138 positibo baieztatu dituzte azken zortzi egunetan

Itziar Larrañaga Sarasola 2022ko api. 19a, 14:59

Positiboek nabarmen egin dute gora Debagoienean. Kasu berri gehien Arrasaten eta Bergaran erregistratu dituzte, 43 eta 41 hurrenez hurren. Gainontzeko herriei dagokienez, Aretxabaletan 23 koronabirus kasu atzeman dituzte, Oñatin 21, Antzuolan 6, Elgetan 2, Aramaion eta Eskoriatzan bana, eta, Leintz Gatzagan zero. Bestalde, bihartik aurrera, espazio itxi gehienetan ez da nahitaezkoa izango maskara erabiltzea.

Apirilaren 11tik 18ra bitarteko datuak argitaratu ditu gaur Osasun sailak eta EAEko datuek zertxobait behera egin dute. Guztira, 3.202 positibo baieztatu dituzte; astebete lehenago 3.353 izan ziren. Honenbestez, zazpi eguneko intzidentzia tasak ere behera egin du, modu arinean bada ere, 152,88tik 146ra. Araban 752 izan dira zortzi egunetan jasotako positiboak, Bizkaian 1.888 eta Gipuzkoan 1.226. EAEz kanpokoak 32 izan dira, eta, Nafarroako datuak eguaztenean eguneratuko dituzte.

Ospitaleetako egoerak, aldiz, okerrera egin du. COVID-19aren eraginez 301 pertsona daude ingresatuta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan; aurreko astean baino ia 100 lagun gehiago. ZIUetan, bestalde, hamalau paziente daude. Horrez gain, birusaren eraginez hildakoak 17 izan dira azken zortzi egunetan.

Toki itxietan maskararik ez

Iragarritako moduan, Espainiako ministroen kontseiluak gaur onartu du toki itxietan maskara erabiltzeko derrigortasuna bertan behera uztea. Erabakia bihar sartuko da indarrean.

Eguerdian egin dute agerraldia Espainiako Gobernuko bozeramaile Isabel Rodriguezek eta Osasun ministro Carolina Dariasek. Gogora ekarri dute, osasun zentroetan eta adinekoen egoitzetan maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango dela bisitentzat eta langileentzat, baina ez egoiliarrentzat. Eta, garraio publikoan maskara erabiltzen jarraitu beharko da.

Horrez gain, Dariasek argitu nahi izan du ikastetxeetan ez dela derrigorrezkoa izango maskara erabiltzea. Ezta, orokorrean, lantokietan ere, baina enpresetako lan osasuneko prebentzio arduradunek "neurriak" har ditzaketela zehaztu du. Azkenik, derrigorrezkoa ez izan arren, musukoaren erabilera "arduratsua" egitea gomendatu du ministroak, hala nola, espazio itxietan pertsona zaurgarriekin kontaktua izaterakoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak