Azken asteetako bilakaera berretsi eta nabarmendu dira Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eguneratutako txosten epidemiologikoan: gora doaz datuak. Alta, eta azken asteetan berariaz COVID-19ari lotutako adierazpen edo agerraldirik egin ez dutela aintzat izanda, prentsa oharra igorri du Gotzone Sagardui buru duen sailak herritarrei "zuhurtziari eustea" eta "egungo gomendioak jarraitzea" eskatuz.
Debagoienaren kasuan, %90ean hazi da Jaurlaritzak erregistratutako positibo berri kopurua zazpi egunean; 141 kutsatu izan ziren duela bi aste, eta 268 izan dira, berriz, azken astean. Azpimarratzekoa da Arrasateren gorakada. 55etik 162ra igarota, ia hirukoiztu egin da balioa astebetean, eta arrasatearrak izan dira bailaran kutsatutako herritarren %60,44. 50 egunen ostean, Leintz-Gatzagan ere positibo bat zenbatu zen eguenean –bi gehiago atzo–.
- Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.
Lerroak, gorantz
Kasuen gorakadaren adierazgarri da intzidentzia-tasaren grafikoa. Goranzko joera argian dira Hego Euskal Herriko probintzia guztietako balioak, baita Debagoienekoa ere. 638,99an zen tasa atzo, ekaineko azken eguneraketan baino 210 puntu gehiagoan. Uneotan, Nafarroa (893,73 joan zen astean) eta Gipuzkoa (680,96) ditu aurretik; behetik gorako joerari ekin berri diote, berriz, Bizkaiak (584,40) eta Arabak (515,13).
Ia bikoiztu
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ospitaleei dagokionez, bada datu adierazgarri bat: ia bikoiztu egin da azken astean zainketa intentsiboa behar duen herritar kopurua. 10-12 herritarren bueltan egonkortuta ziren balioak; bada, 23 ohe zeuden okupatuta atzo. Nafarroako datuen esperoan –eguaztenean eguneratuko ditu Nafarroako Gobernuak–, Euskal Autonomi Erkidegoan 500 ospitaleraturen langa igaro zen atzo (504); otsailaren 16tik muga hori gainditu gabe zen, eta Hego Euskal Herri osoko balioak ziren ordukoak, gainera.