42 bertsolari, 21 epaile, 14 gai-jartzaile, beste hainbeste saio eta ehunka entzule. Horiek dira, neurri eta puntuetatik harago, 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren zenbakiak. Gaur aurkeztu dute Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan irailaren 24an Getxon abiatu eta abenduaren 18an Iruñean itxiko den txapelketa; palmaresean Maialen Lujanbio Zugastiri erreleboa nork hartuko dion erabakiko duen txapelketa. Hernaniarrak berak hirugarren txapela janzten ez badu, bederen.
Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Lehendakaritza Taldeko kide den Gontzal Agotek, Bertsozale Elkarteko koordinatzaile den Idoia Trenorrek eta Oier Iurramendik, 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko koordinatzaileak, hartu dute hitza agerraldian. Bost urte igaro dira Barakaldoko BECeko azken agurretik, eta pandemiak jarduna baldintzatu arren, bertsolaritza "bizi" dagoela azpimarratu nahi izan dute: "Txapelketa ez da ekintza isolatu bat, txikitik, egunerokoan eta ahalegin handiz egunero egiten den lanaren ondorioa da".
Bi debagoiendar
Hiru fasetan banatuta, 42 bertsolari igoko dira Bertsozale Elkarteak atonduko dituen 14 oholtzetara. Eta gutxienez, bi aurpegi berri izango dira Nafarroa Arenako txapelaren deman; hots, Aitor Sarriegi Galparsoro eta Igor Elortza Aranoa 2017ko finalistek ez dute txapelketan parte hartuko. Kantuan arituko dira, ordea, azken hiru txapelketetako txapeldunak: Maialen Lujanbio Zugasti –2009 eta 2017– eta Amets Arzallus Antia –2013–. Hona bertsolari guztiak.
Mikroaren aurrean jarriko diren kideen artean, bi debagoiendar izango dira; berriki, Arabako Bertsolari Txapelketako finalean buruz burukora heldu ziren Peru Abarrategi Sarrionandia eta Manex Agirre Arriolabengoa aramaioarrak. 14 debutarietako bat da Abarrategi; bigarren txapelketa nagusia izango du, ordea, Agirrek –2013an abestu zuen Oionen, baina ez zuen finalerdietara sailkatzea lortu–.
Saio bat, Arrasaten
Txapelketaren lehen saioan igoko da oholtzara Abarrategi; irailaren 24an izango da, Getxoko Muxikeberri Zentroan, eta Agin Laburu Rezola, Eneko Lazkoz Martinez, Nerea Elustondo Plazaola, Oihana Bartra Arenas eta Unai Mendizabal Jauregi izango ditu kantukide. Agirrek, aldiz, astebete gehiago itxaron beharko du. Gasteizen jokatuko den laugarren saioan arituko da, urriaren 2an, Amaia Iturriotz Etxaniz, Haritz Mujika Lasa, Iban Urdangarin Lardizabal, Miren Artetxe Sarasola eta Xabat Galletebeitia Abaroarekin batera.
Bailarako bi kideen saioetatik harago, debagoiendarrek izango dute txapelketa gertutik bizitzeko aukera. Izan ere, txapelketako bigarren saioa Arrasateko Amaia Antzokian jokatuko da. Irailaren 25ean, domeka, izango da, 17:00etan hasita. Asier Azpiroz Iztueta, Iñaki Apalategi Astigarraga, Joanes Illarregi Marzol, Miren Amuriza Plaza, Saioa Alkaiza Guallar eta Xabier Silveira Etxeberria arituko dira kantuan. Hona saio eta bakoitzean abestuko duten bertsolarien egutegia.
Sarrerak, eguenean
Ekainaren 23ko, eguena, 9:00etatik aurrera jarriko dira salgai saio guztietarako sarrerak bertsosarrerak.eus atarian. Prezio desberdinak izango dituzte sarrerek, fasearen, adinaren eta Bertsozale Elkarteko bazkide izatearen edo ez izatearen arabera.