79 positibo berri bailaran, joan zen astean baino 22 gehiago

Jon Irizar Aranguren 2022ko mar. 21a, 14:23

Iragan asteko bidetik, gora doaz egoera epidemiologikoari dagozkion datuak Debagoienean. 79 positibo hauteman dira azken zazpi egunetan, aurreko astean baino 22 gehiago. 200etik gora kokatu da berriz intzidentzia-tasa (212,48), eta aldaketak izan dira intzidentzia mapan. Erietxeetan, momentuz, egonkor mantentzen dira balioak.

Seigarren olatuak urtarrila hasieran jo zuen goia, eta badirudi jaitsierak ere ukitu duela behea. Hala ondorioztatu liteke, bederen, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak azken bi asteetan egindako datuen eguneraketetatik. Eta iragan eguenera arte Debagoiena salbuespenetako bat zen arren, Hego Euskal Herriko gainerako lurraldeen joerara batu da azken egunotan.

79 kasu berri hauteman dira bailaran azken astean, martxoaren 7tik 13ra atzeman zirenak baino 22 gehiago. 13na positibo gehiagorekin, adierazgarrienak Arrasate eta Bergararen gorakadak izan dira. Gorabeherak gorabehera, gainerako herrietan apenas aldatu da egoera, eta mantendu egin dira balioak.

  • Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.

Kurban sartuta

Kasu berrien bidetik, intzidentzia-tasak kurban sartuta daude. Bailarako balioa 212,48an da, eta azken lau egunetan 14 puntuan egin du gora. Bestelakoa da Hego Euskal Herriko probintzien egoera, bikoiztu egiten baitute Debagoieneko tasa; zehazki, 453,68an da Bizkaia, 477,88an Araba, 536,33an Gipuzkoa eta 560,59an Nafarroa.

Kolore aldaketak

Debagoieneko mapak koloreztatuta jarraitzen du, baina izan da aldaketarik. Tasen gorabeherak baino, aipagarriena Aretxabaleta (169,49) eremu gorrira itzuli eta Eskoriatza (121,86) eremu laranjara pasa izana da. Gainontzean, eremu berean jarraitzen dute Gatzagak (0,00), Elgetak (88,42), Antzuolak (137,68) eta Oñatik (148,24).

Egonkor

Hego Euskal Herriko erietxeetako egoerak apenas izan du aldaketarik. Behera egin dute ospitaleratuek iragan astelehenetik (-62), baina 225 eta 189 artean dabil geroztik; uneotan, 221 dira ingresatuta dauden herritarrak. ZIUetan, aldiz, 28 pertsona zeuden atzo, duela zazpi egun baino bost gutxiago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak