Maria Ruiz: "Oso garrantzitsua da eraldaketa digitalean teknologiaz gain, pertsonen kudeaketan arreta jartzea"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko api. 28a, 09:56

Maria Ruiz, ISEA S.COOPeko I+G koordinatzailea (Argazkia: Maria Ruiz)

Digitalizazioa pertsonen kudeaketa estrategikoaren esparruan hitzaldia antolatu du ISEA S.Coop-ek. Maiatzaren 4an izango da Arrasateko LKS eraikinean, goizeko 10:30etatik 12:00etara. Ekitaldiaren atarian, Maria Ruiz ISEAko I+G koordinatzailearekin hitz egin du Goienak. 

Digitalizazioaren ondorioz, enpresak lehiakorragoak izateko hainbat behar eta tresna agertu dira. Teknologian aurrerakuntzak bai, baina ISEA S.Coop-ek antolatu duen ekitaldian pertsonen kudeaketan jarriko dute arreta. Begoña Echaburuk (MIKeko ikertzaile talde nagusiaren koordinatzailea), Pilar Romerok (InGroup-eko antolakuntza eta garapenaren zuzendaria) eta Iratxe Lezetak (ULMA Packaging-eko talentu garapena eta kudeaketa) hartuko dute parte. Egun gutxiren faltan, ISEAko I+G koordinatzaile Maria Ruiz elkarrizketatu du Goienak.

Enpresen arteko lehiakortasuna hobetzea da zuen helburua, baina nola?

Pertsonen kudeaketarekin. Langilea arreta gunea izatea nahi dugu enpresa barruan, eurekin lotuta baitaude aldaketetarako erresistentzia eta etorkizuneko ikuspegi falta. Ez dugu ahaztu behar eraldaketaren barruan beraiek daudela, eta integratuta egon behar dira prozesu guztian zehar. Hori modurik eraginkorrenean egiteko gakoak emango ditugu maiatzaren 4ko ekitaldian.

Pertsonen kudeaketaz ari zara etengabe.

Enpresa barruan dauden giza-baliabideez eta lan-taldeez ari naiz. Enpresan prozesuak, produktuak eta emaitzak daudela ulertu behar dugu, baina garrantzitsuenak pertsonak dira, eta lan-talde bezala funtzionatzea izan behar da enpresen helburua.

Aipatzen duzu ikerketak, garapenak eta berrikuntzak ikasgai zailen bat dutela.

Pertsonen kudeaketaren prozesuan dauden erronkak eta eraldaketa modu egokian emateko gakoak aipatuko dituzte hiru hizlariek ekitaldian. Orduan, berrikuntza jarraia beharrezkoa dela esan behar da, eta hiru alderdi garrantzitsu daude. Digitalizazioa emateko negozio ereduen aldaketa behar da lantegietan, prozesuen birdefinizio bat, eta, azkenik, pertsonak eta antolakuntzak inguru eta digitalizazio horretara egokitu behar dira. Hizlariek hainbat datu ere emango dituzte gaiaren garrantzia erakusteko.

Bailarako enpresek transformazio digitalerako pauso hori eman dutela ikusi duzue?

Esate baterako, badakigu antolakuntzen %80 aldaketa digitaleko prozesu baten barruan dagoela. Baina horietatik %14k uste du digitalizazioak bere errendimenduan eragina duela edo hobetu dezakela. Beraz, zergatia planteatu behar dugu. Azkenean, eraldaketa ez da prozesua bakarrik; enpresa baten mentalitate, filosofia eta misioaren aldaketa suposatzen du. Horregatik, berrikuntzak rol garrantzitsua dauka, baina ez bakarrik teknologiak, baita pertsonek ere. Enpresek bi horiek integratu behar dituzte euren estrategietan. Garrantzitsua da dauden oztopoen eta porroten arrazoiak identifikatzea. Horretarako dago instituzio juridikoen rola. Instituzio publikoetatik argitaratzen dituzte transformazio digitalari zuzendutako diru-laguntzak. Horren guztiaren informazioa emango diegu ekitaldira hurbiltzen direnei; bai enpresa aldetik, baita sozialki ere.

Pertsonen kudeaketa bultzatzen duzue. Uste duzue bailarako langileak ere moldatu direla eraldaketa horretara?

Enpresak prozesuan zehar langileengan zentratzen ez direlako dator porroten portzentajea. Kasu batzuetan, hobeto burutu izan da pertsonen kudeaketa hori, baina beste batzuetan, ez. Zaila da kontuan hartu beharreko elementu horiek guztiak modu orekatu batean integratzea.

Akatsetako bat talentua ez aprobetxatzea dela diozu, eta talentu digitala erabili behar dela.

Talentu berriak ez erakartzea arazoetako bat izan daiteke. Digitalizaziorako abilezia faltarekin lotuta dago hori. Gizartea eta gu eraldaketa horren barruan gaude. Hain zuzen ere, gure egunerokotasunean tresna digital horiek erabiltzera behartuta gaude. Enpresan sartzen diren pertsona berri horiek nahiz dagoeneko barruan daudenek ere abilezia digital horiek behar dituzte etengabe aldatzen doan prozesuetara eta ingurunetara egokitzeko eta atzean ez geratzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak