Goienaren lekukoa, Goienakideen esku

Julen Iriondo M. de Zuazo 2022ko mar. 29a, 10:00

Ibabe, Irazabal eta Garcia, aurrenekoaren bizitokian, Aretxabaletan.

Aretxabaletan izango du Goienak bere kilometroa, eta Goienakideek edukiko dute lekukoa eramateko ardura eta ohorea; kide gazteena eta zaharrena gonbidatu nahi izan ditu komunikazio taldeak, eta zozketa bidez erabakitakoa izango da hirugarrena.

"Gogotsu" daude Maria Jesus Ibabe, Ane Irazabal eta David Garcia, eguna noiz iritsi eta 22. Korrikaren lekukoa ondo goian eramateko zain. Goienakideak dira hirurak, eta eurei egokitu zaie Goienaren kilometroan – aurtengo edizioko 250.a– lekukoa eramatea.

"Oso pozik" jaso du gonbidapena Maria Jesus Ibabek. Gustura beteko du Goienak proposatu dion zeregina, euskaltzale ororentzat hain seinalatua den ekimenean: "Euskaldunak garenez... Erdararik ez dakigu eta!".

Dio ekimen "oso polita" dela Korrika: "Gaztetxoagoa banintz..."; takarraran egiteko batek jakin, baina irakurtzeko-eta zaletasuna badu Ibabek, eta hala heltzen die Goienaren argitalpenei ere: "Irakurtzea asko gustatzen zait, hemengo gauzez enteratzea; oso gustuko dut Goiena". Eta saritxoren bat ere egokitzen da tarteka: "Bai, zu, egia, adin honetan; baina sekula ez da berandu, ezta?". Ez horixe, Korrikaren lekukoa eramateak eragiten duen zirrara dastatzeko, ez.

David Garciari zozketa bidez egokitu zaio Korrikaren lekukoa eramateko aukera: "Ilusioz hartu nuen. Gogoz nago eguna ailegatu eta lekukoa eramateko".

Lanari tartetxoa ere kenduko dio, Goienaren izenean lekukoa eramatearren: "Aurten ez nintzen korrika egitekoa, lanean arratsaldez nabilelako, baina aukera hau ezin da galdu". Etxean Goiena "beti" izan duen eskoriatzarrarentzat ere, saritxoa.

Ane Irazabal oñatiarra da Korrikaren lekukoa eramango duen hirugarren Goienakidea; lehen aldia izango da beretzat: "Ilusioa egiten du. Ez dago jakiterik beste inoiz aukerarik izango ote den, eta gogoz nago".

Oñatitik ez da pasako aurtengo Korrika, baina Irazabalentzat izango du kutsu berezia: "Egun garrantzitsua izaten da, nahikoa emozio nahasten dira, zirrara... Oraingoa Oñatitik pasatzen ez denez, aukera hau sortu izana pozez hartu dut". Goienakide izateaz, argi dio: "Bertako komunikabide bat izanda, gure hizkuntzan, ez zait esfortzu handia iruditzen norbanako moduan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak