Aitor Ugarte: "Eskiko entrenamenduak baliatu ditut bertikalean"

Xabier Urtzelai 2022ko mar. 18a, 10:51

Aitor Ugarte, Cacereseko laserketan. Argazkia: EMF

Aitor Ugarte Korrikalaria eta eskiatzailea Espainiako kilometro bertikaleko txapelketa irabazi berri du gazte mailan, eta uztailean Andorran egingo duten Munduko Txapelketarako txartela eskuratu du. Aramaiokoarekin batera, taldeka, Ainara Uribarri eta Ainara Urrutia ere podiumeko lehen koskara igo dira selekzioarekin.

Aitor Ugartek (Aramaio, 2002) uztailean Andorran egingo duten Munduko Txapelketarako txartela eskuratu berri du. Joan den zapatuan, Ladrillarren (Caceres) egindako Espainiako txapelketan lehenengoa izan zen gazte mailako kilometro bertikalean. 40 minutuko saio leherkorrean, faborito guztiak utzi zituen atzean.

Zer moduzko lasterketa izan zen?

Bada, beste batzuetan baino gehiago izan zuen estrategiatik. Izan ere, normalean, kilometro bertikaleko lasterketak erlojuaren kontrako bakarkako probak izaten dira, eta zapatuan bosnaka irten ginen. Hala, faboritoen taldean sartu ninduten, eta horrek esan nahi du gure artean indarrak neurtzen joan ginela, garrantzitsua zen kontrarioa zertan zebilen ikustea. Hala, ibilbide nahiko apurtua zen, ez zen erritmo konstantea mantentzeko aproposa eta goialdean sekulako hotza egiten zuen. Hain zuzen, behetik gorako bidean bigarren joan nintzen, indarrak neurtzen, eta azken tartean ondo nindoala ikusita estutzea erabaki nuen eta lehenengo iritsi nintzen. Normalean, gora iristen naizenean gustuko izaten dut tarte batean lasai egotea, atseden hartzea. Baina zapatuan ez zegoen horretarako aukerarik, gora iristeaz batera zira jantzi eta behera egin genuen lasterka. Kilometro bertikalekoa baino gehiago, lineako proba zirudien.

Halako baldintza gogorrak zeuden goian?

Bai, bai, sentsazio termikoa oso baxua zen. Lasterkari batzuk 4x4 ibilgailuetan sartu zituzten, eta ospitalera ere eraman zuten bat, hipotermiak jota.

Munduko Txapelketarako txartela eskuratu duzu lehen postu horri esker...

Hori da; abuztu amaieran izango dut hitzordua, Andorran. Gainera, kilometro bertikalaz gain, skyrace modalitatean ere esku hartu ahal izango dut.

Bereziki prestatu duzun lasterketa izan da hau?

Bada, egia esan, ez. Lasterketa bereziki askorik prestatu barik azaldu nintzen irteera puntura. Duela bi urte ere gauza bera egin nuen, mendiko eskiko denboraldia prestatu nuen ondo, eta orduan egindako entrenamenduak baliagarriak izan ziren, gero, kilometro bertikalean lasterketa ona egiteko. Hori kilometro bertikalekin posible da egitea, baina, noski, ez lineako lasterketekin. Esaterako, Aloñako Igoera bat egiteko, Arrasate-Udalatx... Horiek prestatzeko korrikako saioak egin behar dira derrigor. Oraindik mendiko eskiko lasterketa pare bat egingo ditut selekzioarekin, eta gero hasiko naiz buru-belarri korrikako lasterketekin.

"Denboraldi emankorra izan da eskikoa, baina emaitzak ez dira oso onak izan"

Mendiko eskiko denboraldian zaude oraindik murgilduta. Zer moduzko negua izan da?

Mendiko eskia oso kirol jarduera teknikoa da, eta, alde horretatik, aurrerapauso politak egin ditut. Baina, emaitzei dagokienez, egia esan, ez dut nabarmentzekorik lortu. Duela hiru aste, erorikoa izan nuen Andorran eta orkatila mindu nuen, eta ondoren ez dut nire onena emateko tarterik izan. Sierra Nevadara eskiko selekzioarekin joan nintzen, baina bi probatan ezin izan nintzen irten, orkatila errekuperatu barik neukalako, eta bertikalean oso txarto ibili nintzen, ez nuen batere sentsazio onik izan, eta psikologikoki ere etsita hasi nuen lasterketa. Baina tira, alde positiboa ateratzen saiatu nintzen, eta neure buruari esan nion hiru egun egin nituela ia 3.000 metrora eta horrek mesede egingo zidala. Bada, ondoren astebetez atseden hartu nuen eta fisioterapeutarekin lan eginda Espainiako Txapelketara ondo iritsi nintzen.

Emakumezkoen selekzioa, taldeka irabazleak

Euskadiko emakumezkoen selekzioa onena izan zen Espainiako txapelketan, taldeka. Onditz Iturbek –probako irabazlea–, Ainara Urrutia aretxabaletarrak (7.a), Ainara Uribarri oñatiarrak (9.a) eta Maite Maiorak (15.a) osatu zuten selekzioko laukotea.

Ezkerretik hasita Onditz Iturbe, Maite Maiora, Ainara Uribarri eta Ainara Urrutia.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak