Amurrion martxoaren 31n hasi eta Donostian apirilaren 10ean bukatuko den aurtengo Korrika apirilaren 1etik pasako da Debagoienetik. Soraluzetik helduko da Bergarara eta GI-627 errepideari jarraituz sartuko da Araban. Ibilbide horrek Korrika ofizialetik kanpo uzten ditu bailarako lau herri: Oñati, Aramaio, Antzuola eta Elgeta. Korrika ez da herri horietatik pasako, baina herri horiek sartuko dira Korrikan.
Oñatin, Korrika propioa
Oñatin, esaterako, bertako Korrika egingo dute, ibilbide propioa izango du eta hori bukatzearekin batera sartuko dira gero Korrika ofizialean. Egunean bertan izango da hori, apirilaren 1ean. Korrika Txikia egingo dute lehendabizi, herri barruan, 10:30ean. Lehen Hezkuntzako herriko ikasleek hartuko dute parte hor, mailaka, ohiko ibilbidea eginez: Plazatik Etxaluzeraino Txantxiku Ikastolako ikasleek eramango dute, handik Santa Marina plazaraino Elkar Hezikoek eta handik plazarainoko tartean, Urgainekoek. Horren segidan, 11:30ean, Elorregirako bidea hartuko du Oñatiko Korrikak, bidegorritik.
Lehendabiziko metroak hiru ikastetxeetako ikasleek eta irakasleek egingo dituzte, gainerako ikasleek ere Korrikan parte hartzeko, eta gero, eskuz esku pasako dute lekukoa Korrika diruz lagundu duten herriko eragileen artean. 12:30erako Elorregin izango dira eragile horietako guztietako ordezkariak eta han sartuko dira Korrika ofizialaren barruan.
Oñatitik Elorregira bitartean dauden zazpi kilometroak bidegorritik egingo dituzte. Lekuko aldaketak egiteko puntuak markatuta egongo dira aldez aurretik, ondo adierazita, eta musikaz girotuta egingo dute ibilbide hori. Bidegorriak ez du zabalera berbera distantzia horretan guztian, eta ezingo dute automobilik erabili lekukoaren aurrean joateko. Baina, horren ordez, bi lagun bizikleta gainean joango dira, mikrofonoekin eta megafoniako karroa eramanez, Oñatiko Korrika propioa girotzeko, musikaz zein hitzez.
Ekiloreraino
Elorregiraino Korrika Txikian erabiltzen duten lekukoa eramango dute oñatiarrek, eta bailarako hiru herri handienak lotzen dituen biribilgune horretan hartuko dute Remigio Mendiburu eskultoreak egindako jatorrizko lekukoari Juan Gorriti artista nafarrak 1988ko Korrikarako egindako berria, haren moldaketa. Lekukoa hartu eta Ekilore pareraino eramango dute oñatiarrek. Horretarako prest nortzuk dauden galdetu dute Oñatiko Korrika batzordean, eta proposamena da prest dauden eragile bakoitzeko ordezkari bana joatea kilometro horretan pankartaren aurretik Oñati ordezkatzen, eta euren artean pasatzea lekukoa tarte horretan. Oraindik, baina, erabaki barik dute nortzuk eta zenbat izango diren lagun horiek. Izan ere, oraindik epea zabalik dago Korrika diruz lagundu gura duten eragileendako, ahalik eta gehien lortu gura dituzte eta.
Bergaran eta mugan
2015ean pasa zen azkenengoz Korrika Elgetatik. Kilometro bat erosi du Udalak, eta herri tar guztiak gonbidatu ditu tar- te horretan parte hartzera; gasolindegi ondoko biribilgunean hartuko dute lekukoa elgetarrek. Korrika Txikia egingo dute, bestalde, baina hurrengo astean izango da hori, apirilaren 8an.
Antzuola ere Bergaran sartuko da. Aurreko edizioan ere ez zen herritik pasatu, eta Aiherrara joan ziren orduan hainbat herritar autobusez zein autoz. Handik ere ez da pasako aurten, eta Bergarara joango dira, beraz, Korrikan parte hartzera; San Antonion hartuko dute lekukoa. 3.000 euro zituen Udalak gordeta euskararen aldeko ekimen honi laguntzeko, eta kopuru hori eman dio AEKri, herrian ez dute-eta ezer antolatuko, ikastetxeek egingo duten Korrika Txikia salbu. Antzerako egoeran daude Aramaion ere. Bi kilometro hartu dituzte aramaioarrek, eta Gipuzkoako azkena eta Arabako lehena egingo dituzte, 14:30a inguruan. Ordu berean egingo dute herrian Korrika Txikia.
Hurrengoa, Gipuzkoatik
Bukatzen diren lurralde berean hasi ohi dira Korrikaren hurrengo edizioak. Irizpide berbera jarraituz gero, beraz, hurrengoa, 2024koa, Gipuzkoatik hasiko da, Donostian bukatuko da-eta oraingoa. Aurten pasako ez den Debagoieneko herri batetik, agian.