Abisu horia eguenerako, elurragatik

Jon Irizar Aranguren 2022ko mar. 29a, 13:13

Korueta auzoa, Kurtzebarri (1.133m) zurituaren magalean. (Argazkia: Goiena)

Martxoko azken egunean elurra egingo du Debagoienean Euskal Meteorologia Agentziaren aurreikuspenen arabera. Hala, abisu horia ezarri du eguen iluntzerako; zehazki, gaueko 21:00etatik gauerdira arte ezarri dute alerta egoera. Iragarpenen arabera, baina, egubakoitza eta zapatua izango dira asteko egun euritsu eta hotzenak.

Joan zen asteburuko giro epel eta lehorraren ostean, eguraldi aldaketa esanguratsua egongo da datozen egunetan Debagoienean. Iragarpenen arabera, giro heze eta hotza egingo du eguaztenetik aurrera, eta elurra ere aurreikusten dute adituek. Hala, Euskal Meteorologia Agentziak abisu horia ezarri du elurragatik eguen iluntzerako.

Euskalmeten arabera, 1.400 metro inguruan egongo da elur-kota martxoko azken egunak argitzearekin batera, eta iluntzean 700-900 metroraino jaitsiko da. Gaueko 21:00etatik 24:00etara ezarri dute alerta egoera, baina aintzat hartu beharrekoa da gisa honetako abisuak bi eguneko aurrerapenarekin egiten dituztela. Muturreko egoera luzatzen bada, beraz, bihar egingo dute jakinarazpena.

Egubakoitza eta zapatua

Izan ere, eta iragarpen desberdinak erkatuta, egubakoitzerako –Korrika igaroko da bailaratik– eta zapatu goizerako espero dira prezipitazio ugarienak eta tenperatura hotzenak. AEMET Espainiako Meteorologia Agentziaren arabera, esaterako, %100ekoa da prezipitazio probabilitatea, zero graduren bueltakoak izango dira tenperatura minimoak –7 graduren bueltakoak maximoak–, eta 300-400 metrora jaitsiko da elur-kota.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak