Terrazen inguruko araudia lantzen ari dira udalak

Uxue Igarza Loiola 2022ko mai. 11a, 19:23

Duela bi urte, gaurko egunez, terraza baten elkartzeko aukera eman zuen Labik, itxialdi luzearen ostean. Ordutik esan daiteke pandemiak gizartearen ohiturak aldatu dituela; horren adibide da, hain zuzen ere, terrazetan egoteak tabernetan tradizioz egin den poteoa ordezkatu duela, hein batean.

Duela bi urte, 2020ko maiatzaren 11n, Itxialdia Arintzeko Planaren lehenengo fasea sartu zen indarrean. Hala, martxoaren 14an hasitako konfinamenduaren ostean, herritarrek terrazetan elkartzeko aukera izan zuten lehenengo aldiz.

Terrazak izan dira ordutik herritar askoren topaleku; bai barrualdeak ekiditearren eta bai ohitura berriak sortu direlako kontsumitzaileen artean. Halere, hori kezka-iturri ere bada zenbait bizilagunentzat; terrazetako zaratak gogaitu egiten dituela salatu baitute.

Debagoieneko udalek "oreka" bilatzearen aldeko apustua egin nahi dute, eta, horretarako, bakoitzak bere irizpideak eta jarduteko tresnak baliatu ditu, bai pandemian eta bai orain.

Bergaran, lehengora buelta

Pandemia iritsi zenean, terrazak arautzeko ordenantza zegoen indarrean Bergaran. "Ordenantzaren kontra ezin da ezer egin, baina, egoera ikusita, alarma egoera oinarri hartu eta neurri batzuk moldatu genituen alkate dekretu baten bidez. Hala, besteak beste, kontratazio bat egin genuen terrazen kudeaketa aztertzeko, eta banan-banan aztertu zen terraza bakoitzak nola irabaz zezakeen espazioa, mahai kopurua mantentzeko; baita terrazarik ez zuenak zein aukera zituen ere", dio Ainhoa Lete alkateordeak.

Egun, pandemia aurreko egoerara bueltatu dira bergararrak, baina Letek azaldu du ordenantza berria ere badutela esku artean: "Ordenantza berriak jasotzen du terraza batek zein eremu okupatu ahalko duen, gehienez, zenbat mahai eta aulki sartu ahalko diren bertan, pasabideek zein zabalera izan behar duten, toldoek eta beste- lakoek nolakoak izan behar duten, egutegi eta ordutegia...".

Ostalari bergarar batzuek, baina, ez dute begi onez ikusi proposamen berria. Tabernari talde batek jakinarazi du ordenantza berriaren zirriborroa aztertzen ari direla zuzenketak proposatzeko.

Aurten eta iaz, berdin Arrasaten

Arrasaten ez dago Espazio Publikoaren Erabilera Arautzeko Ordenantzarik, baina, Ibon Arrupe Hirigintza batzordeburuaren esanetan, "irizpide bateratuak" hartzen ahalegindu ziren pandemian: "Terraza handiagoak jartzeko baimenak eman genituen, eta baita dirulaguntzak ere, terrazetarako hornikuntza erosteko. Tabernari batzuen aldetik mugimendua egon zen ordenantza eskatzeko, eta, azkenean, irizpide batzuk adostu genituen: terrazak nola handitu, itzalkinen itxura, aparkalekuetako terrazak edo itxiturak...".

Momentuz, ez dago arau aldaketarik Arrasaten; iazko irizpide berberak izango dituztela azaldu du Arrupek: "Urte hasieran, omikron aldaera gurean zegoela kontuan hartuta, tabernari askok eskatu zuten terraza jartzeko baimena. Pandemiaren bilakaera ezezaguna zenez, 2021ean emandako baimen berak ematea erabaki genuen". Nolanahi ere, bizilagunekin egon daitezkeen bizikidetza arazoei lotuta, "neurriak aztertzen" ari direla aurreratu du.

Oñatin, "oreka bila"

Oñatin ere, ordenantza eduki arren, alkate dekretu bidez zenbait neurri hartu ziren ostalarien egoerari laguntzeko. "Posible izan den kasu guztietan espazioa handitzeko aukera eman da, distantziak gordeta, ordura arte zituzten mahai kopurua mantendu ahal izateko.

Bestetik, itxiturak jartzeko aukera ere eman dugu", zehaztu du Xabi Igartua zinegotziak. Orain, pandemiaren aurreko baimenetara itzuliko direla aurreratu du: "2019an baino terraza handiagoa nahi dutenentzat irizpide batzuk definituko dira: tabernaren fatxadatik zenbat aldendu daitekeen terraza, oinezkoentzat utzi beharreko bidea, plaza baten okupazio portzentajea...". Horri lotuta, Igartuak azaldu du "oreka bilatzen" saiatzen ari direla Udalean: "Kaleko espazio publikoa gutxitu egin da, eta oinezkoendako eremua txikituta, kale batzuetatik ibiltzea ez da horren erosoa".

Aretxabaletan, "mugarik ez"

Aretxabaletaren kasuan, Unai Elkoro alkateak azaldu duenez, pandemian, lekua zuten tabernariei "nahi beste mahai jartzeko aukera" eman zieten: "Gurean erraza da, taberna gehienek baitute lekua. Gure aldetik ere ez da arazorik egon: terraza jartzea baimendu dugu leku guztietan, eta baita eremua zabaltzea ere". Ordenantza pandemia betean egin zuten aretxabaletarrek: "Ziurtasun juridikoarengatik egin genuen, gehienbat".

Bestalde, gainerako hiru herrietan bezala, Elkorok azaldu du terraza jartzeagatik ordaintzen den kuota kendu zutela pandemian: "Orain egoera desberdina da. Hala ere, zenbait gauza mantendu ditugu; adibidez, espazioa duten tabernetan terrazak baimentzen jarraituko dugu; ez dugu lehengo murrizketetara itzultzeko asmorik. Hori bai: orain, ordaindu egin behar da".

Alkateak esandakoari jarraiki, Orly tabernako jabe Igor Ezkibelek azaldu du "ziurtasun falta" dutela Aretxabaletako tabernari askok. "Aukera badago terrazak jartzeko, baina ez dugu bermerik. Urtarrilean esan behar da nolako terraza nahi dugun, zein egiturarekin eta zenbat mahairekin, baina datorren urtarrilera arte ez dugu jakingo zein den horren kostua (...) Nik lehengora bueltatzea erabaki dut, mahai kopuru berarekin, badaezpada", adierazi du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak