Aste Santuaren bueltan goranzko joera hartu zuten egoera epidemiologikoa adierazten duten datuek. Debagoienaren kasuan, otsailaren azken astetik apirileko bigarren astera zazpi egunean 100 kutsatu berriko langaren azpitik izan ziren balioak. Geroztik, gorantz egin zuten positiboek, astebetean ia 250 kasu erregistratzeraino –maiatzaren 9ko eguneraketa: 244–.
Eusko Jaurlaritzak egindako eguneraketaren arabera, badirudi joera hori eten dela azken bi asteetan; hots, 100 kutsatu berriko langatik jaitsi da bailara sei asteren ostean. Zehazki, 84 positibo erregistratu dira, duela astebete baino 45 gutxiago. Antzuolan (2) eta Aramaion (1) joan zen asteko kopuru bera zenbatu den arren, behera egin dute hautemandako kasuek gainerako herri guztietan. Leintz Gatzagan, esaterako, 19 egun doaz positiborik erregistratu gabe.
- Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.
Bi astean, ia 400 puntu
Intzidentzia-tasa adierazten duten lerroek garbi bistaratzen dute joera aldaketa hori. Azken bi asteetan ia 400 puntuan jaitsi da bailarako balioa; 721,80an zen tasa maiatzaren 15ean; 542,13an joan zen domekan; eta 332,78an, aldiz, atzo. Beheranzko joeran dira Hego Euskal Herriko lau probintziak ere, beherakada Debagoienean beste esanguratsua izaten ari ez den arren.
Egonkortuta
Joan zen astelehenean ospitaleetako egoerak okerrera egin zuela atzeman zitekeen arren, erietxeetan arreta behar duten herritar kopurua egonkortu egin dela dirudi; edo, gutxienez, datuek ez dute gora egin azken zazpi egunetan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan –eguaztenean eguneratuko dira Nafarroako datuak–, 353 ospitaleratu zeuden atzo; 359koa izan da asteko balio altuena, eta 309koa, aldiz, baxuena. ZIUetan dauden herritar kopuruak gora egin du, igoera xumea izan den arren. Zehazki, 13 pertsonek behar zuten atzo zainketa intentsiboa, duela astebete baino bi gehiagok.