Kaleek 2019ko uda aurreko itxura hartu duten garaiotan, pandemiak hainbat herritar erasaten jarraitzen duela adierazten du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak argitaratutako buletin epidemiologikoak. Urte berrian sartzean izandako balio eta bilakaerara hurbildu gabe, baina egoera maiatzeko lehen hamabostaldira gerturatzen ari dela adierazten dute datuek. Bai, bederen, oinarrizko irakurketan aintzat hartu izan diren balioei erreparatuta.
Ekaineko bilakaeraren bidetik, gora egin dute azken zazpi egunetan bailaran atzemandako positiboek: 141. Joan zen astean baino zortzi gehiago dira kutsatuak, eta ondorioz, azken lau hilabeteetan izandako bosgarren asterik makurrena izan da –Aste Santu osteko lau asteak soilik daude gainetik–. Herri bakar batean ere ez da gorakada nabarmenik izan, eta bi dira soilik salbuespenak; Gatzagan ez da kutsaturik hauteman 46 egunetan, ezta Elgetan azken astean ere.
- Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.
400etik gora
Hautemandako kasuek eragin zuzena dute intzidentzian, eta hala, 79 puntuan hazi da balioa azken zazpi egunetan. Zehazki, 428,08an zen atzo Debagoieneko intzidentzia-tasa. Grafikoan ikusi daitekeen bezala, goranzko joera hartu dute berriz lerroek; 396,11an da tasa Araban, 449,07an Bizkaian, eta 469,17an, aldiz, Gipuzkoan. Nafarroa da Hego Euskal Herriko balio altuena duen lurraldea –642,55 ekainaren 19an–.
422
Osasun Sailaren datuen arabera, eta zainketa intentsiboa behar duten herritar kopurua 10-12ren bueltan mantentzen den arren, otsailaren 16tik izandako ospitaleratu kopuru handiena zen atzo Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erietxeetan: 422. Eta heriotza kopurua ere bide beretik doa. Gainerako balioekin ez bezala, egubakoitzetik eguenerako datuak eskaintzen ditu Jaurlaritzak, eta azken eguneraketaren arabera, ekainaren 17tik San Joan bezperara 56 herritar hil ziren gaitzak erasanda Euskal Autonomia Erkidegoan.