Horitik laranjara igaroko da elurragatik ezarritako abisua egubakoitz eta zapatuan

Jon Irizar Aranguren 2022ko mar. 31a, 13:02

(Argazkia: Goiena)

Euskal Meteorologia Agentziak abisu horia ezarri zuen gaur iluntzerako elurragatik. Bada, horitik laranjara igaroko da alerta egoera apirilaren lehen bi egunetan. Egubakoitz goizaldetik –00:00– zapatu goizera –10:00– elur-kota 200-300 metroraino jaistea aurreikusten du iragarpenak.

Martitzenetik giro euritsu eta hotza da nagusi Debagoienean, eta aurreikuspenen arabera, hala jarraituko du datozen egunetan ere. Hala, Euskal Meteorologia Agentziak gaur iluntzerako ezarri zuen abisu horia mailaz igoko da orduek aurrera egin ahala; hots, egubakoitzean eta zapatu goizean alerta laranja egongo da indarrean bailaran.

Euskalmetek iragarri duenez, 700-900 metrotik 200-300 metrora jaitsiko da egubakoitz goizaldean elur-kota –Bergara salbu, 200 metrotik gora daude bailarako herri guztiak–. Egunak aurrera egin ahala igotzen joango da aipatutako kota, baina zapatu goizaldean minimo horietan berriz zuritzea aurreikusi dute adituek. Ondorioz, egubakoitz goizaldetik –00:00– zapatu goizera –10:00– ezarri dute abisu laranja.

Etenik ez

Zapatuan zehar elur maila igotzen joango den arren, alerta egoera mantentzeko hautua egin du Euskalmetek. Zehazki, laranjatik horira igaroko da abisua zapatu goizetik eguna amaitu bitarte. Tenperaturetan aldaketarik espero ez den arren, domekan prezipitazioak etengo direla adierazten dute iragarpenek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak