Hiru herri, izaera bereziko auzoan

Jone Olabarria 2022ko api. 29a, 12:03

Elorregiko auzotar batzuk, bus geltokiaren ondoan, duela hilabete batzuk auzoa aldarrikatzeko jarri zuten ikurrina atzean dutela. (Argazkia: Xabier Urzelai)

Bailarako elkargune garrantzitsuenetakoa da Elorregi. Bergara, Arrasate eta Oñatiren arteko muga izatetik harago, izaera "propio" eta "xelebrea" duen auzoa da. Jaietan murgilduta daudela, auzoaren behar eta aldarrikapenen berri eman dute

Martitzeneko egun eguzkitsua aprobetxatuz, Goienak Elorregiko jaien prestaketa lanetan murgilduta harrapatu ditu bertako auzotarrak. Eguaztenean eman zioten hasiera auzoko jaien egitarauari, eta hurrengo egunean jasoko duten txopoa moztu eta prestatzetik zuzenean iritsi dira hitzordura auzotar asko. Sanprubusaren bueltan elkartzeko ohitura dute, eta, bertan jarrita, egunero egin ohi duten moduan, azaldu dituzte euren kezkak eta auzoari buruzko inpresioak.

Elorregi, "xelebrea"

Haien auzoa deskribatzeko eskatuta, azkar erantzun dute: "Xelebrea". Zalantza barik, eta izaera aldetik, behintzat, Debagoieneko auzo kuriosoenetakoa da: denak dira Elorregikoak, baina bakoitzak badu erreferentziazko herri bat.

Bertan elkartu diren hamar auzotarretatik, gehienek Bergara edo Oñati dute erreferentziazko herri. Zergatiaz galdetuta, baserriaren kokapena edo eskolara nora joan ziren aipatu dituzte: "1969. urtera arte, zabalik egon zen Elorregiko eskola eta haur guztiak bertara joaten ziren. Ume gutxi zeudela-eta itxi zutenetik, bakoitzak herri baterako bidea hartu zuen eta horrek ere badu isla gaur egun".

Erreleboa, "zaila"

Elkartu diren auzotarren artean, adinekoak dira nagusi. Auzoak bizitako aldaketei dagokienez, barre artean diote trafikoa asko handitu dela, baina baita eguneroko bizitzan giroa galdu duela Elorregik: "Lehen, etxe bakoitzean ume pila bat zeuden, eskola itxi zutenean ere asko igarri zen, baita elkartearen bueltan ere". Auzoaren erreleboaz galdetuta, haurrik apenas dagoela aitortu dute auzotarrek, eta gazteek geroz eta gehiago herrigunera joateko ohitura dutela diote.

"Sanprubusa oso garrantzitsua izan da; auzotarrak elkartzeko gune bilakatu da"

Horren adierazle, duela urte batzuk arte, Elorregiko elkarteko kide izateko bertan jaioa edo bertara ezkondu izan beharra zegoen. Egun, nahi duten guztiek dute bertako kide izateko aukera, Arrasatekoa, Oñatikoa edo Bergarakoa izan.

Hala ere, "itxaropentsu" daude, eta, beste kontu askori buelta ematea lortu duten bezala, auzoa gaztetu eta biziberritzea posible dela uste dute Elorregiko herritarrek.

Eredu aldaketaren beharra

Azken urteetako bizitza eredua "agortuta" dagoela argi geratu dela uste dute auzotarrek, eta zero kilometroko nekazaritza eta produktuetan ikusten dute auzoari buelta emateko aukera on bat: "Orain arte, industria potentziatu eta nagusitasuna horrek izan du. Azkenaldian, bagabiltza gizarte moduan ekologia eta nekazaritza baloratzen, eta baliteke hemendik hamar urtera eredu aldaketa egotea. Hozkailuak ekoiztu, soldata on bat izan, zortzi orduko jarduna egitea izan da orain arte eredua, erosora jo dugu".

Adibide moduan, Elorregin zegoen Tavex enpresaren eredua jarri dute auzotarrek: "Hemen zegoen zelairik onenetakoa zen Tavex enpresarena. Urte on batzuk bai, baina begira nola dagoen orain, ekoizpena kanpora eraman, eraikina hemen hutsik eta ingurua txikituta".

Ildo horri jarraiki, irailean tokiko produktuen lehen azoka egin zuten Elorregin, auzoari merezi duen garrantzia emateko: "Askotarikoa izatea gura genuen, eta, azken batean, aniztasun horren isla ere bada Elorregi. Topagune bilakatu nahi da, eta gune honi mugimendu apur bat eman".

Sanprubusaren eragina

Lehen, pilotalekua eta elkarte ingurua ziren auzotarren erreferentziako guneak, baina, 2019ko maiatzean Jon Mujikak Sanprubusa martxan jarri zuenetik, bertan elkartzen dira egunero. Auzotarrek azaldu dute herritarrak batzeko gakoa izan dela: "Guretzat oso praktikoa da. Zerbait hartzera etorri eta denok hemen batzeko balio izan du, baita paseoan datorren jendearekin harremantzeko eta, orokorrean, herritarrak erakartzeko".

(Argazkia: Xabier Urzelai)

Azokak eta beste

Lehenengoz egin zuten 2021eko urrian Elorregiko sagardo azoka, "auzoa eta ingurua dinamizatzeko" helburuarekin, eta benetan arrakastatsua izan zen, hainbat herritar batu baitziren eguerdi partean sagarraren bueltan: "Auzotar baten ideiatik abiatuta egin genuen, eta, egia esanda, oso harrera ona izan zuen. Hemendik aurrera, eta oraindik formatua guztiz zehazteke, halakoak egiten jarraitzea da asmoa".

Orduan aitortu zutenez ere, Sanprubusak lortu du inguruari bizia ematea. Sagardoaren Egunaren helburua, baina, auzoa are gehiago dinamizatzea dela azaldu zuten. Hala, orduan batutako dirua Elorregiko auzoarentzat geratu zen.

"Udalek eta Foru Aldundiak ez dituzte aintzat hartzen gure betiko eskaerak"

Aurten ere Korrikan parte hartu dutela ere gogorarazi dute, auzotarren artean erosi zuten kilometroan, eta oso era berezian hartu zuten parte, gainera: "Adineko auzotar batek eraman zuen lekukoa, bizikletan, eta guretzat oso hunkigarria izan zen".

"Guztiz abandonatuta"

Auzotarrek egiten duten esfortzutik harago, zerbitzu asko falta zaizkiela salatu dute, eta bai udalen aldetik baita Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik "guztiz abandonatuta" sentitzen direla aitortu dute: "Urteak daramatzagu aldarrikapen berberak egiten. Ez da hainbesterako eskatzen duguna. Herrigunean gutxieneko bezala ikusiak dauden zerbitzu eta azpiegiturak ez ditugu Elorregin. Hori da eskatzen duguna, herrigunean minimoak diren zerbitzuak auzoetara ere zabaltzea. Udalek ez dituzte gure eskaerak aintzat hartzen eta elkarri pasatzen diote erantzukizuna".

Foru Aldundiarekin ere askotan saiatu direla diote, baina horiek ere udaletara bideratzen dituztela. Behin eta berriz azpimarratu dituzte behar nagusiak hitzorduan zehar: komuna, edateko ura eta bidea gurutzatzeko modu segurua.

Zaborrarekin arazoak

Auzoan ohikoak diren uraren eta komunaren eskaerekin batera, zaborra jasotzeko zerbitzu hobea ere behar dutela azaldu dute auzotarrek: "Elorregi biribilguneko eta aparkaleku inguruko zaborra auzotarrok jasotzen dugu. Auto batek zaborra bota nahi badu edo autobusean etorri denak zerbait bota nahi badu, Sanprubusera ekarri edo lurrean botata utzi behar du. Eta ondoren, auzotarrok jasotzen dugu zikin hori guztia ostean".

"Herriko zerbitzuak, hemen ere bai"

Behar nagusien artean, beste hainbatekin batera, edateko ura izatea, Elorregiko biribilgune eta autobus geltokiaren inguruan komun bat jartzea, makaldia garbitzea eta pilotaleku gunerako zebra-bide seguru bat azpimarratu dituzte Elorregiko auzotarrek. Azaldu dutenez, duela bederatzi urte egin zuten lehenengoz komunaren eskaera, eta ordutik hona "borrokan" jarraitu duten arren, ez dute "ezer" lortu.

Edateko urari dagokionez, diote badakitela "oso zaila" dela baserri guztietara ura eramatea, baina, gutxienez, pilotaleku eta elkarte ingurura eramatea exijitu dute. "Elkartean afaltzen egon bazara, eta zerbait edan, legalki autoan baino ezin zara handik irten. Oinezkoendako leku bat beharko genuke". Beste behin ere, herriguneetan gutxienekoak diren zerbitzuak auzoetan ere merezi dituztela aldarrikatu dute.

Jaietan murgilduta

Eguaztenean hasi eta asteburuan zehar auzoko jaiak ospatuko dituzte Elorregin, San Prudentzio egunarekin bat eginda. "Gogoz" azaldu dira auzotarrak, eta gustu guztietarako eskaintza prestatzen saiatu direla azaldu dute, "aurrekontuak ematen dituen aukeren artean. Auzotarren bazkaria, haurrentzako jolasak, gaztetxoendako kontzertuak... Apur bat denetik antolatzen saiatu gara".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak