Bergarako Lacor-Ibili Taldea, 2022ko Gipuzkoako Enpresa

Julen Iriondo M. de Zuazo 2022ko api. 8a, 12:15

Gipuzkoako Bazkundearen saria jaso du sukaldeko eta ostalaritzako tresneria egiten duen eta bi familia-enpresaren bategitearen ondorio den taldeak. "Nazioartekotze maila handia" eta "salmenta digitaleko estrategia irmoa" aitortu dizkiote sariarekin.

80 herrialde baino gehiagotan saltzen ditu produktuak Lacor-Ibilik. "Kontsumoari lotutako produktuak" dira, "Gipuzkoako enpresen artean oso ohikoa ez den produktu mota", Gipuzkoako Enpresa saria ematean Bazkundeak azpimarratu zuenez; eta, berezitasun horri lotuta, enpresaren hainbat alderdi nabarmendu zituzten: produktuak azkar entregatzeko, logistika azpiegituran egindako inbertsioa; produktuaren garapenean, diseinuan eta berrikuntzan erakutsitako dinamismoa; online salmenta kanalarekin, besteak beste, merkatuaren eskakizunetara egokitu izana; bezeroen eta erabiltzaileen feedbacka lortzeko aukera ematen duen marketin digitaleko kanala garatu izana –merkatuaren joerak azkar antzemateko eta marka merkatuan hobeto kokatzeko aukera ematen duena–; eta pandemiak ekarritako erronkari erantzuteko izan duen gaitasuna.

Azken horri dagokionez, Bazkundeak nabarmendu du Lacor-Ibili Taldeak bere historiako fakturazio marka ezarri duela –75 milioi eurotik gora, 2021ean–, pandemia aurreko salmentak %20 baino gehiago handituta: "Hori guztia posible izan da talde kohesionatu bat izateagatik, egoera berrietan aukerak bilatzearen aldeko apustua egiteagatik". Taldeak 180 langile inguru ditu.

MUrekin lankidetza

Lacor-Ibiliren produktuen garapena, diseinua eta berrikuntza nabarmendu ditu, besteak beste, Gipuzkoako Bazkundeak. Ibiliko zuzendari Iosu Rodriguezek dio "sarri berritzen diren eta etengabe merkatura egokitzen ari diren katalogo zabal eta dinamikoak" dituztela taldeko bi enpresek: "Dozenaka ideia berritzaile sortzen ditugu urtero. Geure diseinu taldearen eta kanpoko eragileen arteko elkarlanaren ondorio dira; Mondragon Unibertsitatearekin dugun harreman estua nabarmendu behar da, alde horretatik: eurekin dugun harremanak produktuaren garapenerako hain beharrezkoak diren berrikuntza, freskotasuna, gaztetasuna, dinamismoa, purutasuna eta, zergatik ez esan, inozentzia, naturaltasuna eta bat-batekotasuna ere eskaintzen dizkigu".

Dibertsifikazioa –arriskuak prebenitzeko– da Bergarako enpresa taldearen arrakastaren beste gako bat. Produktuari dagokionez, ostalaritzarako eta etxerako jardunda eta bakoitzerako, sukalderako zein mahairako, eskaintza zabala izanda; eta, "batez ere", dibertsifikazioa salmenta kanalei dagokienez, sarean eta kanal fisikoan –merkataritza-gune handiekin, burdindegiekin, biltegi handiekin, etxetresna denda eta kateekin, ostalaritza hornitzaileekin...– jardunez: "Tamaina txiki eta ertaineko bezeroak dira, oro har, kantitatez ugari, eta Europa osoan sakabanatutakoak".

Marketin digitala

Marketin digitalari ere zor dio, esan bezala, Lacor-Ibilik bilakaera baikorra. Iosu Rodriguezek dio taldean "beti" izan dutela "teknologia berriekiko interesa", eta milurteko berriko lehen urteetan hasi zirela marketin digitalarekin lanean: "Webguneak garatzen hasi ginen, sareko posizionamendua lantzen eta gure bezero eta erabiltzaileekin sare sozialen bitartez harremanak izaten. Horrela sortu dugu sareko komunitate handi bat, egunero komunikatzen gara harekin, eta horrek laguntzen digu merkatuaren joera eta behar berriak azkar eta modu eraginkorrean ezagutzen eta ulertzen, eta produktuen garapena aurreikusteko, zerbitzua hobetzeko eta abarrerako aukera ematen digu horrek".

Aurretik aipatutako guztiari pandemia batuta, enpresa bergararrak aurrez ikusi gabeko emaitzak iritsi ziren; hala azaltzen du Lacorreko zuzendari Joseba Azkargortak: "Hasiera batean, eta ohiko aisialdirako zeuden mugengatik, denbora sukaldean pasatzeko joera handitu egin zen. Gerora, baina, egonkortu egin da, hein handi batean, joera hori, eta, gaur egun, pandemia aurretik baino jende gehiago aritzen da sukaldean, izan beharragatik edo izan zaletasunagatik. Beste alde batetik, ostalaritza itxita eta telelana egitera behartuta, jende askok ez zuen sukaldean hasi beste erremediorik izan. Tresneria eskaria nabarmen handitzea ekarri zuten aipatutako bi arrazoiek". Eta Azkargortak dio egoera berriek eragindako beharrak aurreikusteko gai izan zirela, eta aparteko eskari horri erantzun ahal izan ziotela horrela.

Etorkizuna

Aurrera begira, Lacorren erronka da "hain emaitza onak ematen ari den digitalizazio prozesuarekin jarraitzea"; horrez gain, ostalaritza "behin betiko" errekuperatuko den itxaropena du enpresako zuzendariak, eta dio "egungo hornikuntza krisiak eta prezioenak" ahalik gutxien eragitea espero duela.

Ibiliri dagokionez, berriz, 80 urte beteko ditu aurten enpresak, eta hazkundean egonkortzeko asmoz ospatuko du urtebetetzea: "Atzera begiratuta eta urteetako bilakaera aztertuta, aurreko bi urte berezi horien ostean, orain dugun helburua da azken urteetan lortutako hazkundearen zati handiena egonkortzen saiatzea".

Iosu Rodriguezen arabera, "ziurgabetasun garaian egon arren", arrakastara eraman dituen "estrategiaren kontzeptuak lantzen" jarraitzeko asmoa dute: "Batez ere, azken urteetan gehitu ditugun zenbait baliotan sakontzekoa: zintzotasunean eta ingurumenaren errespetuan, bereziki. Era honetara nahi dugu albait bizkorren beste bultzada bat lortzeko geure burua indartzea". Eta guztia, duten "pertsona talde oso profesionalarekin".

Izaskun Larrañaga, Lacor-Ibiliko zuzendari nagusia: "Pandemiatik indartuta irtetea ez da kasualitatea"

Gipuzkoako Bazkundeak emandako sariak gauzak ondo egiten ari direla esan nahi duela dio Larrañagak: "Enpresa berritzaileak, industrialak, esportatzaileak, sustraiak Gipuzkoan dituztenak saritzen dituzte, eta guri emateak esan nahi du enpresa horietakoa garela".

Nola hartu duzue Bazkundeak 2022ko Gipuzkoako Enpresa saria zuei eman izana?

Poz handiarekin jaso dugu. Azken urteak gogorrak izaten ari dira merkatuarentzat, orokorrean, zailtasunak kudeatzeko orduan, batez ere, eta halako sari bat jasotzeak berresten digu, ondorioz, gauzak ondo egin ditugula, eta energiaz betetzen gaitu, etorkizunean ere dakigun bezain ondo lan egiten jarraitzeko.

Ez da, gainera, sari hau jaso duzuen lehen aldia.

Duela hogei urte ere jaso zuen sari hau aurreko belaunaldiak, eta orain berresteak esan nahi du aitortzen digutela gauzak ondo egiten jarraitzen dugula. Belaunaldi bakoitzak bere erara lortu ditu helburuak, baina beti balio beretan oinarrituta; balio haiei esker gaude gauden lekuan, eta haiek lantzen jarraitu behar dugu. Ez da kasualitatea pandemia gainditu ez ezik, bertatik indartuta irten izana; lan egiteko eragatik eta pandemiaren aurreko urteetan hartutako erabakiengatik izan da.

Nazioartekotze maila handia nabarmendu du, besteak beste, Bazkundeak; nazioartekotzea, salmentei dagokienez, ekoizpenak Bergaran jarraitzen baitu –beste leku batzuetan ekoizten diren produktuak merkaturatu ere egingo duzue...–.

Bergaran ekoiztearen eta gure zenbait produktu munduko beste leku batzuetan egindakoak izatearen arteko konbinazioak dakar gure katalogoa hain malgua izatea. Baina gure DNAn dago ekoizleak izatea, eta ekoizleak izatea gure herrian, Bergaran. Sustraidun enpresatzat dugu geure burua, eta horrela jarraitu nahi dugu. 80 urte daramatzagu Bergaran ekoizten, eta harro gaude horrela izateaz, zenbait unetan gerta daitezkeen zailtasunak gorabehera.

30.000 metro koadroko logistika zentroa duzue Dulantzin. "Online salmenta merkatuan ezartzen ari den joerari jarraikiz, eskaeren aurrean berehalako erantzuna eta produktuen entregan bizkortasuna lortzeko logistika azpiegituretan egindako inbertsioa" ere azpimarratu du Bazkundeak.

Betiko merkatuari kasu egiteari utzi gabe, betiere. Logistikari dagokionez, gure merkatuko talde guztietara egokituko den askotariko zerbitzuen aldeko apustua egin dugu.

Fagor Electronica, nazioartekotzeagatik saritua

Lacor-Ibilirentzat izan da Bazkundeak banatzen dituen sarietan garrantzitsuena. Beste kategorien artean, baina, Arrasateko Fagor Electronicak ere jaso du aitortza, Enpresa Nazioartekotzea deritzona, hain justu ere, "nazioartekotzen aitzindari izateagatik –1992an jarri zuen Asian lehen ekoizpen planta; Mondragonen aurrenekoa–" eta "nazioartekotze bultzada berrituagatik –bi urteotan beste lau herrialdetan ezarri da–", Bazkundeak arrazoitu zuenez. 520 langile eta zazpi lantegi ditu Fagor Electronicak, sei herrialdetan –Thailandian, Txilen, Mexikon, Turkian eta Kolonbian ere badago–. Esportazio maila %70etik gorakoa du, eta, 2016tik aurrera, hainbat sektoretan osagai elektronikoak sartzen hasita eta kooperatibak nazioartean lortutako posizionamenduaren ondorioz – Toyota, Airbus, Robert Bosch, Grupo Antolin, Siemens, Electrolux, Eika, Copreci... ditu bezero–, atzerriko bigarren ezarpen prozesu bat egin behar izan du, bezeroak euren herrialdeetatik hornitzeko. Taldearen fakturazioa 75 milioi euro ingurukoa izan zen iaz, salmentak Europa, Asia eta Amerika artean banatuta.

Kooperatiban, gustura

Fagor Electronican "oso pozik" jaso dute Bazkundearen saria. Monica Vaz presidentearen arabera, nazioartekotzea eta lantegiak bezeroen herrialdeetan euretan edukitzea ezinbestekoa da kooperatibarentzat, batez ere, Ekoizpen Elektroniko Zerbitzuen negozioan: "Zirkuitu logistikoa oso zaila da bezeroarengandik urrun bagaude". Geopolitika kontuan izanda ere, bezeroentzat oso garrantzitsua da gertu egotea, arriskuak gutxitzeko.

Nazioartekotzearen eta, balio kooperatiboei jarraikiz, gertuko komunitatean enplegua eta aberastasuna sortzearen arteko bateragarritasunari buruz galdetuta, "haztea eta errentagarri izatea" beharrezkoa dela dio Vazek: "Kanpoan lantegiak irekitzeak gure proiektu kooperatiboa indartzen du, eta baita hemengo lanpostuei eusteko aukera ere. Lehen aipatu dugu gure bezeroen hornitzaile global izan eta haiei gertuko hornikuntza ziurtatzeak duen garrantzia; bezeroei hori eskaintzeko aukera izateak ahalbidetzen digu jatorriko gure kooperatibetarako proiektuak geureganatzea, gure bezeroentzat oso interesgarria baita partner glogal bat edukitzea. Gainera, arriskutsua litzateke bezeroei gertutasun hori ez eskaintzea, konpetentzia sartuko litzatekeelako toki horietako proiektuetan, eta gertatu ahalko litzateke horrek zalantzan jarraraztea jatorriko kooperatibaren proiektuak. Bestalde, gai transbertsaletan, filialei eskaintzen zaien arretaren zati handi bat hemendik eskaintzen da, eta horrek ere lanpostuak sorrarazten ditu hemen".

Etorkizunera begira, itxaropentsu mintzo da Fagor Electronicako presidentea: "Proiektu ugari ditugu gure negozioetan, eta aurreikuspena haztea da. IoT, komunikazio, energia, elektro-osasungintza, konektibitate, elektromugikortasun... sektoreak hazten ari dira, eta denek dute elektronika askoren beharra".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak