Elorregi "modu egokian" kudeatzea eskatu dute

Uxue Igarza Loiola 2022ko uzt. 12a, 14:40

200 bat autobus eta ehunka herritar igarotzen dira egunero Elorregiko geralekutik; halere, ez dago zaborra botatzeko edukiontzirik ezta komunik ere. Bidaiari eta auzotarrek baliabideak eta kudeaketa egokia eskatu dizkiete ardura duten erakundeei.

Autobus batetik jaitsi eta hurrengoa hartzeko edo bidegorrian ibilaldia egiteko, herritar mordoa igarotzen da egunero Elorregitik. Joan-etorri handia duen auzoa izanda ere, bertan ez dago zaborra botatzeko edukiontzirik ezta komunik ere. Egoera horren aurrean, bidaiariak eta auzotarrak "baliabideak" eta "kudeaketa egokia" eskatzen ari dira aspalditik.

Azken asteetan, inguruan dagoen zaborrak herritarren haserrea areagotu duela somatu du Sanprubus-eko arduradun Jon Mujikak: "Duela bi hilabeteko zaborra ere bertan dago oraindik; ez du inork jasotzen eta ez dago edukiontzirik. Sanprubusa zabaltzen dugunean, guri ekartzen digute zaborra". Horri lotuta, Mujikak azaldu du ez dela "kontu berria", eta edukiontziak jartzeko eskaerak eginda daudela: "Debagoieneko Mankomunitateari edukiontzi handiak jartzeko eskaera egin genion, zaborra bota eta birziklatu ahal izateko, baina ezer ere ez". 

Elorregiren berezitasuna da hiru herriren artean dagoen auzoa dela: Bergara, Oñati eta Arrasate. Izaera berezi horrek erakundeekin harremanetan jartzea "oztopatzen" duela dio Mujikak: "Ardurak hartzerako orduan ez dago argi nori dagokion Elorregi kudeatzea; inork ez du bere gain hartzen". Legearen arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ardurapean dago geltokiaren bueltako gunea.

Komuna eta ura ere faltan

2017an eskaera egin zen Oñati, Bergara eta Arrasateko udaletan Elorregin komuna jartzeko. Oñatiko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari bideratu zuen gaia, baina auzotarrek ez zuten erantzunik jaso. Bi urte beranduago, 2019an, sinadura bilketa egin zuten: 1.600 sinadura jaso zituzten bi astetan, eta Oñatiko eta Arrasateko udaletara bidali zituzten. Mujikak azaldu du ordutik ez dutela "erantzun formalik" jaso. "Egoera onartezina da, beste edozein lekutan oinarrizkoak diren gauzak eskatzen ditugu. Onartezina da adineko jendean negarrez ikustea txiza gainean egin dutelako. Ongizatearen alde lanean ari direla diote erakunde guztiek; bada, topatu dezatela benetako ongizatea", salatu du Mujikak.

Konponbide bateratu bila

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Debagoieneko Mankomunitateak eta hiru udalek bilera bat egitea; hori da Mujikaren ustez konponbidea bilatzeko lehenengo urratsa. "Premia biziko kontua da", gehitu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak