Otsailetik atzemandako positibo kopuru handiena erregistratu da azken astean: 244

Jon Irizar Aranguren 2022ko mai. 9a, 14:58

Martxoaren lehen hamabostaldian behea jo ostean, goranzko joera hartu dute berriz egoera epidemiologikoari dagozkion datuek. Hala, 244 kasu atzeman dira azken zazpi egunetan Debagoienean, joan zen astean baino 51 gehiago. Intzidentzia-tasa, berriz, 682,74an da (+145). Ospitaleetan eta ZIUetan, baina, ez da aldaketa esanguratsurik izan.

Eusko Jaurlaritzak egoera epidemiologikoaren inguruan argitaratutako txostenak ondorio argi bat bistaratzen du: goranzko joeran dira datuak, eta bilakaerak ez du etenik. Atzera begiratuz gero, martxoaren 14ko eguneraketan izan zen bailarako astebeteko daturik baxuena: 57 kasu berri. Ordutik, pixkanaka gora egin dute balioek, azken zazpi egunetan zenbatu diren 244 positiboetaraino. Bi hilabete eskasean %328an hazi dira kasuak.

Herrikako datuei erreparatuz gero, badira maiatzeko lehen astean gorakada nabarmena izan duten lau herri: Antzuola, Aramaio, Eskoriatza eta Oñati. 18 kasu hauteman dira lehenean (+14), 10 bigarrenean (+9), 14 Eskoriatzan (+9), eta ia bikoiztu egin dira kasuak Oñatin (+35). Aretxabaletan ere gora egin dute positiboek, igoera apalagoa izan den arren (+2).

  • Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.

Lerroak, okertzen

Aldaketa txikiak izan ziren martxotik apirila erdialdera arte intzidentzia-tasen grafikoan. Azken lau asteetan, baina, goranzko joera nabarmena hartu dute lerroek, eta esponentzialki hasi dira hazten. Uneotan, 682,74an da bailarako tasa, duela astebete baino 145 puntu gehiagoan. Antzeko bilakaera atzeman liteke Hego Euskal Herriko lau probintzietan ere.

Ospitaleak, egonkor

Gorakadaren iluntasunean, baina, bada esperantzarako argi printzarik. Izan ere, apenas aldatu da Euskal Autonomi Erkidegoko ospitaleetako egoera azken zazpi egunetan –eguaztenean eguneratuko ditu datuak Nafarroako Gobernuak–. 317 ospitaleratu zeuden maiatzaren lehenean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; 324 dira astebete geroago –251raino jaitsi zen datua egubakoitzean–. ZIUetan, aldiz, 11 herritar zeuden hilabete hasieran; hiru gutxiago ziren atzo (8).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak