Eusko Jaurlaritzak gaur eguneratu ditu egoera epidemiologikoari dagozkion datuak –astean behin argitaratzen dituzte apirila hasieratik–. Joan zen eguenean barrualdeetan maskararen erabileraren derrigortasuna kendu izanak bilakaeran izan duen eragina aztertzeko behar beste egun igaro ez diren arren, Aste Santuko zein Pazko Asteko balioetatik ondorio adierazgarri bat atera liteke: gora doaz berriz kasuak Debagoienean.
82 ziren apirilaren 10eko astean; 122 apirilaren 17koan; eta 151 kasu berri hauteman dira azken zazpi egunetan. Hots, bi astean ia bikoiztu egin da hautemandako kasu berrien kopurua. Arrasate (55) eta Bergara (43) izan dira, laugarren astez jarraian, kasu gehien zenbatu dituzten bi herriak, eta bailarako herri guztietan izan dira gutxienez bi kasu.
- Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.
Ia 200 puntu gora
Positiboen gorakadak eragin zuzena izan du intzidentzia-tasan. Hala, ia 200 puntuan igo da balioa azken bi asteetan; 237,47an zen apirilaren 10ean, eta 426,52an zen atzo. Goranzko bilakaera izaten ari dira Araba (413,98), Bizkaia (343,76), Gipuzkoa (340,48) eta Nafarroa (615,44) ere, azken bi asteetan bailarako tasaren besteko hazkundea izan ez duten arren.
276 herritar ospitalean
Hori da, hain zuzen, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan atzo ospitaleratuta zeuden herritar kopurua. Nafarroako datu berrien esperoan –eguaztenetan egiten du eguneraketa Nafarroako Gobernuak–, ospitaleetako presioa ere hazten doala atzeman liteke. Bai, gutxienez, ospitaleratu kopuruan, zainketa intentsiboen beharra duten herritar kopurua apenas aldatu baita azken bi asteetan. 10 ospitaleratu zeuden ZIUetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan apirilaren 10ean; 11 ziren joan zen domekan; eta 12, aldiz, atzo.