Bisitariak hartzeko prest

Julen Iriondo M. de Zuazo 2022ko api. 13a, 11:38

Askotariko turismo eskaintza izango da egunotan Debagoienean, bai kanpotik datozen bisitarientzat, baina baita bertakoak izan eta etxe ingurukoekin gozatu nahi duen jendearentzat ere; Gipuzkoa osokoarekin, agenda digitalean batu du Aldundiak.

Herri erdiguneetako ondarea –monumentuak eta beste– gidariarekin bisitatzeko aukera izango da, batetik, Oñatin –Aste Santuko egunetan, 13:00etan eta 17:00etan–, Bergaran –Aste Santuan eta Pazko astean, 11:00etan eta 12:30ean– eta Arrasaten – bihar, eguena, 10:30ean, euskaraz, eta 12:30ean, gaztelaniaz–.

Gainerakoan, bisitak izango dira Oñatin, Txokolateixan –Aste Santuan, 11:30ean– eta Arrikrutzen –eta Espeleotxiki hilaren 14an, 16an eta 17an, eta helduentzakoa 18an, 15:00etan–, eta baita Arantzazuko Santutegian ere –hilaren 24ra arte, 10:30ean eta 15:30ean, euskaraz, eta 12:30ean eta 17:00etan, gaztelaniaz–; bisitatzeko moduan izango dira Aizkorri-Aratzeko parketxoa eta Gomiztegi baserria ere, eta familientzako orientazio jolasa egingo dute domekan, 11:00etan, aurrenekoan, eta gaztagintzari buruzko saioa bihar, 11:30ean, bigarrenean –nahi izanez gero, irteera, perkatxetik, 10:30ean–. Euskal pottoka "behatzeko" bisitak ere egingo dituzte Pottokalekun.

Bergaran, berriz, Laboratorium museoak ordutegi zabala izango du opor sasoian, Olaso Dorrea eta lorategi historikoak ere izango dira bisitatzeko aukeran, eta Dolmenen Ibilbidea da, aurten ere, beste proposamenetako bat, Soraluzeko Karakatetik –Pazko astelehenez, 10:00etan–.

Arrasaten, herriko industria ondarea ezagutzeko bisita egingo da Ostiral Santu egunean –10:30ean, euskaraz, eta 12:30ean, gaztelaniaz–, eta udaletxean beste bi egunetan, bi zapatuetan, hain justu –aurreko ordutegi eta hizkuntzetan–. Horrekin batera, hilaren 17an, 18an eta 24an mendi ibilbideak egingo dituzte, Santagedaatxera, San Kristobal eta San Balerio ermitetara –errogatibak gogoratuz– eta Anporretara –Burdinaren Bidea, hezegunea eta Espainiako gerrako lubakiak–, hurrenez hurren, 09:00etan Herriko Plazan hasita.

Debagoieneko gainerako eskaintzari dagokionez, Elgetan Intxortako ibilbide gidatua egingo dute barikuan –euskaraz–, domekan –elebiduna– eta hilaren 24an –elebiduna–, 10:00etan abiatuta; Leintz Gatzagan, berriz, Aste Santuko egun guztietan egingo dituzte Gatz Museoan bisita gidatuak, 12:00etan –euskaraz– eta 13:00etan–gaztelaniaz–.

Debagoieneko eskaintzatik bisita aukeratutakoan, aurrez erreserba egitea gomendatzen da –lekua ziurtatzeko–; programatutako bisitez gain, zenbait kasutan badago aukera aparteko bisitak adostekoa ere.

Jendea, azken orduan

Oñatiko Turismo Bulegoko Edurne Urteagaren esanetan, ez da erraza Aste Santuko eskaintzak izango duen harreraren eta bisitari kopuruaren aurreikuspena egitea [aurreko astean hitz egin zuen GOIENAk harekin]: "Ikusten ari garena da jendea azken unerako ari dela uzten guztia. Orain arteko asteburuetan, behintzat, hori ari da gertatzen".

Bergarako Udaleko Komunikazio arduradun Saioa Rodriguezen arabera, berriz, herrian aurtengo berritasun nagusia da COVID-19ak baldintzatu gabeko eskaintzara itzuli direla: "Esate baterako, jende kopuru mugak-eta, lehengora itzuliko dira berriro".

Arrasateko Udalak, azkenik, zera adierazi du prestatutako eskaintzari buruz: "Gure herrian bertan altxor ugari dugu, gure ondarea, natura… eta era jasangarrian gozatu dezakegu. Ekintza kultural zein artistikoen osagarri da".

Gipuzkoako agenda digitala

Debagoieneko turismo eskaintza eta Gipuzkoako gainerakoa ere –ehundik gora jarduera– agenda digital batean batu du Foru Aldundiak. www.gipuzkoaturismoa.eus webgunean dago eskura. Aldundiko arduradunek adierazi dute "Gipuzkoa sustatzeko eta turismo fluxuak lurralde osoan banatzeko" ekimena dela, tokiko eragileekin elkarlanean gauzatua. "Gure lurraldean bidaiari izatearen ideia indartu nahi dugu. Benetako altxorrak ditugu etxetik gertu, eta une bikaina da horiek guztiak ezagutzeko, aldi berean, gure turismoa, gure ostalaritza, gure saltoki txikiak eta gure lehen sektorea babestuz, kontsumoaren bitartez", adierazi du Foru Aldundiko Turismo zuzendari Iker Goiriak. 

BORDA ARANZAZU, OÑATI

Aste Santuko egunak hartuta dituzte Borda Aranzazun. "Pazko asterako geratzen da egunen bat libre", dio Julen Arabaolazak [aurreko astean galdetu zuen GOIENAk ostatuetan]. Eurena dute Sindika hotela ere: "Ostegun eta Ostiral Santu egunetarako dena beteta dugu, talde batzuk ditugu eta; zapaturako badugu logelaren bat libre, baina bai, badaude erreserba batzuk". Itxaropentsu dago Arabaolaza: "Ea lan apur bat egiten dugun; jaiegun hauek beti etortzen dira ondo". Sarritan bezala, eguraldiak ere baldintzatuko du ostalarien lana: "Eguraldi onarekin, mendira-eta etortzen da jendea, eta hori igarri egiten da tabernan eta jatetxean egin zenezakeen lanean. Eguraldi ona egiten badu, ibiliko da mugimendua". Bi urte gogorron ostean, jendeak irteteko gogoa baduela dio Arantzazukoak.

HOTEL MONDRAGON, ARRASATE

Hotel Mondragonen gustura daude Aste Santurako erreserbekin: "Okupazioa %20 inguru igo da aurreko urtekoarekiko", dio administrazio arloko buru Narcisa Berlak. 46 logela dituzte hotelean: "Ez dago %100era beteta, baina erdia baino gehiago bai. Eta hilaren 13tik 16ra jende gehiago ibiliko da. %60tik gorako okupazioa izango dugu orduan". Dena dela, jendeak azken unean erreserbatzeko joera duela dio Berlak: "Oraindik espero dugu jende gehiago etortzea. %70-80ko okupazioa posible izan daiteke". Pandemia aurreko egoera oraindik ez dela itzuli dio hoteleko arduradunak: "Jendeak ohiturak aldatu ditu. Uzkur dago jendea".

LAMAINO ETXEBERRI LANDETXEA, BERGARA

Bergarako Lamaino Etxeberri landetxeko Maite Aristegik dio aurtengo Aste Santuan "ondo" lan egingo dutela: "Nahikoa beteta dugu landetxea". Egun onak Aste Santukoak izango dira Bergarako San Martzial auzoko landetxean: "Pazko astea hemen ez da igartzen. Pazko astean langileak-eta, betiko bezeroak, izaten ditugu gurean". Sei logela bikoitz eta bi apartamentu dituzte Lamaino Etxeberrin: "Aspalditxotik ditugu hartuta, egia esanda. Zaragozako kuadrilla bat etorriko da; lehenago ere etorri izandakoak dira. Lau egunerako egin zuten erreserba". Pandemia aurreko garaiarekin alderatuta mugimendua oraindik ez dela normaldu dio Aristegik, nahiz eta badoan hobera: "Asteburuetan-eta, oraindik ere, jende gutxixeago dabil lehen baino. Baina badoa normaltzen, bai, badoa".

IBARRE LANDETXEA, ANTZUOLA

Aste Santu honetarako jendea "animatu" dela dio Antzuolako Ibarre landetxeko Pilar Belastegik: "Egia da, gero, eguraldiaren arabera, jendeak bertan behera utzi ere bizkor egiten duela. Baina, tira, momentuan ondo, oraindik dena bete gabe dago, baina...". Bisitariak "hiruzpalau egunerako" etortzen direla dio: "Asteazkenean hasten dira etortzen, eta domekara arte edo astelehenera arte". Pazko astean "enpresetako jendea-eta" itzultzen da. Oporraldietan, atzerritarrak ere nahikotxo etortzen zaizkie, eta gauza normaltzen hasi da, nahiz eta igartzen duen erreserbak ez direla lehen besteko aurrerapenez egiten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak