Bailaran kasuen gorakada xumea izan den arren, behera egin du ospitaleratu kopuruak

Jon Irizar Aranguren 2022ko eka. 13a, 13:47

91 debagoiendarri atzeman zaie gaitza azken zazpi egunetan, joan zen astean baino bederatzi herritar gehiagori; Bergarako balioak izan dira gorakadaren kausa (+14). Azken asteko daturik adierazgarriena, baina, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ospitaleratu kopurua da; apirilaren 13tik izandako baliorik baxuena zenbatu zen egubakoitzean: 268.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak egoera epidemiologikoaz egindako datuen eguneraketan, azken bi asteetako antzeko balioak ikusi litezke Debagoienean. 100eko langaren azpitik mantentzen dira zazpi egunetan hautemandako positibo berriak: 91 izan dira, zehazki –84 izan ziren duela hiru aste, eta 82 duela bi–. Bederatzi kasu gehiago atzeman arren, xumea da gorakada. 

Bederatzi herrietako balioei erreparatuz gero, herri bat izan da gorakada xume horren kausa nagusia: Bergara. Duela bi asteko bost kasuetatik hemeretzi positibotara igaro dira, maiatzeko lehen astetik izandako baliorik altuenak erregistratuz. Debagoieneko gainerako udalerrietan, aldaketa gutxi. Arrasaten eta Aramaion bost eta bi kasu gehiago atzeman diren arren, apenas izan dute eraginik 14 eguneko intzidentzia-tasan; 391,18an eta 133,78an dira, hurrenez hurren.

  • Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.

Egonkortasunaren adierazle

Intzidentzia-tasaren bilakaera da azken hiru asteetako egonkortasunaren adierazle esanguratsuena; hots, maiatzeko azken egunetan tasa 300eko langatik jaitsi zenetik, 242 eta 278 artean mugitu da balioa. Gaur, esaterako, 270,28an da. Halaber, aipatu beharrekoa da bailarako balioa Araba (331,00), Bizkaia (378,31), Gipuzkoa (333,95) zein Nafarroako (628,44) tasen azpitik dagoela –azken datu hau iragan eguaztenekoa da–.

Ospitaleratuak, behera

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako datuen eguneraketako aldaketarik adierazgarrienak ospitaleetako presioan izan dira. ZIUetako balioek hamar herritarren bueltakoak izaten jarraitzen duten arren –9 ziren domekan–, behera egin du nabarmen ospitaleratuta dauden herritar kopuruak. Nafarroako datuen faltan –eguaztenean eguneratuko dira grafikoak–, apirilaren bigarren astetik izandako baliorik baxuenak izan dira azken astean. Hala, hiru egunetan 300 ospitaleratu baino gutxiago egon dira azken zazpi egunetan; atzo, aldiz, 304 ziren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak