%0,5 hazi da euskararen kale erabilera Debagoienean azken bost urteetan

Jon Irizar Aranguren 2022ko eka. 24a, 12:47

Eguaztenean xehatu zituen eskualdeka Euskal Herriko hizkuntzen erabileraren kale neurketa 2021 txosteneko datuak Soziolingustika Klusterrak. Debagoienari erreparatuta, gora egin du azken bost urteetan kaleko euskararen erabilerak (%0,5), hamar urtean ia bost puntuan jaitsi den arren (-%4,6). Euskara gehien entzuten den Euskal Herriko laugarren eskualdea da.

Soziolingustika Klusterrak antolatuta, Euskal Soziolingustika Jardunaldia 2022 egin zen eguaztenean Bilboko EHUren Bizkaia Aretoan. Kaleen eta espazio publikoen bilakaera, euskararen erabilerarako baldintzak, eta norbanako zein gizarte mailan egun dauden erronkak izan zituzten mintzagai, besteak beste.

Hitzaldi, mahai-inguru eta tailerren artean, maiatza amaieran argitaratutako Euskal Herriko hizkuntzen erabileraren kale neurketa 2021 txosteneko datuak eskualdeka xehatzeko tartea hartu zuten –udazkenean argitaratuko dituzte herriz herriko datuak–. Olatz Altuna ikerketaren zuzendariak eskaini zituen aipatutako emaitza osagarriak eguneko lehen hitzartzean.

Eguazteneko jardunaldiko une bat, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua eta jaurlaritzaren bozeramailea tartean dela. (Argazkia: EMUN)

Erabilera, egonkor

Eskualde beste errealitate dauden arren, ondorio orokor gisa azken bosturtekoan euskararen kale erabilera egonkor mantendu dela atzeman liteke; hala adierazi zuen Imanol Larrea Soziolinguistika Klusterreko zuzendariak maiatza amaieran Goienari eskainitako elkarrizketan. Bizkaiko Arrati Nerbioi eskualdea izan da beherakada handiena izan duena (-%11,0), eta Tolosaldea, aldiz, portzentaian igoera esanguratsuena izan duena (%3,5).

Azken bost urteei erreparatuta, Debagoiena ere gora egin duten eskualdeen zakuan kokatzen da. Zehazki, biztanleen %41,9 aritzen ziren euskaraz kalean 2016an; %42,4koa izan zen balioa iragan irailean. Azken hamar urteetako bilakaera, baina, ez da positiboa. Izan ere, 2011ko neurketen arabera ia hamar herritarretik bost aritzen ziren euskaraz bailaran (%47,0); 2021ean baino %4,6 gehiago, hain zuzen.

Halaber, bada gogoan hartu beharreko faktore bat datuak aztertzerakoan: eskualde bakoitzean azterketa egin den herri kopurua. Debagoienean, esaterako, zazpi herri aztertu ziren 2021ean –Elgeta eta Leintz Gatzaga ez dira azterketan sartu–, eta Aramaioko datuak Gorbeia Inguruak eskualdean bildu dira. Beraz, sei herriren errealitatea biltzen dute eskualdeko balioek.

Laugarren

Probintzien erkaketan Gipuzkoako kaleetan (%30,6) gainerako lurraldeetan baino euskara gehiago entzuten den arren, ez da gipuzkoarra euskara gehien erabiltzen duen eskualdea. 2011ko zein 2016ko azterketetan bezala, Bizkaiko ipar-ekialdeko Lea Artibai eskualdea da euskararen kale erabilera altuena duen eremua (%76,1) –Lekeitio, Markina-Xemein eta Ondarroa dira aztertu diren udalerriak–.

Urola-Kostaldearen (%63,7) eta Tolosaldearen (%55,8) atzetik, laugarren postuan ageri da Debagoiena (%42,4). Bosgarrena zen 2016an, Nafarroako Ipar-Mendebaldea aurretik zuen eta. Halaber, adierazgarria da Euskal Herriko zazpi hiriburuetako lauren eskualdeak azken postuetan agertzea. %4,1 soilik mintzo da euskaraz Arabako Lautadan –Gasteiz–; %3,6 Bilbo Handian –Bilbo–; %3,1 Iruñerrian –Iruñea–; eta, BAMen, berriz, ehun herritarretatik biri (%1,9) ere ez zitzaien entzun euskaraz hitz egiten –Baiona–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak