Errotak bisitatzeko aukera asteburuan, Erroten Egunaren barruan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko mai. 6a, 13:16

Lehen aldiz antolatu duten Gipuzkoako Erroten Egunaren barruan, bisita gidatuak izango dira Bergaran, Antzuolan, Oñatin eta Eskoriatzan; errota edo bolu haien "garrantzi historikoari, teknologikoari, antropologikoari eta etnografikoari" balioa eman nahi diote.

Ihurrita Errota elkartearen ekimenez eta Gipuzkoako hainbat elkarteren, erakunderen eta eragileren laguntzarekin, Errota Eguna ospatuko da domekan. Errotek lurraldearen historian izan zuten garrantziari balioa ematea du helburu ekimenak. Izan ere, errotak bertako ondare historikoaren, teknologikoaren, antropologikoaren eta etnografikoaren parte dira, eta mende askotan zehar garrantzi handia izan dute Gipuzkoako eta Debagoieneko garapen sozialean, ekonomikoan eta industrialean.

Antzuolakoa martxan, atzo

Lurraldearen orografiari eta klima euritsuari esker, errotaren industria garatu zen, mendeetan zehar energia hidraulikoa baliatzen zuen-eta komunitateari zerbitzua ematen zion hainbat zereal mota ehotzeko. Zerrategi moduan ere erabili ziren asko, eta argindarra ere eraman zen lehen aldiz leku askotara errota horiei esker. Debagoienean, Bergara, Oñati, Eskoriatza eta Antzuola batu dira Erroten Egunera; domekakoa izango da egun indartsuena ekitaldiei dagokienez, baina aste osoan izan dira ekitaldiak lau herri horietan. Atzo, adibidez, herritar talde batendako bisita gidatua egin zuten Antzuolako Akiñabei errotara –bihar eta etzi ere egongo da bisitatzeko aukera; azalpenak eman ostean, errota martxan jarri zuen Joxe Mari Iturbek, bertaratu zirenen gozamenerako.

Bergara, errota gehien zituena

Iraganaren parte dira errotak. Esan gabe doa gaur egungo panoramak ez duela zerikusirik duela mende batzuetako egoerarekin, ezta Antxon Agirre Sorondok 1988an kaleratutako Tratado de molinología liburuan bildutako 600 errota baino gehiagorekin ere. Hain zuzen, 2000ko urtarrilaren 21ean argitaratutako Berrigara aldizkariak kaleratutako gehigarri berezi batean zehazten denez, 661 errota izan ziren Gipuzkoan, eta 41 Bergaran. Iraganeko garrantzi ekonomikoa galduta, errotek ondare balio berria hartu dute, eta, Debagoienera etorrita, Bergara izan zen errota gehien izan zituen herria; Bergaran errotei bolu esaten zaie –herriko auzo populatuena den Bolua auzoak errota zuen izen bereko baserri batetik hartu zuen izena–. Bergarako errotak izeneko liburua prestatzen diharduen eta martitzenean hitzaldi interesgarria egin zuen Patxi Larrañagaren arabera, 40 errota edo bolu izan ziren Bergaran garai batean. 41 edo 40 izan, Larrañagak hitzaldian azpimarratu zuen ideietako bat honako hau izan zen: "Askotariko erabilerak zituzten errotek, baina imajinatu zenbat garo eta arto egongo zen Bergaran eta inguruetan 40 errotari jaten emateko...".

Erroten bueltako istorioak

Gaur egun martxan ez dauden arren, Bergarako errota ikusgarrienen artean dauden Narbaizabolua eta Elortzabolua errotetara bisita gidatuak egingo dituzte bihar, 11:00etan eta 12:00etan. Txanda bakoitzeko hamar lagun onartu dituzte eta bi txandak beteta daude dagoeneko, interesa piztu duen seinale. Narbaizaboluko Jesus Agirrek gogoan du umetan errota martxan ikusi izan zuela: "12-13 urte nituenean gelditu zen errotaren aktibitatea, baina oso oroitzapen onak ditut; kaletik gure baserrira etortzen ziren lehengusuak harrituta geratzen ziren errotarekin, eta gogoan dut irin-askan aritzen ginela jolasten. Errotak funtzionatzeari utzi zion, Bergarako ur depositurako atzemate edo kaptazio bat egin zenean ur maila asko jaitsi zelako; kontatu didatenez, ordaindu zizkiguten kalte-ordainak, baina ordutik ez dago ur nahikorik errota martxan jartzeko".

Elortzabolua baserriko errota ere aspaldi ez da martxan jarri, Amaia Zabaletaren arabera. "Laga zen moduan dugu errota. Halako ondare bat errespetuz kontserbatu behar dela transmititu ziguten gure aurrekoek... Zenbat istorio entzun ditugun errotez, esaterako, gerraosteko goseterako ze garrantzitsuak izan ziren argitzen dutenak". Anekdota horietako bat kontatu dio Zabaletak GOIENAri: "Gerraosteko errazionamendu garaietan, gosetea gordina zenean, baserritar batzuek ez zituzten Estatuaren aurrean zaku batzuk deklaratzen –ez zutelako besterik– eta gordeta izaten zituzten errotara eroan bitartean. Halako batean, Estatuko buruzagi bat etorri zen errotak ikuskatzera, bezperan ofizialki kontabilizatzen ez ziren zaku asko ekarri zituztela; kontatu didatenez, legez kanpoko zakuren bat edo beste topatu zuten, baina ez zen isunik izan; hori bai, halakoetan sekulako beldurra pasatzen zuten". Bergarako egitaraua ez da biharko bisita gidatuekin bukatuko; izan ere, domekan ibilaldi zirkular bat egingo dute Angiozarren, Angiozar errekaren bueltan dauden errotak bisitatuko dituzte eta.

Oñati eta Eskoriatza ere, barruan

Oñati eta Eskoriatza ere batu dira Erroten Eguneko ekitaldietara. Oñatin, esaterako, Turismo Bulegotik sustatuta, San Migel errotara egingo dute bisita gidatua etzi (11:00); lekurik balego turismo@onati.eus helbide elektronikora idatzi beharra dago, edo 943 78 34 53 telefono zenbakira deitu. Eskoriatzan umeendako tailerrak izango dituzte, Elorretako errotaren kanpoaldean, etzi, 12:00etatik 14:00etara. Gero, errota bera ezagutzeko bisita ere egongo da, helduendako, 12:30ean –euskaraz– eta 13:00etan –gazteleraz–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak