Askotariko identitateak borroka berean batuta

Uxue Igarza Loiola 2022ko uzt. 1a, 11:17
Aretxabaletako mobilizazioko irudia.

Ekainaren 28an, LGTBIQ+ Pertsonen Eskubideen Aldeko Nazioarteko Egunean, Debagoiena aldarriz bete zen; mobilizazioak egin zituzten Arrasaten eta Aretxabaletan eta solasaldia Antzuolan. bestetik, udalek ere egin zituzten adierazpen ofizialak.

1969ko ekainaren 28ra egin behar da atzera, LGTBIQ+ Harrotasunaren Egunaren erraiak ezagutzeko. Gay, lesbiana, trans, bisexual, intersexual, queer eta bestelako identitateek New Yorkeko Stonewall Inn tabernan piztutako borrokari jarraitzeko baliatzen dute ekainaren 28a. AEBetako poliziak sarekada egin zuen lokal hartan, eta komunitateko kideek erantzun "inprobisatu bezain indartsua" egin zutela kontatzen dute. Ordutik, LGTBIQ+ kolektiboaren askapenean egindako "urrats garrantzitsu" gisa jotzen da orain dela 53 urteko gertakaria, eta urtero erabiltzen da eguna askotariko identitateen egoera eta borrokak ikustarazteko eta eskubideak aldarrikatzeko.

Aretxabaletan hainbat ekimen

Martitzenean manifestazioa egin zuten aretxabaletarrek, eta zaintza eta disidentzia "erdigunean" jarriko duen "bizi eredu alternatiboa" aldarrikatu zuten: "Jaiotzatik zer izan behar dugun esaten digute, nor desiratu behar dugun, gure etorkizuna bideratzen digute. Sistema heteropatriarkal kapitalistak bere erreprodukziorako hainbat eta hainbat egitura sozial erabiltzen ditu; bikote-harreman hetero-normatiboak, familia nuklearrak, hezkuntza eta abar, norbanako zein kolektiboaren askapenerako aukerarik utzi gabe". Mobilizazioaren aurretik, baina, Gure identitateak deseraikitzen tailerra egin zuten, eta martxaren ostean, mural margotzea.

Bestetik, eguaztenean, topa eta poteo transmaribibolloa egin zituzten, eta baita pintxada kolektiboa ere. Bihar, berriz, Atxabalta Harro jaialdiak hartuko du herria; poteoa, bazkaria, bingo musikatua, karaokea, kontzertuak eta beste izango dira goizetik gauera.

Antzuolako egoera aztertzen

Antzuolarrek, berriz, bizipenen trukaketa egin nahi izan zuten, harrotasuna eta borroka aldarrikatzeko. LGTBIQ+ Bizitzak Antzuolan izeneko solasaldia egin zuten, eta hiru herritarrek "marika eta bollera izanda Antzuolan bizitzearen gaineko esperientziak" partekatu zituzten. Gaur egun norbere burua den bezalakoa onartzea "iraganean baino errazagoa" dela onartu arren, oraindik "lanketa handia" egin behar dela adierazi zuten hirurek. Tabuak izan ohi diren gaiak "naturaltasunez plazaratzea" zen solasaldiaren asmoa, eta, era berean, "kasu praktikoak" azaldu.

Ardurak hartzeko deia

Morbor kolektiboak deituta, elkarretaratzea egin zuten Arrasaten ere. Erasoekin eroso? Hartu dagokizun ardura leloa erabili zuten LGTBIQfobiari aurre egitea "gizarte osoaren eginkizuna" dela adierazteko. Erasoak "une oro eta modu sistematikoan" jasaten dituztela salatu zuten; "errotutako jarrerak" direla eta horren atzean "gizarte zisheteropatriarkalaren eragina" dagoela azpimarratu zuten, "erasoak normaltzat hartu eta zilegitasuna ematen dietelako". "Pixka bat femeninoa zara! Zer da, neska ala mutila? Janzkera horrekin probokatzen ari da? Pasatuko zaio! Ni ados nago, baina umeen aurrean ez!", adierazi zuten erasoen adibideak bistaratuz. Bukatzeko, bizitza bizigarriak aldarrikatu zituzten: "Onartuak izan baino gehiago, sistema zisheteropatriarkala desegin eta guztiontzat bizigarria izango den jendarte eredua eraiki nahi dugu".

Erakundeen adierazpenak

Bailarako udalek eta alderdiek ere adierazpenak argitaratu zituzten ekainaren 28an. Arrasateko Udalak honako hau azaldu zuen: "Arrasaten argi utzi nahi dugu edozein pertsona maitatu dezakegula". Eskoriatzako Udalak "errespetuan eta berdintasunean oinarritutako jendartea eraikitzeko lanean" jarraitzeko konpromisoa azaldu zuen. Aramaioko Udala ere atxikitu zen egunera: "Oraindik bada zer egin berdintasunerako bidean (...) Bat egiten dugu egunarekin eta aldarrikapen guztiekin". Bergaran, bestalde, udal liburutegian kolektiboari lotutako liburuak jarri dira, eta herriko establezimendu gehiago "gune aske" izendatu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak