Maskararen erabilera ez da derrigorrezkoa izango barrualde gehienetan gaurtik

Mirari Altube Arrese 2022ko api. 20a, 08:29

Dekretu berria atzo argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean eta dagoeneko indarrean dago. Hala, bukatu da maskararen derrigortasuna barrualde gehienetan. Dena den, oraindik erabili beharko da ospitaleetan, osasun zentroetan, adinekoen egoitzetan, farmazietan eta garraioan.

Maskararen nahitaezko erabilera bukatu arren Osasun Ministerioak hori janztea gomendatu du pertsonen arteko distantzia 1,5 metrotik beherakoa denean eta espazioaren aireztapen egokia ezin denean bermatu; eta bereziki, biztanleria zaurgarriaren artean,  60 urtetik gorakoetan, immunodeprimitutako pertsonetan eta haurdun daudenen artean.

Lan eremuan eta ikastetxeetan ere ez

Lantegietan eta orokorrean lan eremuan ez da behartuko maskararen erabilera. Hala ere, Espainiako gobernuko osasun ministro Carolina Dariasek adierazi zuen atzo, enpresetako lan-arriskuen prebentzioko arduradunek zehaztuko dutela jantzi edo ez "lanpostuaren arriskuaren azterketaren arabera".

Ikastetxeetan "inolaz ere" ez dela derrigorrezkoa izango gaineratu zuen Dariasek, eta era berean argitu, maskara "arduraz erabiltzea" gomendatzen dela eta irakasle zaurgarrientzat gomendatu ere bai.

Derrigorrezkoa non?

Ospitaleetan, osasun etxeetan, odola emateko zentroetan eta farmazietan maskara erabili beharko dute langileek eta bisitariek. Pazienteek, berriz, eremu komunetan bakarrik jarri beharko dute.

 
Garraio publiko guztietan izango da derrigorrezkoa, hegazkinean, trenean, metroan, tranbian zein autobusean; baita itsasontzietan ere, 1,5 metroko segurtasun-tartea ezin bada bermatu. Geltokietan, ostera, ez da maskararik erabili beharko.
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak