Bailarako bi baserrik ateak zabalduko dituzte asteburuan

Uxue Igarza Loiola 2022ko uzt. 7a, 15:10

Ongi etorri baserrira! ekimena egingo da egubakoitz eta zapatuan Bizkaiko eta Gipuzkoako 30 bat baserritan; tartean, Antzuolako Lamariano Azpikoan eta Aretxabaletako Areantza Etxebarrin. Nekazariek ateak zabalduko dizkiete herritarrei, baserrira gerturatu eta bertako lana gertutik ezagutu dezaten.

ENBA Nekazal Elkarteak sustatutako ekimena da Ongi Etorri Baserrira!. 2014an abiatu zen, eta pandemiaren ostean, indartuta itzuli da berriz. Gipuzkoa eta Bizkaiko 30 bat baserrik zabalduko dituzte ateak, gaur eta bihar goizean. Horietako bi bailarakoak dira: Antzuolako Lamariano Azpikoa eta Aretxabaletako Areantza Etxebarri.

Nekazal elkarteak azaldu duenez, hainbat helburu ditu ekimenak: baserriaren eta hiriaren arteko zubiak eraikitzea; kontsumitzaileak baserritarrarekin harremanetan jartzea; elikagaiak ekoizteko moduak eta horiek babesten dituzten markak ezagutzea; eta baserritarren lana balioan jartzea.

Areantzakoak, estreinakoz 

Aretxabaletako Areantza Etxebarrikoek lehenengo aldiz parte hartuko dute aurten, baserri eta etxaldeen ate-irekien ekimenean. Julen Abasolo bertako abeltzainak azaldutakoaren arabera, horrelako egitasmoak "garrantzitsuak" dira nekazarien lana ikustarazteko eta herritarrak landa eremura gerturatzeko. "Kalearen eta baserriaren arteko tartea gero eta handiagoa dela ikusten dugu; arrakala handia dago", dio Abasolok. Horri lotuta, adierazi du gutxi direla elikaduraren gaineko hausnarketa egiten dutenak: "Jende gutxik galdegiten dio bere buruari ea nondik datozen kontsumitzen dituen elikagaiak, nola dauden ekoiztuta, nork eta non egin duen lan hori... Horregatik iruditu zaigu ondo egitasmoan parte hartzea". 

Gaur eta bihar goizean joango dira herritarrak auzoaren izena hartzen duen baserrira –aurrez izena eman behar izan da webgunean–. Abasolok zehaztu du beraien eguneroko dinamika erakutsiko dietela bisitariei: "Azalduko dugu nola iritsi garen gu lanbide honetan jardutera. Beste modu batera esanda, gure istorioa kontatuko dugu: nola egiten dugun lan, zein den gure egoera profesionala, nola ikusten dugun nekazaritza eta abeltzaintzaren etorkizuna... Eta bitartean, gure behiak eta txahalak ere erakutsiko ditugu; esne ona nola ateratzen dugun, azken finean". 

Hain zuzen ere, esneari lotuta, Aretxabaletako abeltzainak bailarara zabaldutako hausnarketa egin du: "Bailaran jende asko bizi da, eta hiru esne ekoizle gaude bakarrik. Gu ez gara iristen debagoiendar guztiak asetzeko lain ekoiztera, baina hemen gaude. Militante jakin batzuk eta beste hainbat herritar kenduta, ordea, jendeak supermerkatuan erosten du. Horregatik, besteak beste, egiten digu ilusioa aurten parte hartzeak; jendeak hemen gaudela ikusiko du".

Edukiera beteta, Antzuolan

Antzuolako Lamariano Azpikoa baserrikoak ere zabaldu dituzte ateak. Bigarren aldia dela kontatu du Txomin Alberdi nekazariak; "Oso esperientzia ona izan zen azken ediziokoa. Donostiako hiritarrak etorri ziren; landa eremuarekin lotura gehiegi ez duen jendea. Gauzak horrela, errepikatzea erabaki dugu". 

Bete egin dituzte gaurko eta biharko txandak: guztira 62 lagun jasoko dituzte Antzuolako baserrian. "Bisita gidatua egingo dugu. Asmoa da nortzuk garen azaltzea, eta batez ere, ardiekin nola lan egiten dugun erakustea: nola jaisten ditugun, zer ematen diegun jateko, non egoten diren… Ondoren, gaztandegira joango gara, lekua ikustera eta egiten ditugun gazta motak ikustera", azaldu du Alberdik. Horrez gain, gaineratu du gazta dastatzeko aukera ere izango dutela bisitariek.

Aretxabaletarrak bezala, ekimena "aukera ona" dela uste du antzuolarrak. "Gu eta guk egiten duguna ezagutzeko aukera aparta da. Kontsumitzaile bezala ere, zerbait jan edo edaten dugunean nola eginda dagoen jakin nahi izaten dugu".

Joera aldaketarik ez

Pandemiaren ostean jendea landa eremura gerturatu dela esaten da –hala erakutsi zuten landetxe eta landa eremuko turismo aukerek ere– baina Abasolo eta Alberdik esandakoa kontuan hartuta, ez omen da horrela. Biek adierazi dute . Paseoan bai, etortzen dira, baina osterantzean ez. 

Indartzen joan den egitasmoa

Duela zortzi uda jarri zen martxan Ongi Etorri Baserrira! proiektua, eta zortzi izan ziren ateak zabaldu zituzten baserriak ere; guztira 90 bisitari jaso zituzten lehenengo edizio hartan.

Geroztik, zenbatekoak handitzen joan dira, eta azken edizioan, 2019an, 36 baserrik eta 850 bisitarik hartu zuten parte. Aurtengo edizioan, antolatzaileen esanetan, askotariko azpisektoreetakoak eta lurralde osoan sakabanatuta dauden baserriak daude. Ziur daude ekimenak harrera ona izango duela oraingoan ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak