-txartelek ematen dituzten abantailei.
Ibilgailuen joan-etorriei dagokienez, Bujandak igarri du beherakada: "Esango nuke %5 inguru gutxitu direla gure bezeroak; erregaiaren prezioari bidesariak eta zenbait herritako TAO sistema gehitu zaizkio, eta jendeak garraio publikoaren aldeko hautua egin du (...) Oporrak datoz orain, eta espero dut jendeak autoen deposituak betetzea".
Aurreko krisiei begira
2011ko krisiarekin alderatu du Bujandak momentuko egoera: "Prezioak asko igo ziren orduan ere, eta furgonetarekin ibiltzen ziren autonomoek –gure ohiko bezeroak– lana utzi behar izan zuten. Gertatzen ari dena ikusita, susmo bera dut orain ere".
Alderaketa egiteko, duela hamaika urte, gasolinaren prezioa 1,370 euro zen; orain baino 1,7 euro merkeagoa. Ordura arte, erregaiaren gehienezko prezioak 2008ko uztailean jo zuen goia: 1,329 euro balio zuen gasolina litroak. Egun, marka historikoa dezente altuagoa da: duela lau aste, 2,141 euroko prezioa izatera iritsi zen gasolina litroa. "Jendeak pentsatzen du guk nahi dugulako igotzen dugula erregaiaren prezioa, eta niri min ematen dit horrek. Gauza jakina da bizimodua garestitu egin dela, oro har; gora egiten ari dira prezioak. Otsailarekin alderatuta, bikoitza ordaintzen dugu geuk ere erregaiaren truke", adierazi du Bujandak.
Merkatua, banatuago
Beste hiru establezimenduen irekierari lotuta, merkatua gehiago banatuko dela esan du Bujandak: "Gogorra izango da, baina, tira, bakoitzak bere zerbitzuak eskainiko ditu eta bezeroek erabaki beharko dute zer egin". Orotara, hamalau izango dira Debagoienean egongo diren gasolindegiak.