Duela hilabete eskas amaitu zuen Korrikak bere ibilia Donostiako Boulevardean. Lekukoa milaka euskaltzaleren eskuetatik igaro ostean, Karmele Jaiok jarri zizkion hitzak azken mezuari. Modu sinbolikoan bada ere, azken lekuko aldaketa gaur eguerdian egin dute Gipuzkoako hiriburuko Koldo Mitxelenan Alizia Iribarren AEKko koordinatzaile nagusiak eta Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak. "Hitzaren eta ekintzaren urtean", HitzEkin-etik Hitzez ekiteko garaia-ra; Korrikatik Euskaraldira, alegia.
Bi ekintzen garrantzia azpimarratu nahi izan du Iribarrenek, "euskararen dinamika soziala hauspotzeko, kolektiboaren indarra islatzeko, herriak euskaraz bizi nahi duela adierazteko eta hizkuntzaren biziberritzean urrats sendoagoak eman daitezen aldarrikatzeko” beharrezkoak direla argudiatuz. Urkijok Korrikak utzitako olatua aprobetxatu eta "euskararen erabileran, ezagutzaren unibertsalizazioan eta euskararentzako gune erosoak zabaltzen" urratsak ematen jarraitu beharra adierazi du. Gaineratu du "entitateei euskarazko praktika linguistikoak bultzatzeko neurri zehatzak hartzea" eskatuko dietela aurtengo Euskaraldian.
Euskaraldia, abian
Hizkuntza ohituretan eragiteko ariketa masiboa azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo den arren, abian da herriz herri eta batzordez batzorde egiten den aurretiko lana. Hala, eta herritarrei aurtengo ekitaldian parte aktibo izateko deia egiteaz gain, bi data garrantzitsu eman ditu jakitera Urkijok:
- Maiatzak 18, eguaztena: entitateek parte hartzea berresteko eta izena emateko epearen irekiera.
- Irailak 29, eguena: belarriprest eta ahobiziek parte hartzea berresteko eta izena emateko epearen irekiera.