Emakumeen borroka libre formatuan, dantza eta umorea nahasten dituen ikuskizun tragikomikoa da. Epailearen rolean da Urzelai.
Arrasatera etortzeko gogotsu?
Bai, horixe! Hainbat alditan izan naiz antzezten han. Bilbon bizi naiz egun eta ilusio berezia egi- ten dit etxe ingurura itzultzeak.
Eva Guerrero konpainiarekin egin duzun lehenengoa da. Zer moduz?
Otsailean deitu zidan Evak dagoeneko estreinatuta zuten lanean parte hartzeko proposatzeko, eta martxoan Bilboko Arriaga antzokian izan zen nire estreinaldia. Ez naiz dantzaria, baina niretzako beti uztartuta izan dira mugimendua eta antzerki fisikoa; hortaz, dantza niretzako zerbait gertukoa izan da beti, eta oso gustura ari naiz. Madame naiz ni, epailearen eta aurkezlearen paperean.
Alboan dituzu lau dantzari. Zeintzuk?
Lau emakume ikaragarri dira, indartsuak eta dantzan zoragarri egiten dutenak: Dancing Queen (Garazi Lopez de Armentia) borrokalari glamourosoa; La Pantera de Otxarkoaga (Leire Otamendi); Sobakova (HelenaWilhelmsson) Errusiako borrokalaria; eta euskal labela duen Lady Borroka (Estibaliz Villa). Azazkalak ateratzen dituztenean, hobe da alde egitea.
Umorea eta dantza nahasten dituzue. Zer kontatzeko asmoz?
Ring batean kokatuta dago eta dantza du oinarri; euren arteko konfliktoak eta nik eurekin dauzkadanak agerian geratuko dira. Gazteleraz da, baina testu gutxi dago, gorputzaren hizkuntzak pisu nabarmena du eta. Kritika puntu bat ere badu; besteak beste, prekarietateaz eta lehiakortasunaz hausnartzea proposatzen du istorioak, eta baita espektakulu edo antzerki munduaren egoeraz ere, baina ikusleen begirada oso zabala da eta bakoitzak bere modura jasotzen du. Istorioarekin geratzen dira batzuk eta dantza mugi- menduek harrapatuta beste ikusle asko.
Eszenografia ikusgarriaz gainera, musika arloa ere ondo zainduta dagoela diozu.
Hala da, bai; musikaren bidez ibilbide polita egiten da, nire ustez, ikuskizunean. Nerea Alberdik sortu du eta 80ko hamarkadako diskoteka girora eramango gaitu une batzuetan.
Nori eskainiko zenioke, bereziki?
Gazteentzako eta helduentzako da, hasiera batean, baina nire 10 urteko semea Arriagako emanaldira etorri zen eta lanak duen estetikagatik oso erakargarria iruditu zitzaion.
LOF ikuskizunaz gainera, baduzu esku artean proiektu gehiago?
Aldi berean hainbat proiekturekin batera ibiltzea baino beste erremediorik ez dugu; lanbide honek prekarietate puntu bat du eta adi egotea eta eten barik birziklatzea ezinbestekoak dira aurrera egiteko. LOF ikuskizuna kale-ikuskizun bihurtzeko azken ukituak lantzen ari gara. Bestetik, datorren ikasturte hasierara begira, orain dela bi urte estreinatu genuen Faces lana taularatuko dugu berriz ere. John Cassavetes-en filmaren bertsio bat da, Khea Ziater konpainiaren eskutik datorrena eta Alex Gerediagak zuzenduta. Era berean, Yogurinha Borobarekin haurrentzako Mari, Meri eta Lari izeneko ikuskizunean ari naiz, eta EITBren irratsaio baten ere parte hartzen dut; hortaz, hor ari naiz malabarrak egiten.
Pandemiaren osteko aldapa gainditu da kultura arloan?
Eztanda antzerako bat dagoela ikusten dut orain; hala ere, nik neuk zorte handia izan dut, kalean bolo asko egiteko aukera izan dut eta.