Asteburua ekitaldiz beteta Elorregiko San Prudentzio jaietan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko api. 29a, 11:22

Elorregiko auzotar batzuk Sanprubusean tragoa hartzen, asteon.

Bi urteren osteko etenaldiaren ostean, bueltan datoz Elorregiko San Prudentzio jaiak. Egitarauarekin eguaztenean hasi baziren ere, ekitaldi garrantzitsuenak asteburuan zehar izango dituzte: umeendako jolasak, kontzertua, bertso bazkaria, mendi ibilaldia eta pilota partiduak, besteak beste.

Bailarako elkargune garrantzitsuenetako bat da Elorregi, herritar gehienendako San Prudentzio edo Sanpru izenez ezaguna den auzoa. Ofizialki Bergarako auzoa bada ere, arrasatearren eta oñatiarren topaleku ere bada (Ikus 2. orria). Hala, bi urteren osteko etenaldiaren ostean, bueltan datoz Elorregiko San Prudentzio jaiak. Egitarauari eguaztenean ekin zioten, garbiketa lanetarako auzolan batekin, makalaren jasotzearekin eta jaiei hasiera emateko afariarekin. Atzo, meza eta auzo afaria izan zuten. Gaur, Txatxilipurdiren eskutik umeendako jolasak izango dituzte Sanprubusaren inguruan (16:30) eta kontzertua ere egongo da Alkartasuna elkartean (19:00).

Bertso bazkaria, mendi buelta...

Bihar, hilak 30, bertsolariek lagundutako auzo bazkaria egingo dute Alkartasuna elkartean (14:30), eta, bazkaldu ostean, herri kirolak egingo dituzte: kaskarak batzea, sokatira, zinta lasterketa... Ondoren, bazkaritik sobratzen denarekin afaria egingo dute, 20:30 bueltan. Domekan, jaietako azken egunean, auzoa eta inguruak ezagutzeko mendi ibilaldia egingo dute (10:00); meza ere egongo da, elizan (10:30); ondoren, pilota partiduak ere izango dira auzoko frontoi estalian (11:30); eta amaitzeko, eguerdi aldera salda eta txorizo egosia dastatzeko aukera egongo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak